- Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotza-tasaren kurbak ez du gorako norabiderik hartzen. Datuak oraindik behin-behinekoak badira ere, Eustaten azken txostenaren arabera, 2019an Euskadin izandako jaiotzen kopuruak %4,3 behera egin zuen. Kezkatzeko moduko errealitatea izanik, alarma-argi gorria Gipuzkoan nabarmentzen da gehien, hiru lurraldeetako daturik okerrenak baititu. Datuen larritasunaz jabetzeko, adibidez, iazko azken hiruhilekoan Bizkaiak %2,7ko hazkundea izan zuen 2018ko datuekin alderatuta, Gipuzkoak berriz, maldan behera jarraitu zuen,%11,9 jaitsiz. Txostenaren beste alderdi interesgarri batek erakusten duenez, ama atzerritarren batez besteko adina bertakoena baino ia bost urte gazteagoa da (30,9 urte, 34,5en aldean).

Iaz 15.400 haur jaio ziren guztira Euskadin. 2018an baino 690 gutxiago, beraz, %4,3ko jaitsiera. Gutxitze hori hiru lurraldeetan gertatu bazen ere, bereziki nabarmena izan zen Gipuzkoan %6,2koa izan baitzen, 337 jaiotza gutxiagorekin; Araban, aldiz, jaitsiera %4,4koa izan zen (119 jaiotza gutxiago) eta Bizkaian %2,9koa.

Bosgarren urtez jarraian, Euskadiko jaiotzen estatistikak saldo negatiboa izan du. Aurreko urtean baino haur gehiago jaio ziren azken ekitaldia 2014koa izan zen, aurreko urteko marka %1,4 hobetu zenean. Harrez gero, intentsitate handiagoarekin edo txikiagoarekin, kurbak behera egin du ekitaldi guztietan: -%2,7 (2015an); -%3,2 (2016an); -%6,4 (2017an); -%5,8 (2018an). Belaunaldien arteko txandakatzean urritze horrek zer suposatzen duen argiago ikusteko, horra datua: 2014tik 2019ra bitarteko sei urteetan 4.000 haur gutxiago jaio dira EAEn. (15.400, 19.378ren aurrean)

2019ko behin behineko datu hauetan ikusten denez, iazko laugarren hiruhilekoan 3.842 haur jaio ziren autonomia erkidegoan, 2018ko hiruhileko berean baino %3,8 gutxiago. Bizkaian %2,7 hazi zen jaiotza kopurua, 2018ko hiruhileko berarekin alderatuta, guztira 2.006 haur. Araban, berriz, 619 haur jaio ziren (%6,1 gutxiago), eta Gipuzkoan, 1.217 jaiotza berri izan ziren (%11,9 gutxiago).

Adinaren araberako jaiotzen banaketari dagokionez, 35 eta 39 urte bitarteko amen ehunekoa %35,2koa da, beraz, talde hori da nagusi hiruhileko honetan; ondoren, 30-34 urte bitarteko amen adin taldea etorriko litzateke, erditzeen %34,5 horietan gertatu baitziren.

25-29 urteko adineko amen ekarpena % 12,7koa izan zen, eta %11 suposatzen duten 40 urtetik gorako amek 25 urtetik beherakoak gainditu zituzten (hauek, erditzeen % 6,6 eskainiz).

Amatasunaren adina ere aldatu egiten da nazionalitatea kontuan hartuz gero: atzerriko amen batez besteko adina 30,9 urtekoa izan zen, eta espainiar nazionalitatea dutenena, berriz, 34,5 urtekoa.

Euskadin 2019ko laugarren hiruhilekoan ama izan ziren emakumeen %28,4 atzerritarrak izan ziren, 2018ko epe berean baino %26,6 gehiago.

Araban portzentaje hori handiagoa izan zen,%38,9koa, eta Gipuzkoan,%29koa; Bizkaian, berriz, nazionalitate espainiarra ez zuten amak %24,7 izan ziren.

Azken bitxikeria gisa, Eustaten txostenak dio jaiotzen diren haurren ia erdiak (%45) ezkontzatik kanpo jaiotzen direla.

Kezkatzeko moduko errealitatea izanik, alarma-argi gorria Gipuzkoan nabarmentzen da gehien, daturik okerrenak baititu