Getaria - Getariako Salbatore jaiak gaurtik datorren asteartera ospatuko dira, eta urtero bezala, bost eguneko egitarau oparoa antolatu du Udalak. Gaurkoan, hasteko, Haur eta Gazteen eguna izango da eta jai giroa 12.00etan hasiko da haurrek udaletxeko balkoitik txupinazoa bota ondoren, eta Getariako buruhandiek eta Gazte Alaiak txistulariek jarraituko dute goiza girotzen.

Txosnagunean ere festa goizetik hasiko da, 11.00etan, paella lehiaketarekin eta txosnen irekierarekin (12.00). Ondoren, gazteek herri bazkariaz gozatzeko aukera izango dute Harritarten, eta jarraian, kuadrillen arteko jolasak izango dira Heriotzaren Karrotxarangak lagunduta. Gainera, haurrek ere frontoian eta plazan egongo diren parkearekin gozatu ahal izango dute 16.00etatik 20.00etara bitartean.

GaU IREKIA BALENCIAGAN Bestalde, Cristobal Balenciaga Museoan gau irekia izango da 21.00etatik 0.00etara. Bertan, momentuko erakusketa gauez bisitatzeko aukera izateaz gain, Descarga Libre laukotearen eta DJ Makalaren musika entzun ahal izango da. Egunarekin amaitzeko, zezensuzkoa (22.00), Zorba Arro-tzak, Pig & Kiss, Katuarrai eta Hor-tzaka taldeak txosnetan (22.30) eta Gauargiren erromeria plazan (23.00) izango dira.

Bihar eta igandean, berriz, Kuadrillen Eguna eta Salbatore Deunaren eguna ospatuko dira, hurrenez hurren. Biharko ekitaldi nagusiak kuadrillen arteko XXI. Marmitako Txapelketa, herri bazkaria (14.30), Soinuz Blai Getariako erromeria taldearen debuta (22.00), Revolutionary Brothersen kontzertua (22.30), ikurrinaren goratzea (0.00) eta Laiotzen berbena izango dira.

Igandeko egitaraua goiz hasiko da Getariako Musika Bandaren dianarekin (9.30), eta 11.00etako Meza Nagusiaren ostean, alkatearen ohorezko aurreskua izango da, 12.30ean udaletxe aurrean. Getariako Musika Bandak ere ohiko kontzertua eskainiko du 12.45ean Harritarten, eta arratsaldean ere askotariko ekintzak izango dira. Batetik, XX. Pilota txapelketako finalak lehiatuko dira (17.30); bestetik, haurrentzako Kantu Kolore berbena izango da (18.00); eta azkenik, Txaston Dixie Band izango da Katrapunan (19.00). Gauean, Ilargi Beltzaren dantzaldia (22.00), konpartsaren emanaldia (23.00), eta DJak txosnetan egongo dira.