Ekimen berritzaileak aurkezten ari dira Donostian egun hauetan. Besteak beste, paella eta patata-tortilla prestatzen dituzten robotak eta intsektuak elikadura-katean sartzeko ikerketak. Martxan daude eta atzo aurkeztu zituzten Donostiako Basque Culinary Centerren (BCC), gastronomiaren etorkizuna biziberritzeko irtenbideak bilatzen dituen Ekintzaileen Foroan. Foro honen bederatzigarren edizioko bi jardunaldietako lehena Joxe Mari Aizega BCCko zuzendariak zabaldu zuen, eta azken hamarkada honetan "ekiteko kezka duten pertsonen komunitatea sortzea" lortu dutela esan zuen.

"Eta ekintzaileei laguntzekotan, ekintzaile izan behar da", azpimarratu zuen Aizegak, Mondragon Unibertsitatearen ikerketa zentro horretako Culinary Action izeneko enpresen azeleragailuari erreferentzia eginez; izan ere, 2014az geroztik, 74 eki-ntzaileri lagundu baitie "kutsu berritzaile nabarmena edo industriako teknologia osagarriak" biltzen dituzten produktuak garatzen.

Enrique Lillo da horietako bat. Motorren eta robotikaren munduak liluratuta daukan ingeniari sutsu hau, lagun baten ezkontzak ekarri zuen gastronomiara kasualitatez. BRobots5 enpresa sortu zuen, eta hantxe asmatu ditu Horeca ekosistemarako (hotelak, jatetxeak eta kafetegiak) hamaika proiektu industrial.

Bere lagunaren ezkontzarako, garagardoa zerbitzatzeko robot bat sortu zuen, besteak beste, Bartzelonako Mugikorren azken Mundu Biltzarrean lanean jardun duena. Gero, paellak egiteko makina etorri zen, eta "azken eromena", patata-tortillak egiten dituena izan da, buelta ere izugarrizko zehaztasunez egiteko gauza dena.

Bi errezeta horien elaborazioak beti eztabaida sutsuak pizten ditu, eta bere ustez, paella omen da polemikoena. Hori kontuan izanik, eta "Valentziarrak ez haserretzeko", "gauzekin egindako arroza" deitzen dio Lillok.

Paella egiteko, lehenik eta behin osagaiak prestatu behar dira, gero makinak hartu eta behar den garaian nahas ditzan. Beraz, emaitza "ona ala eskasagoa izatea", 20 bat minutu irauten dituen prozesuan parte hartzen duen sukaldariaren araberakoa izango da, eta ia aldi berean lau paella egin omen daitezke.

Beste hainbeste tortillarekin. Robotak kuzinatu dezan, aldez aurretik prestatutako patata mise en placen utzi behar da, eta bospasei minututan prest egongo da. Nahi izanez gero, tipula eta bestelako osagai batzuk ere gehitu dakizkioke. Lilloren helburua ez omen da giza eskulana robotekin ordezkatzea; ostalaritzako profesionalei lana erraztu nahi omen die, zeregin "aspergarrienak" saihestuz, esate baterako plater bati bueltak ematea edota sua zaintzen egotea.

"Elkarlanerako tresna izatea nahi dugu, robotarekin batera lan egin ahal izango duena, jada beste hainbat makinarekin egiten den bezala", adierazi du Lillok. Merkaturatzeari buruz, berriz, oraingoz "zaila" dela onartu du, "ekipo garestiak" direlako.

"Merkatura iristea da helburua. Hotel-kate handietan instalatu nahiko genituzke, eta otordua pertsona bat prestatzen ariko balitz bezala kozinatzearen balio erantsia eskaintzea, exoeskeleto bat bailitzan ", adierazi du. Lillok sektorean antzematen den "langile kualifikatuen falta" nabarmendu du. "Datuek argi erakusten dute langile premia dagoela. Oso lan neketsuak dira, 10, 12 eta 14 orduko behar izaten dituztenak. Eta horietatik libratu nahi ditugu ", azpimarratu du.