donostia - Piztu Donostia kolektiboak Urtarrilean eta otsailean "adierazpen askatasunaren alde" eta "mozal lege eta ordenantzaren" aurka mobilizatzera deitu du . Salatu dutenez, azken bi urteetan Donostiako Udalak "289 isun jarri ditu lan politiko eta sozialagatik"; beraz, "hiru egunetik behin ekintzaile edo gizarte eragile bat isunekin zigortu dute".

Ohar baten bidez adierazi du Piztu Donostiak Gipuzkoako hiriburuan "eragile sozialen aurkako errepresioa gogortu" egin dela azken bi urteotan. Azaldu dutenez, "2018an 130 isun eta 2019an 155 isun ezarri ziren", alegia, "urtebetean % 17ko igoera".

Beraien ustez, "Donostian oinarrizko eskubide demokratikoak murrizten ari dira". Horregatik, hiriko "ekintzaile sozialen" "elkartasun eta lankidetzaren" alde egin dute, "polizia desberdinek adierazpen, bilera edo mobilizazio askatasunak errespeta ditzaten".

Ildo horretan, Piztu Donostiak 'mozal hiria' kanpaina jarri du martxan otsailaren erdialdera arte, "egungo egoera tamalgarriaren berri emateko eta herritarrak aktibatzeko", eta baita ere"Donostian gure eskubide sozial, zibil eta politikoen bermea lortzea helburu duten hiru egitura martxan jartzeko: Isunen Protokoloa, Eskubideen Behatokia eta Erresistentzia Kutxa".

Horren harira eta urtarrilaren 30eko greba orokorrari begira, "Donostian isuna jaso duen pertsona edo agente orok nola jokatu behar duen zehaztuko du" protokolo horrek; isuna jaso duten pertsonei buruzko fitxa guztiak, berriz, "Eskubideen Behatokira bidaliko dira, han, isunaren ezaugarriak eta ondoren sortuko den egoera aztertuko direlarik".

Piztu Donostia mugimenduak bat egin du urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin, eta urtarrilaren 13tik 20ra bitarteko "adierazpen askatasunaren astean" mobilizatzera deitu ditu gizarte eragileak.

Urtarrilaren 25ean Pio XII.etik Udaltzaingoaren biribilgunera mobilizatzeko deia ere egin dute; otsailaren 1ean, Antiguako ertzain-etxearen aurrean; eta otsailaren 15ean berriz, udaletxetik Egiako Epaitegira.