azpeitia - Nazioarteko Internet Eguna dela aprobetxatuz, Puntueus Fundazioak Euskarazko Internet egunaren bigarren edizioa antolatu du hilaren 17rako Azpeitian, beti ere, “eguna ospatu eta euskararen presentzia Interneten sustatzeko” helburuekin.

Azpeitiko Kulturaz Kultur kooperatibarekin elkarlanean antolatutako jardunaldi hori festa giroan ospatuko da eta nahi duten herritar guztiek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Eguneko ekitaldi nagusia 19.00etan hasiko da Sanagustin kulturgunean eta bertara gerturatzen direnek zenbait ekimen berri ezagutu ahal izango dituzte.

Hasteko, Puntueus Fundazioak, CodeSyntax enpresak, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak “Interneten lehen hitza euskaraz nabigatzearen garrantziaz ohartarazi eta eragiteko” elkarlanean landu duten Interneten ere, lehen hitza euskaraz proiektua aurkeztuko dute.

Ekimenaren bultzatzaileek gogorarazi dutenez, “web gune batean sar-tzerakoan erakusten zaigun edukia gure nabigatzailearen hizkuntzaren araberakoa da”. Beraz, “nabigatzailea edo mugikorra euskaraz konfiguratuta badago, web gunea euskaraz agertuko da; bestela, berriz, erderaz”.

Euskaraz nabigatu ezean, “web guneak garatzen dituztenek ez dute euskara kontuan hartuko eta, beraz, ez dugu euskarazko edukirik izango. Are gehiago, mugikorren eta ordenagailuen sistemak ere ez dituzte euskaraz kaleratuko”.

Bestalde, fitxategiak partekatzeko euskaraz ekoiztutako zerbitzu berri bat ere aurkeztuko da hilaren 17an Azpeitian ospatuko den Euskarazko Internet egunean: “Wetransferren gisako zerbitzua da baina euskaraz”.

Edonola ere, jardunaldia festa giroan burutuko da eta horregatik musika eta umorea ez dira faltan izango Lorea Arakistain kazetariak gidatuko duen galan. Berarekin batera Miren Gaztañaga aktoreak parte hartuko du.

Euskarazko Internet eguneko ekitaldi nagusirako sarrera librea izango da baina antolatzaileek izena aurrez ematea eskertuko dute “batez ere, luntxa behar bezala prestatu ahal izateko”. Izena domeinuak.eus web gunearen bitartez eman daiteke.