Koldo Almandozek Zeru Ahoak telesail berria aurkeztu du Zinemaldiko Sail Nagusian. Hondar Ahoak estreinatu zuenetik bost urte pasa direnean, euskal ikus-entzunezkoaren sektorea izugarri aldatu da. "Burbuila" batean bizi garela uste du Almandozek eta pizgarri fiskalek lana ekarri dutela dio, bai, baina baita konpetentzia ere.

‘Zeru Ahoak’-ek ‘Hondar Ahoak’-ek baino aurrekontu handiagoa izan du?

–Apur bat handiagoa izan du, eta gehiagorako emango zigula uste nuen. Bost urte hauetan asko aldatu da errealitatea. Ikus-entzunezkoen burbuila batean bizi gara. Pizgarri fiskalen ondorioz Estatu espainiar osoa dago hemen filmatzen eta dena askoz ere garestiagoa da: alokairuak, soldatak, konpetentzia handiagoa dago… Ekoiztetxe handiak merkatua hartzen ari dira eta inflazio moduko bat ekarri dute, ondorioz, txikiagoentzat nekezagoa da proiektuak aurrera ateratzea. Ez dut modu negatiboan esaten, badakit errealitatea hau dela eta jende asko dagoela lanean eta gustura, gainera. Etxebizitzaren gaiarekin analogia zuzena egin genezake. Zentzu horretan, ikusi beharko genuke nortzuk diren pisu asko dituztenak, gutxiago dituztenak, pisuak ordaindu ditzaketenak eta ezin ordaindurik dabiltzanak.

Badirudi pizgarri fiskalek ekoizpenen arteko konpetentzia ekarri dutela.

–Errealitate bat da. Dirua finitua da eta pastelaren zati bat hartzeko, jende gehiago dabil lehian. Faktore gehiago ere badaude noski. Euskaraz lan egiten dugunok urteak daramazkigu hemen lanean eta etorkizunean ere hemen egingo dugu lan. Pizgarri fiskalak desagertzen direnean, ikusi beharko dugu hona etorri den industria horrek guztiak zer egingo duen. Bestetik, esan beharra dago baita ere, hemengo ikuspegia nahiko sinplista dela, bai sortzaileona, bai erakundeena. Iruditzen zaigu plataforma handi batentzako lan egitea arrakasta lortzea dela. Beraz, arrakasta neurtzen da, baldin eta plataforma batentzako lana lortu duzun edo euskarazko proiektu bat saldu ote diozun. Horrek ez luke izan behar neurtzeko modua, plataformak euskarazko edukiak erostera derrigortuta daudelako legez eta beraien estrategiaren barne egiten dutelako, ez interes berezia dutelako ez proiektuan, ez beste ezertan. Herri txikia gara, kontsumitzaile gutxi ditugu, euskaraz are gutxiago eta handinahikeria handiarekin jokatzen dugu: proiektu handiak nahi ditugu, gero eta handiagoak, zinema handia egin, loraldia…

Zinemaldian 38 euskal ekoizpen zenbatu dituzte aurten

–Zinemaldian bertan 38 euskal ekoizpen daudela?. Hori sinistu nahi duenak, sinetsi dezala, baina has dadila banan-banan horien atzean nor dauden aztertzen. Argazkia ateratzeko hainbat jenderi balio diola, ba oso ondo. Hori al da errealitatea? Pentsatu nahi dut ez dugula geuk ere sinisten.

Pizgarri fiskalen kontuak datuak makilatu egin ditu, agian.

Guztiz; errealitatea distortsionatu egin du. Baina hori ez da okerrena, okerrena da burbuila momentu batean gaudela. Batzuk kontziente gara, baina beste batzuk badirudi ez direla kontziente, oraingoa betirako iraungo duen errealitate bat izango dela uste dute.