Lazkaoko Maizpide barnetegi eta euskaltegiak 30 kandela jarri ditu aurten urtebetetze tartan. Urtero-urtero ehunka lagun ateratzen dira bertako ikasgeletatik euskara maila hobea eskuratuta eta euskal kulturaz jabetuta. Eskola honen ibilbidea ulertzeko, baina, atzera begira jartzea ezinbestekoa da, izan ere, Lazkao beti egon da hertsiki lotuta euskararen ikaskuntza eta irakaskuntzarekin.

1960ko hamarkadan fraile beneditarrak izan ziren helduak euskaraz alfabetatzeko ekimena abian jarri zutenak herrian. Orduan ez zen Maizpiderik, baina bertara inguratzen ziren euskara ikasteko gogoz zeudenak eta, era berean, barnetegi modukoa izaten zuten ikasleek, lazkaotarren borondatez haien etxeetan hartzen baitzuten ostatu.

Dionisio Amundarain izan zen Maizpideren sortzailea, baina horren aurretik alea jarri zuen bai euskara ikastaroetan eta baita Goierriko Euskal Eskolan ere. Haren esfortzu eta lanik gabe, ziurrenik, ez zen existituko egun ezagutzen den barnetegia eta urte hauetan jaso diren fruituak ere ez ziren horren oparoak izango. Argi mintzatzen da Amundarain, hasierako pausuak eta borrokatu beharreko guztiak ahaztu gabe.

Bera, esaterako, 1969an hasi zen hiru lagunei euskarako klaseak ematen beneditarretan. Lazkaora joaten zen jende kopuruari erantzuna emateko asmoarekin, berriz, 1975. urteko uztailean lehenengo aldiz udako euskal ikastaroa antolatu zuten, 22 ikaslerekin. Bi urte geroago, kopuruak gora egin zuen eta 580 ikasle izan zituzten. Ordutik, urteak pasa ahala, gero eta gehiago ziren eta 700 ikasle izatera ere iritsi dira. Aurten, 44. edizioa ospatuko dute. “Izugarrizko jende pila etortzen hasi zen; guztiei ostatu emateko beharrezkoa izan zen lazkaotarren prestutasuna eta, horrez gain, hainbat lo leku alokatu behar izan genituen”, oroitu du Amundarainek.

Maizpide ez zen goizetik gauera sortu, prozesu luze baten ondorioa izan zen. 1977an Goierriko Euskal Eskola sortu zuten, eskualde osoan alfabeta-tze-euskalduntzea koordinatuko zuen eskola. Bat egin behar izan zuten eskualdeko herriek eta Lazkaon kokatzea erabaki zuten. Bestalde, Antsotegi etxean, liburu-denda, taberna, bulegoa eta hainbat logela ere jarri zituzten eta ostatu hartzeko etxe moduan erabili zituzten Pax Etxea, San Benito eta San Pruden-tzio eskola.

Maizpi baserriaren izena

1986an, berriz, euskara ikastaroei jarraipena emateko baliabide gehiago eta azpiegitura hobea beharrezkoa zela ikusi zuten eta horregatik sortu zuten eraikin berria. Bi urte beranduago, apirilean, abian jarri zuten euskaltegi berria: Maizpi baserriak eman zion izena eskolari eta hala izendatu zuten Maizpide.

Urte haietan euskararen aldeko mugimendua hautsita zegoela agertu du Amundarainek: “Barnetegia sortzeko borroka handia egin behar izan genuen, Eusko Jaurlaritza ez zegoelako ziur ea horrelako barnetegi batek aurrera egingo zuen”. Barnetegia sortu eta bi urtera Jose Antonio Ardanzak, orduan Jaurlaritzako lehendakari zenak, zalantzati hala galdetu omen zion: “Barnetegia beteta al dago?”. Eta Amundarainek gogoz erantzun: “Bai, topera, beteta dago”.

“Orduan 124 ohe genituen barnetegian eta guztia beteta zegoen, jende asko eta asko etortzen zen. Jaurlari-tzatik, ordea, ez zuten pentsatzen halako arrakasta izango zuenik”, esan du sortzaileak. “Astean lau, sei, zor-tzi ordu ematen genituen euskara irakasten, baina ez geunden konforme, jendea ez zen iristen euskalduntzera. Hala ere, lehen helburua jendea alfabetatzea izan zen eta, ondoren, euskalduntzea”, gehitu du.

Horixe da Trini Imaz irakaslearen kasua. Amundarainekin batera hasi zen ofizioan, duela 30 urte inguru, baina berak ere lehenengo “alfabeta-tze” prozesua egin behar izan zuen. 1977. urtean Ordiziako Jakintza ikastolan aritzen zen ordubetez klaseak eman eta jasotzen, baina ama hil ostean albo batera utzi zuen bide hori. Lanik gabe zegoela berriz heldu zion sokari: “Lan asko egin zen Maizpide sortzeko eta ondoren ere bai. Oroitzen naiz Dionisiok, Maizpideko zuzendaria zenean, zer nolako lana hartzen zuen, esaterako, barnetegiko logela guztien errepasoa egiten. Egunero pertsonalki egiten zuen lana izaten zen”.

