DONOSTIA - Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean izan da gaur, urriak 20, bi errektoreordek eta dekano batek kargua hartzeko ekitaldia: Xabier Riezu, Donostiako campuseko errektoreorde berria; Eduardo Ruiz Vieytez, Unibertsitate Estrategiako errektoreordea; eta Javier Arellano, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanoa. Arduradun berriek egoera berezian hartu dute kargua, pandemia bete-betean.

Donostiako campusak errektoreordea berritu du. Campus honek 1965ean ekin zion bere bideari, Mundaitzen. Urte batzuk lehenago, 1956an, Ategorrietan hasi zituen eskolak. EUTG (Gipuzkoako Ikasketa Unibertsitario eta Teknikoak) izena zuela, 1979an hasi zuen harremana Deustuko Unibertsitatearekin. Eta bat egitea 1989an buru zen. Harrezkero, campus hau Deustuko Unibertsitatearena da. Eta bertako arduradun nagusia Donostiako campuseko errektoreordea da. Gaur Xabier Riezuk hartu du ardura hori, José Antonio Rodríguez Ranzen ordez.

Errektoreorde izendatu ondorengo lehenengo hitzetan, Xabier Riezuk adierazi du ezinezkoa dela “nik Donostiako campus hau pertsonifikatzea. Are gehiago, inork ezin izango luke hori egin. Egiten dugun guztiari begiratuta (ikasleak hezi; ikertu; enpresekin, administrazio publikoarekin, gizarte mugimenduekin, Elizarekin eta abarrekin harremanetan egon...), konturatzen naiz inor ez dela hori guztia ordezkatzeko gai. Eta asmo hori izango banu, iruzurti hutsa izango nintzateke eta errektoreorde txarra. Gure campusa eta inguruan duen eragin guztia pertsona, talentu, elkarlan, sare askoren batura da, garen horretatik, mundua elkarrekin eraldatzen laguntzeko ahalegin partekatuaren emaitza. Gaurtik aurrera, nire lana (eta ikasi egin beharko dut) ez da beste edozein egiteko baino garrantzitsuagoa, ez da beste edozein lan baino “Deustukoagoa”. Etorkizuneko erronken aurrean, geure campusari bultzada bat emateko tinko lan egiteko konpromisoa hartzen dut.”

Harreman handiagoak eragileen artean

Unibertsitate osoak campus honetan duen potentziala askotariko garduen ezarpenean ageri da. Inoiz ez da hemen izan ikasturte honetan adina gradu. Gradu horietako batzuk ez dira campus honetako ohiko fakultateetakoak, beste batzuetakoak baino: Ingeniaritza, Zuzenbidea eta, azken urteetan indartsuago, Psikologia eta Hezkuntza. Hain zuzen ere, Fakultate hori bitan banatuko da aurten: Osasun Zientziak, batetik, eta Hezkuntza eta Kirola, bestetik. Campusen arteko erlazioa dagoeneko ez da bi konpartimentu estankoren arteko lotura ahul bat. Horren erakusle, campus honetako hainbat pertsonak unibertsitate osoari dagozkion ardurak dituzte. Bestalde, Deustuko Unibertsitateak Gipuzkoako lurraldean duen esku hartzea ez dator campus honetako pertsonen eskutik bakarrik, unibertsitate osoarekin lotuta dago.

Ildo horretatik, José María Guibert errektoreak uste du sortzaile izaten jarraitu behar dugula campusen eta lurraldeen arteko harremanetan, bai eta unibertsitate jesuiten sare lanean ere: UNIJESen, Kircher Networken (Europako sarea) eta IAJUn (munduko sarea). Eta adierazten du jarraitu behar dela pentsatzen nola parte hartu lurralde mailan eragin zuzenagoa duten proiektuetan, hezkuntzako, gizarte arloko eta pastoraltzako beste erakunde jesuita batzuekin batera. “Elkarrekin pentsatu beharra eta tokian tokikoaren eta globalaren arteko sinergiak aprobetxatu nahia ez da unibertsitatearen kontuan soilik”. Horregatik uste du agente moduan, gero eta harreman gehiago eta zabalagoak ditugula eta gero eta gehiago pentsatu behar dugula geurean esparru zabalagoa aintzat hartuta.

Testuinguru globalean geure identitateaz gogoeta egiteko inspirazio gisa, Errektoreak Manuel Larramendi ekarri du gogora, XVIII. mendeko jesuita gipuzkoarra, filologoa eta historialaria. Unibertsitateko irakaslea izan zen Salamancan eta Valladoliden, eta Ilustrazioaren garaian, euskal hizkuntzaren eta kulturaren sustatzailea izan zen, baita gure herri ereduaren eta ohituren inguruko pentsalaria ere. “Campusean altxatzen ari garen eraikinak -laster bukatuta ikustea espero dugu- “Larramendi eraikina” izena eramango du, haren omenez”, aurreratu du.