Tolosa - Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartea eta Tolosako hainbat eragile elkarlanean festa egun handia prestatzen ari dira irailaren 27rako, igandea. Elkartasunari aparteko garrantzia eman nahian, gizarte guztiari luzatu diete Alondegia plaza erdigune izango duen ekimenean parte hartzeko gonbidapena.
Txistulariak, dultzaineroak, dan-tzariak, musika banda, kalejira, batukada, puzgarriak, apar-festa, txokolatada eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunak, besteak beste. Eragile mordoa ari da buru-belarri lanean 10.00etan hasi eta 18.00etan amaituko den jaiaren nondik norakoak prestatzen.
Auzolana helburu Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartea orain hiru urte hasitako Elkartasun Elkartetik sortu da gogoeta estrategiko baten ondorioz, elkartasunez, elkarte eta norbanakoei laguntza eskaintzetik haratago joateko asmoarekin. “Herri bat du helburu, bizipozez arituko den herri bat, auzolanean eta sarean lan egiten irekia eta pertsona ororentzat berdintasunezko harremanak sustatzen lagunduko duen sarea, bizipoza zabaldu nahi duena gizarteko esparru guztietan”, azaldu dute antolatzaileek.
Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartea behar bereziak dituzten haurren eta hauen familien bizi-baldintzak hobetzeko lan egiten duten hainbat kolektiboei proiektu eta egitura egonkor batekin erantzuteko ahalegina da, euren behar afektibo eta materialei aurre egin eta euren errealitatea gizarteratzen lagunduko diena. Gaur egun, 27 elkartek osa-tzen dute Gizartegintza Elkartea.
Dagoeneko eman dute irailaren 27an Tolosan egingo den jaiaren inguruko berri. Bi gune izango ditu; batetik, Beotibar pilotalekuan kokatuko da zabalik izango den gunea, bertan, tailerrak eta puzgarriak izango dira. Bestea, jai eremu nagusia, oholtza egongo dena, Tolosako Alondegian izango da. Bizipozaren Jaiaren eremu nagusira sarrera bidez sartu ahal izango da, bertan izango dira oholtza nagusia, ikuskizunak, elkarteen guneak eta abar.
Sarrera. Sarrera 5 euro izango da eta egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izango da, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna barne. Urtero bezala, Irrien lagunak klubeko txarteldunek, Irria aldizkariko harpidedunak direnak alegia, doako sarrera izango dute. Piraten zapia. Aurten ere Bizipozaren Jaiaren sarrera gisa zapi pirata erabiliko dute. Zapia iaz bezala Iraileko aldizkariarekin batera bidaliko zaie harpidedunei. Urte osoan zehar proiektua babesten laguntzeagaitik eman nahi diete esker ona.