Izagirrek "adosteko mahai bat" eskatu dio Aldundiari

Gipuzkoan Europako funtsekin egingo diren proiektuei buruz erabaki nahi du EH Bilduk

16.10.2020 | 01:27

donostia – Gipuzkoako EH Bilduk Foru Aldundiari eskatu dio berreraikuntzarako Europako funtsen proiektuei buruz "alde bakarreko proposamena bertan behera uzteko", eta baliabide horien erabilera "adosteko mahai bat" martxan jartzeko. Juan Karlos Izagirre koalizio abertzaleak Gipuzkoako Ba-tzar Nagusietan duen bozeramaileak egin zuen atzo eskaera, bere taldeko prokuradore Estitxu Elduaienekin batera eskainitako prentsaurrekoan, eta Foru Aldundia "gida-tzen" duen alderdia dela iritzita, bereziki EAJri zuzendu zion.

Biek kritikatu zuten Aldundiaren iragarpenaren arabera Europar Batasunaren berreraikuntzarako funtsak 1.020 milioi euroko inbertsioa bultzatuko duten 30 bat proiekturentzat lortzen saiatuko direla. Izagirrek EAJri eskatu zion proposamen hori "alde batera uzteko" eta "adostasunerako espazio bat" ezartzeko, "Gipuzkoan funts horiek nola eta zertara bideratu adostu ahal izateko". Bere iritzian, COVID-19aren ondorioei "adostasunez eta denon artean" aurre egin behar zaie, eta aukeratutako proiektuek lurraldearen "etorkizuna baldintzatuko dute". EAE mailan EH Bilduk egin duen proposamena da, Gipuzkoara ekarria.

Bere ustez, azterketa hori "sindikatuekin, enpresekin, alderdi politikoekin, unibertsitateekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean" egin beharko litzateke; "erabat premiazkoak" diren proiektuen inguruko "hausnarketa estrategikoa eta prozesu gardena" burutu, "ahalik eta adostasun zabalena" lortzeko.

Elduaienek aipatu zuenez, Foru Gobernuak proposatu duen zerrendako 31 proiektuen artean ez omen dago egitasmo berririk. Bere esanetan, "Aldundiak ez du ulertu Europak eta gizarteak gauzak beste era batera egin nahi dituztela".