Zer suposatzen du honek eta zein mesede egin diezaioke euskarazko hezkuntzari Iparraldean?

-Egia da gauza sinestezina gertatu dela. Jakin behar da asanblea nazionalean gehiengoa duen gobernua kontra egonez, lortu dela lege bat onartzea. Eta lortu da lehenik asanblea nazionalean lortuz, bigarrenik senatuan gehiengoa lortuz eta hirugarrenik, berriz ere asanblea nazionalean gehiengoa lortuz eta hori azpimarratzekoa da. Hori gutxitan gertatzen da, bai Frantzian eta baita beste estatu guztietan: oposizioak aurkezten duen lege proposamen bat onartua izatea eta gobernuko alderdi nagusiaren iritziaren kontra.

Eta ze ondorio ekar ditzake honek?

-Gu ere ez gara ohartzen horrek izan ditzakeen ondorioetaz. Lege horretan, batetik, legeztatzen da murgiltze eredua. Guk jadanik 52 urte daramagu praktikan jartzen, baina orain arte hitzarmen bat besterik ez genuen Hezkuntza Ministerioarekin eta euskararen erakunde publikoarekin. Orain hori, Hezkuntza legean agertzen da, murgiltze ereduarena, inmersioa deitzen dena. Guretzako urrats garrantzitsuena da, ez hainbeste ikastolak ukitzen dituena, baizik eta eskola publiko guztietan behartuak izanen direla euskarazko hezkuntza bat ematera, bai lehen hezkuntzan, zein bigarren hezkuntzan. Eta atzo bozkatu zen lege honek argiki dio haur guztiei eskaini behar dietela euskarazko irakaskuntza da. Beraz, hori sekulako iraultza da egun batetik bestera martxan jartzeko.

Zenbaitek ikasten dute euskaraz Ipar Euskal Herrian?

-Gaur egun, Ipar Euskal Herrian, hartuz Seaskak egiten duen murgiltze eredua eta eskola publiko eta pribatuetan egiten dena, ikasleen %40ek ikasten du edo B edo D eredua. Hori, haur hezkuntzan. Gero, lehen hezkuntzan % 30 inguruk eta bigarren hezkuntzan oso oso gutxi, kolegio mailan gutxi eta lizeo mailan oraindik gutxiago.

% 40 horrek esan nahi du zerbait halere.

-Bai, bai. Azken urteetan sekulako lorpenak egin ditugu, bai ikastola gehiago irekitzeko eta baita ere eskola publikoetan bereziki, eskola gehiagok eskein zezaten bai elebiduna eta bai murgiltze eredua. Joan den urrian bertan behar izan genuen manifestaldi bat antolatu, hiriburuko ikastola publikoan mugiltze eredua ez zutelako ireki nahi. Jakinez, murgiltze eredua orain arte esperimentazio bat izan dela eta haur hezkuntzan bakarrik eraman dela, hau da 3, 4 eta 5 urteko haurrekin. Gaur egun ez dago D eredurik publikoan sei urtetik gora.

Eta hori aldatuko da orain?

-Orain legeak dioena da, murgiltze eredua posible dela eta Hezkuntza Ministerioak esan beharko du nola interpretatzen duen lege hori eta ea gurasoek ere eskatzen duten D eredua garatzea publikoan. Eta gero, lizeo mailan ere (batxilergoa), edozein ikaslek eska lezake euskarazko eskaintza bat izatea. Gaur egun, uste dut ez dagoela lizeo bakar bat ere ez Ipar Euskal Herrian, Seaskako Etxepare lizeoaz aparte, benetako D ereduko eskaintza ematen duenik. Kolegioak (11-14 urte bitartean) bi dira, bi kolegio publiko dira Ipar Euskal Herri osoan. Eta eskaintza hori eman beharko lukete orain. Guraso batek ez badu nahi bere haurrak euskara izan dezan, eskubide guztia du ez ikasteko, baina legeak esaten du Hezkuntza Ministerioak proposatu behar diela ikasle guztiei.

Aukera mahai gainean jartzera beraz derrigortuta daude?

-Hori da. Orain ikusiko dugu. Kontuan izan behar dugu gobernuaren iritziaren kontra egin dela eta Hezkuntza ministroak mila ahalegin egin dituela lege hori ez zedin pasa, baina bere alderdikoak beraiek, alde bozkatu zuten. Orduan, potentzialki sekulako aldaketa da. Gero, frantsesak ezagutzen ditugu eta badakigu oso trebeak direla gero gauzak okertzen, baina geldi gaitezen atzokoarekin.

Aurrera pauso ikaragarria da hala ere. Ondare kulturala ere bada€

-Hezkuntza Ministeritzak berak konparatu ditu frantsez hutsez ikasten duten ikasleak, elebidunean ikasten dutenak eta murgiltzen ikasten dutenak. Beraiek egin dute ikerketa eta beraien ikerketaren arabera, agertzen da murgiltzean ari diren ikaslean, elebidun eta elebakarrean ari direnek baina emaitza hobeak dituztela, orohar, eta matematika eta frantsesean ere bai. Beraz, beraiek egindako ikerketa horrek ere frogatzen du haurrentzako gauza ona dela eleanitza izatea; elebiduna baldin bada hobe, eta gehiago badira, askoz hobe.

Inglesa eta besteak nola daramatzate Frantzian?

