Hondar Ahoak telesailaren ostean, Nagore Aranburu Nerea Garcia inspektorearen larruazalean sartu da berriro, Koldo Almandozek zuzendutako thriller berrian: Zeru Ahoak. Lau ataleko telesaila Zinemaldiko Sail Ofizialean eman da gaur eta igandean iritsiko da ETB1 katera. Gero, Primeran plataforman ere ikusgai egongo da.
Zeru Ahoak, Hondar Ahoak telesailaren bigarren zatia eta Zinemaldian, Sail Ofizialean eman den lehen euskarazko telesaila.
–Guk egin genuenean ez genekien horrela izango zenik. Telesail baten abiapuntua izateko oso albiste pozgarria da. Telesaila egin genuenean beti lan egin izan dugu oso modu zinematografikoan, pantaila txikira edo plataformetara joango zela bagenekien arren. Zentzu horretan ilusio berezia eman dit pantaila handian ikusteko aukera izatea.
Ekoizpena ere zinematografikoa izan da?
–Bai. Emaitza ikusiko da ikusiko den tokian, baina lan egiteko modua pelikula bat egiten denean bezalaxe egin dugu. Telebistarako ekoizpenak, orokorrean, mota batekoak izan ohi dira eta guk zinemaren ildo horretatik bideratu dugu.
Hondar Ahoak egindakoan bazenuten bigarren zati posible bat egiteko ideia?
–Ez. Lehendabiziko hura egin genuenean ez genekien amaituko genuenik ere, egin genuen moduan egin genuelako. Nik ez dut denboraldiez hitz egiten, hura amaitu genuenean ez genekielako zer gertatuko zen harekin. Halere, bada egia nik ere izan nuela intuizio moduko bat, zeinak esaten zidan Nerea Garciaren pertsonaiak (Nagore Aranburu) gehiagorako ematen zuela. Hura amaitu eta berehala izan nuen, jarraitzekotan nola jarraituko zuenaren ideia.
‘Hondar Ahoak’ egin zen urtean, ETBk hiru euskal ekoizpenetan jarri zuen dirua. Oasi moduko bat izan zen hura. Bost urte hauetan eta bigarren zati honen estreinaldiarekin, egoera aldatu egin dela uste duzu?
–Ez dakit. Esango nuke gu guztioi baietz esatea gustatuko litzaigukeela, euskarazko fikzioa, nolabait, erregulartasun batera iritsiko dela inoiz. Orain ere, gurearen atzetik, badatoz beste telesail batzuk. Guztiok nahi dugu fikzio gehiago egotea euskaraz, ETBtik hasita sortzaile eta ikusleetaraino. Gero errealitateak beste pauta batzuk ditu. Gauza bat da zuri mundua nolakoa izatea gustatuko litzaizukeen eta, gero, mundua nolakoa den. Nik nahiko nuke euskarazko sorkuntzak, alor ezberdinetan, milaka entzule, ikusle eta irakurle izatea, baina errealitatea ez da hori. Eremu guztietan dago horren ardura.
Telesailaren bigarren zati honetan, istorio berri bat lantzen bada ere, ‘Hondar Ahoak’-en gertatutakoen oihartzunak entzun daitezke.
–Nolabait Nagoreren pertsonaiari iragan bat ematen laguntzen digu. Hondar Ahoak ikusi zuenak nolabaiteko lortura sentituko du horrekin eta, ikusi ez duenarentzat ez da berebizikoa informaziorik.
Zeru Ahoak-en unibertsoa zabaldu egin duzue, konplexuago bihurtu. Familia kontuetan sakondu egiten da, Ertzaintzaren atzean dagoen estoldez hitz egiten da…
–Objektibo eta autokritiko izanda, esango nuke Hondar Ahoak naif-agoa dela, egin zen moduarengatik. Gidoia oso azkar idatzi zen eta berau idazten zen bitartean produkzio eta aurre produkzio lanetan ari ginen. Oso gerrilla moduan egindako telesaila izan zen eta beste motatako xehetasunak sartzeko astirik, denborarik, tarterik edo talenturik ez genuen izan. Kasu honetan, denbora gehiago izan dugu idazketarako eta hobeto egiten saiatzeko aukera izan dugu. Gustatuko litzaidake pentsatzea, Zeru Ahoak-en anbiguotasun puntu handiagoak daudela, zalantzagarriagoa dela dena, beste konplexutasun maila batera iristen garela.
Harkaitz Canorekin idatzi duzu oraingoan gidoia.
–Gustura aritu gara. Denbora gehiago izan bagenu, hobeto, noski. Halere, neurria hartu diogu. Gidoi bat ezin da gehiegi sukaldatu. Momentu batetik aurrera konplikaziorako joera izaten dugu.
Lau ataleko telesaila da. Errazagoa da atal gutxitan istorio bat kontatzea, hamar ataletan baino?
–Istorioak eskatzen dizunaren araberakoa da hori. Gaur egun, hamar ataleko telesailak, edo oso onak dira edo joskera guztiak ikusten dizkiozu. Sei eta zortzi ataleko telesailak dira egun modan daudenak eta lau atalekoak, aldiz, anti-komertzialak dira. Plataformek ez dituzte nahi izaten. Behin fikzio bat egiten ari direnean, gehiago fidelizatu nahi dute ikuslea atal gehiagorekin. Zeru Ahoak-en kasuan luzera egokia duela iruditzen zait, bi ordu eta erdi pasatxo dira guztira. Neurri egokia iruditzen zait aurretik komentatu dudan planteamendu zinematografikoa hobeto lantzeko. Trama labirintikoak sortu behar izatea, jendea engantxatuta mantentzeko, ez dut gustuko. Nahiago ditut pertsonaietan zentratutako fikzioak. Horretarako eta elipsirako esker onekoagoa da lau atalen neurria.
