Bizi-itxaropena 83,6 urtera igo da Euskadin zortzi urtetan
Munduko sailkapenean bi postu hobetu ditu EAEk 189 herrialderen artean
donostia - Euskal herritarren bizi-itxaropena 82,4tik 83,6ra igo da 2010 eta 2018 artean, 189 herrialdetan giza garapena ebaluatzen duen eta Euskadi planetako garatuenen parean jartzen duen ikerketa baten arabera. Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) atzo ezagutarazi zuen Nazio Batuen Garapenerako Programaren (PNUD) metodologia aplikatzen duen urteroko txosten hori. Ikerketaren arabera, Euskadi herrialdeen sailkapeneko 11. eta 12. postuen artean egongo li-tzateke, eta 2018an 0,92ko Giza Garapen Indizea (GGI) izango luke. Aurreko urtearekin alderatuta, Euskadik bi postu hobetu ditu munduko sailkapenean. Azterlanak 189 herrialdeetako bakoitzari GGI bat esleitzen dio (0tik 1era bitarteko eskalan), honako hauen arabera: jaiotzako bizi-itxaropena, eskola-adinean dauden haurren eskolara-tze tasa, helduen eskolatzearen batez bestekoa eta per capita errenta nazional gordina.
GGI horrek planetako garatuenen artean kokatzen du euskal gizartea, soilik Norvegia, Suitza, Irlanda, Alemania, Hong Kong, Australia, Islandia, Suedia, Singapur, Herbehereak eta Danimarkaren atzetik, Eustaten arabera. Espainia 25. postuan dago, 0,893ko Giza Garapen Indizearekin. Sailkapen hau Nigerrek itxi du, 0,377rekin.
2010-2018 aldian, GGIren aldagai guztiek hobera egin dute Euskadin; bizi-itxaropena 82,4tik 83,6ra igo baita laugarren postuan kokatuz, Hong Kongen (84,7) eta Japoniaren (84,5) atzetik eta Suitzaren (83,6) pare.
"Eskolaratze esperantza" adierazlea 18,1 urtetik 18,7 urtera igo da, eta Euskadi, hemen ere lehen postuetan kokatu da, zehazki bederatzigarrenean, Australiaren (22,1), Belgikaren (19,7), Finlandiaren (19,3), Islandiaren (19,2), Danimarkaren (19,1) eta Zeelanda Berriaren, Suediaren eta Irlandaren (18,8) atzetik.
Eskolatzearen batez besteko urteei dagokion datua aztertzerakoan, 10,2 urtetik 11,1 urtera pasatuz gora egin arren, 50 herrialdek gaindituko lukete; adierazle honen gailurrean Alemania (14,1 urte, batez beste), Estatu Batuak eta Suitza (13,4) daude.
Per capita errenta nazional gordina 43.207 dolarretik 47.633 dolarrera igo da 2010 eta 2018 artean, Norvegiaren 68.059 dolarretatik eta pertsona bakoitzeko diru-sarrera handienak dituen Qatarren 110.489 dolarretatik nahikoa urrun, baina Islandia (47.566) edo Alemania (46.946) herrialdeen aurretik.