-Ez, hemen ez dituzte ematen. Eta hori da arazo kulturala duena frantziar estatuak. Orain arte eskoletan hizkuntza bakarra irakasten da lehen hezkuntzan: frantsesa, frantzesa eta frantzesa. Eta bigarren hezkuntzan jadanik inglesa eta espainola irakasten da eta beste toki batzuetan alemana ere bai. Egiten da zerbait sinbolikoa, batzuetan ordu bat astean, baina ezer eraginkorrik ez. Eta erabat monolinguea den estatu eta Hezkuntza Ministerio bati gureak bezalako proiektu batzuk aurkezten dizkiogunean, ama eskolan % 100 euskara egiten dutenean gure ikasleek eta frantsesez ez dutela egiten lehen hezkuntzara arte€ Azkenean, nik uste dut frantses herritarrak Europan bakarrak direla elebakarrak direnak eta sekulako arazoak dituzte gero komunikatzeko, bai inglesez, bai espainolez. Beraien ignorantzia nahi izan digute guri inposatu beti eta guk ez dugu onartzen. Eleanizdunak izatea nahi dugu ikasleak. Txikitatik euskaldun izanik, gure ikasleek gero frantsesa ikasten dute, eta gero espainola eta inglesa. Ikasle gehienak lau eledunak ditugu guk, selektibitatea gainditzen dutelarik.

Azkenean, hainbeste oztopo jartzen dizkizutenean, militantzia sortzen da zuenean, konpromezua.

-Gertatzen dena da, egoera zailean, hainbeste traba jarri dizkigu frantziar estatuak, azken finean gurasoak asko inplikatzen direla eta lortu behar ditugu baliabideak, bai irakasleak ordaintzeko, bai ikastolak eraikitzeko, bai ikastolen funtzionamendua ordaintzeko, ze azken finean gurasoak hezkuntzan inplikatzen diren; eta haurrak horretaz ohartzen dira eta ikusten dituztenean euren gurasoak bi astetik behin edo salmenta bat egiten ikastolaren alde edo erratza hartu esta ikastola garbitzen, hori baina hobeagorik ez dago ikusteko hezkuntza garrantzitsua dela. Uste dut hor demostratzen zaiela ikasleei zein garrantzitsua den hau guztia. Eta horrek ere eragina du eta horregatik lortzen ditugu oso emaitza onak; frantses eskolek baina emaitza hobeak lortzen ditugu eta selektibitatea egiterakoan beti %100etik gertu izaten gara, Frantziako beste edozein lizeok baina emaitza hobearekin.

Hau guztia martxan jartzeko orain baliabideak jarri behar. Noizko?

-Hori da. Baliabideak jartzeko buruko min batzuk izango dituzte, lege hau nola bete, baina borondatea dagoenean gauzak beti ateratzen dira.

Zer gelditzen da egiteko?

-Oraindik oso bide luzea dugu egiteko eta batez ere ikastoletan. Gaur egun ohartu behar dugu murgiltze eredua behingoz ofizialki onartu bada ere, azterketak pasatzeko garaian, frantsesez egin behar dituztela gure ikasleek eta hori ulertezina da, baina oraindik horrela da eta gure hurrengo bataila hori izango da, azterketak euskaraz lortzea. Eta gero, bestalde, murgiltze eredua onartzen baldin badute ere, momentuz, legeak debekatzen du inbertsio publikoak ikastoletan egitea eta hor izanen dugu oraindik beste borroka bat etorkizunean. Eta besteak beste, diru bilketak egin beharko ditugu, batez ere, aurten bezala, pandemia garaian, adibidez, Herri Urrats egiteko aukera handirik izan ez dugunean.

Zer etorkizun ikusten diozu gaurko egunean ikastolei Ipar Euskal Herrian?

-Kontraesana badirudi ere, azken urte honetan borroka handienak eman ditugu eskola publikoen defentsan, bertan haurrek inmersioa egiteko eskubidea izan dezaten. Baina ikusten duguna da, eskola publikoetan egiten badute, momentuz, haur hezkuntzan geldituko dela eta hori ez dela aski haurrak euskalduntzeko. Beraz, lehen eta bigarren hezkuntzan murgiltzea hedatu arte, jo eta ke jarraitu beharko dugu hemen, gure haurrak euskalduntzea nahi badugu, murgiltze eredua eskaintzen dugun bakarrak gu garelako. Guk jarraituko dugu lanean eta elkarlanean eta eskola publikoetako gurasoak laguntzen, frantziar estatuaren parean, azken finean Ipar Euskal Herriko haur guztiek izan dezaten aukera euskaraz ikateko. Horregatik, gure ondoko urte luze hauek oraindik borroka urteak izango dira eta parean dugun otsoa ikusita, ba izango dugu lan.

Iraultza hitza erabili duzu lehen, baina hori ez da bakarrik ematen.

-Bai, azken urte honetan ibili gara Parisen konferentziaz diputatuak deitzen. Egin dugu lan ikaragarria, eta hor Seaskako lehendakariak, Peio Jorajuriak, sekulako lana egin du ere beste eskualdeekin. Pentsa, joan den martxoan lortu genuen korsikan ireki zezaten murgiltze ereduko lehen eskola irekitzea. Eta hori ere elkarlanaren ondoren lortu dugu. Jakinik, estatu frantziarrean lehen murgiltze eredua ikastolak izan zirela, eta hortik sortu zirela ipar Katalunan, Bretañan, eta baita Alsazian eta Okzitanian ere bai. Eta orain gehitu da beste sare bat Korsikan ere bai.