Behin Zinemaldia bukatuta, Igandean EiTBn estreinatuko duzue.
–Irekian eta Primeran plataforman estreinatuko da eta, ostera, RTVE Play plataforman ere emango da.
Amaiera irekia duen telesaila da. Hirugarren zati bat buruan?
–Ideiak beti daude. Egin liteke, argi dago niretzat. Nerea Garciaren pertsonaia ireki xamarra da eta bere biografiako edozein momentutan berreskuratu liteke. Aukera badago, baina hau ez da koadro bat pintatzea edo gitarrarekin abesti bat sortzea, zoritxarrez. Beti gaude finantzaziora eta berau ematen duten erakundeen onespenera lotuta. Ideiak? Sekuela berri bat nondik nora joango litzatekeen pentsatuta daukat, baina ez nuke inondik inora iragarriko egongo denik ezer itxita eduki gabe. Ikus-entzunezkoaren sektorea errusiar mendi baten tankerakoa bihurtu da eta ez dago norberaren esku.
Zeintzuk izan dira telesailerako erabili dituzun erreferentziak. Esango nuke bat nabaria dela, David Lynch, bereziki Le Bukowski tabernan filmatutako eszena horretan.
–Bete betean jo duzu. Blue Velvet eta Isabela Roselliniren figura etortzen zitzaidan burura eta nahi nuen guk ere zerbait izatea, ez zena haren kopia izango baina unibertso lynchianoa, moduren batean edo bestean, islatuko zuena. Modu intuitibo batean, beti agertzen dira gauzak. Suspensea edo genero beltza interesatzen zait baldin eta egunerokotasunetik baldin badauka. Egunerokotasunak aparteko gauzekin topo egiten duten motako istorioak ditut gustuko. Thriller europarragoa egin nahi genuen, amerikanoagoa baino. Hein batean, europartasun horretan ere, gure zigilua jarri nahi izan diogu. Tramak baino, pertsonaiek, paisaiek eta egoera soziopolitikoek egiten dute istorio bat. Eta argi daukat Zeru Ahoak-en pertsonaien egoera soziopolitikoa hemengoa dela, hemengook kapa gehiago ulertuko ditugu kanpokoek baino, nahiz eta kanpora begira ere zentzurik baduen. Gure estetika hortik joan da. Batzuetan errealista xamarra izan daiteke, pertsonaiei dagokionean adibidez, baina gero badu oso generora bideratutako zerbait. Nagoreren pertsonaia etxean dagoela, kanpoko farmaziako argiak gortinan jotzean, Vertigoren antza hartu genion. Batzuetan erreferentziak ostean agertzen dira.
Nobela beltza irakurri ohi duzu?
–Azken aldian Alan Parks-ek idatzitako Harry McCoy-ren seriea interesatu zait. Protagonistak nahiko ilunak dira, batzuetan putakume hutsak eta, halere, irakurle bezala horiekin zaude. Horiek gehiago interesatzen zaizkit, moralki zintzoak eta gaiztoak ezberdintzen dituzten istorioak baino.
Literatura eta telesailen munduetan, genero beltzaz hitz egiten denean, Ipar Europako sortzaileak aipatu ohi dira.
–Irakurri izan ditut, bere garaian, adibidez, Henning Mankell-en nobelak. Eskandinaviarrek ondo bideratzen dute haien pertsonalitatea ikus-entzunezkoen bitartez. Ingelesei dagokienez, asko gustatzen zait nola harilkatzen dituzten egunerokotasuna eta trama. Generoak badu abantaila garbi bat, aukera ematen dizula gai ezberdinez hitz egiteko, pankarta baten beharrik gabe. Gaur egun, non ia-ia pelikula edo telesail guztiek kausa nabarmen bat izan behar duten, iradokitzeko lekurik gabe, generoaren aitzakian horrelako beste gauza batzuk txertatu ditzakezu.
Beste zerbaitetan lanean ari zara, film luze berriren batean, esate baterako?
–Bai, udazkenean filmatuko dugun pelikula baten aurre-produkzioarekin gabiltza. Pelikula txikia izango da. Donostia, Errenteria, Irun, Pasaia eta inguru horietan filmatuko dugu. Film kontenporaneoa izango da. Iruditzen zait euskaldunoi gure ideologia berresten diguten lanak ikustea gustatzen zaigula. Ez dut izenik emango baina behin eta berriro eta ia astero ari gara ikusten nola gustatzen zaigun ekitaldi masibo hauetan gure burua nolakoa den erakusten diguten espektakuluak eta kultur jarduerak. Horretan ez dut arazorik, baina askotan ahaztu egiten dugu garaikidetasuna. Niretzat ardura bat da etorkizunean gaur egungo pelikulak ikusten direnean, zer ikusiko den gaur egungo garaikidetasunaren inguruan. 27 horas, Eloy de la Iglesiaren filmak edo Ander eta Yul bezalako filmak ikusten badituzu gaur, ikusiko duzu nola zine hark garai hura islatzen zuen. Hori da niri gustatzen zaidan zinema eta hortik tirako dut.