Gauza argia da txoznagunea aurten plaza Berrian kokatuko dela, Tolosako Udalak guneen arteko errotazio sistema martxan jarriko duelako Euskal Herri plazako bizilagunekin horrela hitzartuta, baina gaiak beste dimentsio bat hartu du.

Txozna Batzordeak Udalaren erasoa salatu zuen eta txoznagunea Euskal Herri plazan jartzeko “inposizioa” ez zuen begi onez ikusi hasiera batean, baina ondoren, eta “oztopoen gainetik”, euren proposamena plaza Berrian gauzatzeko modua izan dute. Hala ere, salatu dute indar politiko desberdinen aldetik (ezker abertzalea eta EAJ) eman diren jarrerak eta manifestazioa egingo dute ostegunean, 19.00etan, txoznatik hasita.

Hain zuzen ere, herriko zenbait eragile eta norbanakok plaza Berrian “festa euskaldun, feminista eta anitzaren aldeko apustua” egin zuten, Txozna Batzordetik desmarkatuz. Talde honek aditzera eman duen moduan, “proiektua ezin izan dugu gauzatu. Udal gobernuak jakingo du zergatik baztertu duen azkenean gure eredua, eta saritu duen parte hartzearekin eta zabaltasunarekin kasik antagonikoa den eredu bat. Udal gobernuak jakingo du zergatik saritu duen gatazka, zergatik egin dien men herriko giroa zapuztu duten haiei”.

Alkatea, haserre

Alde bateko eta besteko adierazpenen ondoren, alkatea haserre agertu zen asteazken honetan eta “Inauteriak bakean uzteko” eskatu zuen: “Herri honetan denak ezagutzen gara, badakigu nor den nor, eta ezker abertzalearen zurikeria salatu nahi dut, batzuk Inauterien aurretik jantzi dute mozorroa, eta afera honen oinarrian talka politiko bat dago, ez txoznen kokapena”. Argi utzi nahi izan zuen baimenak ematerako orduan udalak ez duela “ideologia politikoa” begiratzen, eta Txozna Batzordeko bi aldeen artean bitartekari lanak egin dituena bera izan dela eta modu pribatuan, eskatu zaion bezala: “Ezin dut onartu orain esatea gatazka saritu dugula, inor ez du aurrerapausorik eman eta hau bi talden arteko gerra da”.