Elizondo, Larramendi, Urballo, Albako Harria, Belaun, Aldude, Berdaitz, Basabar, Burga, Maulitx, Atxarreta, Intzuri eta, azkenenik, Elizondo. Nafarroa Oinezen barrenean antolatutako Oinez eta Lasterka mendi martxako 27 kilometroko luzera eta 1661 metroko desnibela zuen ibilbide zirkularrari, eguzkia lagun ekin zioten ekimenean izena eman zuten 300 lasterkari eta 477 ibiltarik.
Goizeko 07:00etan abiatu ziren lehenengo mendigoizaleak, oinezkoak, eta bi ordu beranduago atera ziren 300 lasterkariak. Hamaikak aldean iritsi ziren lehenengo parte-hartzaileak Elizondoko plazara, bertan esperoan zegoen publikoaren txaloez babestuta. Ibilbidea oinez burutu duen lehenbiziko gizonezkoa Oskar Torres izan zen eta nesken artetik Kontxi Bikondoa gailendu zen, baztandarrak biak hala biak. Laisterka aritu zirenen artean, Jokin Lizeagak, Iban Letamendik eta Iker Carrerak bete zituzten podiumeko lehenengo hiru postuak, hurrenez hurren; eta emakumezkoen artean, lehendabizi Mónica Telletxea helmugaratu zen, Irene Guembe eta Rafaella Ciavola bigarren eta hirugarren postuan geldituz.
Kirolarien artean, Baigorri, Or-tzaize, Lesaka, Bera, Altsasu, Lodosa, Tafalla eta Baztan ikastoletako zenbait ordezkari binaka lasterka aritu ziren. Mendizaleak mendi gainetan zeuden bitartean, Elizondoko karriketan barrena haur lasterketak antolatu ziren. Ehun inguru haur eta gaztetxok adinka antolatutako lasterketatan parte hartu zuten. Ekimenaren antolatzaile izan den Nafarroa Oinez 2015eko maskota ere, Zangotxo, korrikalarien artean ikusi ahal izan zen.
Azken txanpa, nafarroa oinez ailegatu aintzinetik Atzo ospatutako Oinez eta Lasterka mendi martxa Baztan Ikastola antolatzen ari den 2015eko Nafarroa Oinezeko ekitaldi nagusien baitan biltzen da. Urriaren 18an Elizondon ospatuko den Nafarroako ikastolen besta handiaren eguna gero eta hurbilago dagoela, antolatzaileak muga horretara bideratzen ari dira prestaketa lan guztiak.