Ion Gambra Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendariak atzo azaldu zuenez, 1970-2020 Burgosko Prozesua. Frankismoari epaiketa erakusketaren arrazoia "Euskal Herriko oraintsuko historiari eta lurraldean izandako giza eskubideen urraketei buruzko memoria bultzatzea da. Azken hamarkadetan bizi izandakoari buruzko memoria ezinbesteko balioa da "kultura benetan demokratikoa" eraikitzekotan, "elkarrekiko errespetuan eta bizikidetza bake-tsuan" oinarrituta egongo dena eta "iraganeko akatsetan" erortzea eragotziko duena. Gambraren hitzetan, Burgosko Prozesuaren ondorioei buruz idatzi duten historialari eta ikertzaileen artean "izendatzaile komun bat" badago: "epaiketa horrek frankismoaren aurkako borrokan eta euskal auzian izan zuen garrantzia".

urgosko Prozesua, eta hark Euskadiren hurbileko historian izan duen ingurunea eta eragina ditu hizpide, ETAko kideen aurkako epaiketa gogoangarria gertatu zeneko 50. urteurrenean antolatu den erakusketak. Gipuzkoako Foru Aldundiak Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin batera antolatu du. Erakusketak garaiko 173 dokumentu eta testigantza grafiko plazaratuko ditu, eta azaroaren 20tik urtarrilaren 26ra bitartean ikusgai izango da UPV/EHUren Donostiako campuseko Carlos Santamaria eraikinean.

Kasuaren oihartzun mediatikoak "frankismoaren prozesu modukoan bilakatu zuen, eta euskal auzia ezagutarazi zion munduari", esan zuen Gambrak. Erakusketak, ildo horri jarraituz, epaiketa hura gertatu zen testuinguru historikoan sakondu nahi du; izan ere, abenduaren 3tik 9ra bitartean, 16 kide auzipetu baitzituzten, ustez Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko buru zen Meliton Manzanas torturatzaile beldurgarriaren heriotzan parte hartzeagatik.

Erakusketaren ataletako batek giza eskubideen ikuspegitik aztertuko ditu gertakariak. Gambraren esanetan, bi urte lehenago Jose Antonio Pardines guardia zibilaren heriotzarekin eta Manzanasen aurkako atentatuarekin gainditu zen "inflexio puntua" isla-tzen du "marra gorri" horrek, eta "diktadurak errepresioaren gogortze nabarmenarekin erantzun zion". Bere iritziz, "oso garrantzitsua da gazteenei, gure herrialdean gertatu denaren, terrorismoak izan dituen ondorio kaltegarrien eta gure gizartean izan diren motibazio politikoko indarkerien memoria kritikoa helarazteko gauza izatea. Horregatik da erabat zentzuzkoa erakusketa hau Ibaetako campusean kokatzea ".

Aldunditik adierazi denez, "euskal kulturaren, euskal nazio sentimenduaren eta langile mugimenduaren susperraldi garai hartan, historiara pasa den gerra kontseilu sumarisimoa egin zen Burgosko Prozesua izenarekin ". Aste haietan, "artean ezagutu ez zen" epaiketaren aurkako mobilizazio soziala piztu zen, bereziki epaiketaren lehen bi egunetan (abenduak 3 eta 4) eta epaiaren ostean (abenduak 28 eta 29), "indar polizialek gainezka egiteraino". Abenduaren 4an, Ministroen Kontseiluak salbuespen egoera ezarri zuen Gipuzkoan, hiru hilabeterako; salbuespen egoera ezarri eta astebetera, hilaren 12rako, 200 pertsona zeuden atxilotuta Gipuzkoan.

Abenduaren 28an zabaldu zen epaia, Fiskaltzak eskatutakoak baino zigor handiagoak ezarriz: bederatzi heriotza-zigor, guztira 519 urteko kartzela-zigorrak eta absoluzio bakarra. 28ko gauean bertan, bat-bateko manifestazioak izan ziren, eta 29an lanuzte aipagarriak, nagusiki Gipuzkoan eta Bizkaian. Aldi berean, diktadurak presio diplomatiko sendoa jasan zuen Australia, Suedia, Norvegia, Danimarka, Alemaniako Errepublika Federala, Italia, Frantzia, Belgika zein Vatikanotik bertatik, indultua eskatuz. Hala, heriotza-zigorrak hilaren 30ean indargabetu zituzten, gizartearen mobilizazioagatik eta nazioartetik jasotako elkartasunagatik. Erabaki horrek, erregimenaren indarra adierazi beharrean, gerra-kontseilu honekin larriki ukituta geratu zen agintaritzaren barne-krisia erakusten zuen.

Javi Buces Aranzadiko ikertzaileak azaldu duenez, erakusketak hiru atal izango ditu. Lehenengoan, Burgosko Prozesuaren testuinguru historikoa islatzen da. Bigarrenean, Frankismoak eragindako giza eskubideen urraketak eta errepresioa azalduko dituzte; eta hirugarrenean, berriz, epaiketan gertatutakoa kontatuko dute. "Gainera, nahiko ezezagunak diren gertaera batzuk azaldu nahi izan ditugu bereziki; izan ere, 1970ean Gipuzkoan heriotzak gertatu baitziren Burgosko Prozesuaren aurkako mobilizazioaren testuinguruan. Roberto Perez Jauregi, Antonio Goñi eta Imanol Andueza erregimeneko poliziaren eskuetan hil ziren", gogoratu du. Amaitzeko azpimarratu nahi izan zuen Bucesek, erakusketa honek "heriotza-zigorraren aurkako alegatua" izatea duela helburu.