Urte horiek oparoak izan ziren Amundarainentzat: “Asebete gelditu nintzen Maizpiderekin. Hemen ikusten nuen irtenbidea eta bere lana egiten ari da barnetegi moduan: belaunaldiak ere aldatu dituela esango nuke. Fede osoa nuen proiektuarekin”. Euskaltegitik igarotzen direnak “eraldatu” egiten direla uste du: “Ez da euskara bakarrik ikasten, euskal kultura eta ohituren berri izaten dute. Hizkuntzaz eta kulturaz jabetzen dira hemendik pasatzen direnak”.

Ikasleak eraldatzen

Sara Villanuevari, behintzat, goitik behera aldatu zion bizitza Maizpidera joateak. Nafarra da izatez, Larraga herrikoa, baina duela urte batzuk Lazkaon bizi da. Aurrez beste euskaltegi batzuetan ere ibilia da: “Lesakan aritu nintzen. Euskara ikasteko modu azkarrena barnetegia da eta nik gauzak azkar egin nahi nituen, berehala ikasi, eta Maizpide hautatu nuen. Nire herrian aspalditik galdu zen euskara baina gurasoek betidanik transmititu didate euskararekiko maitasuna”.

1995. urtean iritsi zen Maizpidera: “Familiarekin hemen zegoen kabina baten bidez hitz egiten nuen, baina gure mundua oso intensoa zen, ekin-tza ugarirekin. Igerilekura joaten ginen, Gerriko txokoan ere beti zegoen zerbait, mus txapelketak antolatzen genituen? Herrian oso barneratuta egoten ginen”. Lazkaotar batekin elkartu ostean, “barnetegia etxean” duela kontatu du barrez.

Michael Ribeirak barnetegira sartu zen lehen eguna oraindik ere begi-ninietan josita du: “Hona etorri eta denak euskaraz entzuten nituen, niretzako berria zen guztia”. Hendaiarra da eta egun ikasketak burutzen ari da euskaltegian. “Txikitatik euskara eta frantsesa ikasi ditut baina hamaika urte ingururekin euskara albo batera utzi nuen. Beti damutu izan naiz erabaki horretaz”. Hala, iaz berriro heldu zien ikasketei eta Europako hizkuntza zaharrena ikasteko beka bat eskuratu zuen: “Euskara ikasteko eta irakasteko aukera izango dut”.

Lazkaon gustura dago eta “etxean bezala” sentitzen dela azaldu du: “Hasieran lotsa ematen zidan akatsak egiteak, baina konturatu naiz hemengo jendeari berdin zaiola, errespetatu egiten gaituzte eta laguntzeko prest daude. Hots, ez digute ziria sartzen akatsen bat egiten badugu”. Gainera, harro mintzo da bere azken lorpenaz: “Gu ere musean aritzen gara eta ni naiz txapelduna gaur egun”.

Ikasleak beti jabetu dira euskal kulturaz eta ohiturez eta horretarako hainbat txango ere egin izan dituzte. “Batzuetan mendira joaten gara, txangoak antolatzen ditugu ikasleak euskal ohiturak eta kulturaz jabe-tzeko”, kontatu du Trini Imazek. Ikasleek hori asko estimatzen dutela uste du eta indartu beharreko puntua dela.

Belaunaldi aldaketa

Guztiz bat dator ideia horrekin Laida Begiristain ataundarra. Aspalditik bizi da Lazkaon eta irailetik barnetegiko zuzendaria ere bada. Haren hitzetan, epe laburrean belaunaldi aldaketan izango dute desafiorik handiena, irakasle askok erretiroa hartuko baitute: “Ikusi behar dugu zein irakasle sartzen ditugun, nola erakarri dezakegun jende berria proiektu honetara”.

Amundarainek gomendatu dio “euskararekiko atxikimendua duen jendea” elkartzen saiatzeko, baina pertsonaren “jatortasuna” ez alboratzeko, “beharrezkoa baita”. Hala ere, Amundarainek uste du indartu beharreko beste puntu bat herritar eta ikasleen arteko harremana dela. “Iruditzen zait orain kontaktu gutxiago dagoela”, zehaztu du. Begiristain ere jabetu da eta hala azaldu du: “Lehengo eta oraingo harremanen inguruan badut kezka hori, Maizpidek Lazkaorekin duen lotura horrekin”. Herrian parte hartzea edo presentzia areagotu behar dela uste du eta zuzenean ikasleek eta herritarrek kontaktua izatea bultzatu behar dela.

Herritarren laguntzari eta lanari esker sortu zen euskararen habia honentzako “erakundeen babesa” eskatzen dute bost hizlariek, beharrezkoa delako “proiektu sendo bat” izatea. Bitartean, Maizpidek bere jardunari hegoak jartzen jarraituko du, euskara eta euskal kultura ikasle berrien laguntzaz lau haizetara zabaltzen.