donostia - Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren final laurdena jokatu zuen atzo arratsaldean Errenterian. Beñat Gaztelumendik irabazi zuen saioa eta horrenbestez zuzenean sailkatu da Tolosako finalaurrekorako. Iñaki Gurrutxagak eta Jon Martinek egin zuten bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Sailkapena horrela gelditu zen: Beñat Gaztelumendi Arandia (516 puntu); Iñaki Gurrutxaga Zubimendi (499,5); Jon Martin Etxebeste (485,5); Ane Labaka Mayoz (476) Iñigo Mantzizidor Larrañaga “Mantxi” (474,5); Amaia Iturriotz Etxaniz (454).
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak hurrengo asteburuan izango du segida, bi saiorekin. Larunbatean, Zestoako pilolekuan, Alaia Martin, Eneritz Artetxe, Jokin Uranga, Jon Maia, Manex Mujika eta Nahikari Gabilondo bertsolariekin. Igandean, berriz, Ormaiztegiko Zubipe pilotalekuan jokatuko da laugarren final laurdena. Bertan Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Felix Zubia, Iñaki Apalategi, Maider Arregi eta Unai Gaztelumendi ariko dira. Bi saioak 17:30ean hasiko dira . - N.G.