DONOSTIA - Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Komunikazio graduko ikasleen proiektu berria den “DeustoKom News” aldizkari digitala argitaratu dute gaur, martxoak 28. Aldizkariaren helburua ikasleek Komunikazioari lotuta egindako lanak eta edukiak ezagutzera ematea da. Webgunean askotariko edukiak ikusi ahal izango dira: argitalpenak, multimedia edukiak, elkarrizketak, atzerrian ikasten ari diren ikasleen testigantzak, berriak, irakasleen ikerketako eta transferentziako ekitaldiak, jardunaldiak, ikasgeletara etortzen diren profesional adituen bisitak... Ikasleek ikasleentzat sortutako gunea da eta, aldi berean, ikasgelan eta ikasgelaz kanpo ikasitakoaren erakusleihoa.

2008an “Infocom” abiarazi zuen Komunikazio graduak, ikasketa horiek ezagutzera emateko. Eta gogoeta prozesu baten ondoren, ikasleen denbora, ahalegin eta ilusioari esker, proiektu berri bat aurkezten du orain.

Deustuko Unibertsitateko Komunikazio graduak askotariko inguruneetara egokitzeko eta hainbat euskarritan komunikatzeko gaitasuna izango duten komunikazioko profesionalak prestatzea du xede. Gradua Ikus-Entzunezko eta Multimedia Komunikaziorako Teknologiak titulu propioarekin batera edo Zuzenbideko graduarekin gradu bikoitz modura ere egin daiteke. Juan Pagola Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Komunikazio Saileko zuzendariaren iritziz, “gure gizarteetan benetako iraultza bizi dugu eta komunikazioa da aldaketa horren ardatz nagusia. Horregatik, errealitatea interpretatzeko, mezuak sortzeko, sareak sustatzeko, prozesuak kudeatzeko eta iritzi publikoarengana eraginkortasunez iristeko prestatuta egongo diren profesionalak behar dira”. Zalantzarik gabe, plataforma berri honek ikasleei aukera emango die ikasitako guztia praktikan jartzeko, komunikazio fenomenoa, bere osotasunean eta konplexutasunean, praktikara eramateko gai izango diren profesionalak bihurtu aurretik.