Estereotipo bat izan daiteke Londresera bidaiatzea, klixe bat, edo baita “errekurtso bidaia” bezala ezagutzen duguna ere. Hau da, egun batzuk libre ditut eta planifikazio handirik suposatzen ez didan baina deskonektatzeko aukera ematen didan tokiren batera joan nahi dudanean, Londres aukera paregabea bihurtzen da. Badago jendea ezaugarri horietan Londres hiri aspergarri bezala ikusten duena, baina ez da horrela. Londres bizitzaz betetako hiria da, gauza pila ikusteko, kale amaigabeak paseatzeko, eta gainera, urtarrila, otsaila eta martxoa dira bisitatzeko hilabeterik ekonomikoenak.

Hango kale amaiezinak galtzeko paradisu bat dira. Onartu behar dugu gastronomia ez dela Erresuma Batuaren indargunea orokorrean, baina Londresko kultura-aniztasunak hainbat zaporetan galaraziko zaitu.

Zergatik Londres?

Londres hiri zirraragarria eta kulturaniztuna da. Kultur-aniztasunari dagokionez, mundu aberatsenetakoa da, ziur asko. Historia eta modernotasuna uztartzen dituen helmuga. Hiri modernoa, viktoriarra eta industriala aldi berean, gaur egun bere izaera bakoitzetik pixka bat gordetzen duena. 

Historia bere ikono handietan islatzen da, hala nola Big Ben, Londresko Dorrea edo Buckingham Jauregia, baina mundu garaikideak bere arteak irekitzen ditu Camden edo Tate Museum bezalako eremuei esker. Aste urbanoa, azokak, gaueko bizitza… 

Kultura British Museum-ean aurkitu ahalko dugu ere. Bertan dauden lanek beste leku batzuetan egon behar dutela zalantzan jar dezakegun arrean, errealitatea leku horretan daudela da, eta bai ala bai bisitatu behar da museo hori. National Gallery beste eraikin handi bat da, kanpotik zirrara eragiten duena, baita barrutik ere. Londres paradisu kulturala da, kontuan hartuta museo gehienak doakoak direla.

Hiri handiek zirrara eragiten dute, ete errezeloa sortzen dute bisitatzeko orduan, denbora gutxi badugu bereziki, baina Londresko garraio-sarea neurrigabea da, eta metroa, lehen egunean beldurra eragiten badu ere, erabilerraza da. Hala ere, ez galdu autobusak erabiltzeko aukera, hiria ikusi ahalko duzulako puntu batetik beste zoazen bitartean. 

Londresen ezaugarri nagusiak

Londres ibiltzen hasteko eta ez gelditzeko hiria da. Kale amaigabeak, zokoak leku guztietan, plazatxo txikiak eta parkeak bistara ezkutatuta daudenak… Baina oinez joanda haietara iritsi ahal izango zara. 

Londres. Andoni López

Metroak hiri osoa primeran lotzen duen arrean, paseatzea hiri honen plazer handienetako bat da. Tate Museum.etik hasita, arte garaikidearen museoa dena, St. Paul’s Cathedral-era iritsi ahal izango gara, hiri punturik altuenean dagoen eraikin zirraragarria (Londresko suhiltzaileek Bigarren Mundu Gerran babeste agindua jasotzeko arrazoietako bat izan zen hau). Izan ere, katedrala bera seinalatuz, suhiltzailea boluntarioen omenezko monumentua aurkituko dugu.

Katedral honetan Vill Biola bideo-artista garaikidearen bi lan ere aurkituko ditugu. Katedraleko lan honek arte garaikideko museoaren eta katedralaren beraren arteko lotura sinbolizatzen du, zubi bakar batek bereizten baititu.

Katedrala bisitatu ondoren, Trafalgar Plazara arte oso bide urbanoa egiteko aukera izango dugu. Zorte ona (edo antolaketa ona) baduzu, ilunabarra ikusi ahal izango duzu etorbide horretako eraikinen artean ezkutatuta, esan bezala, plazara jaisten hasiko gara, punturik altuenean baikaude. 

Plaza bisitatu ondoren, Nelsonen zutabea eta National Gallery ere ikusiko ditugu hor. Plaza hori Londresko manifestazioen topagunea da. 

Trafalgarretik gure bidea jarraitu ahal izango dugu Westminster Jauregiraino, non Big Ben bezalako ikonoak aurkituko ditugun, baita parlamentua ere. Pixka bat gehiago ibiltzen badugu, London Eye ikusi ahalko dugu.

Oraindik energia badugu, aurrera egin dezakegu Buckingham Jauregi izugarriraino, eta hango lorategiak bisitatu ahalko ditugu ere, antzarak eta urtxintxa ugari baitaude han.

Zonalde ezberdinak

Notting Hill auzoa bere xarma paregabeagatik eta Notting Hill film ikonikoaren eszenatoki izateagatik da ezaguna; auzo hau pintoresko estiloaren eredua da. Bere pastel koloreko etxeek, zuhaitzez jositako kaleek eta Portobello Road merkatuak lasai ibiltzeko leku aproposa bihurtzen dute. Gainera, merkatua ez da soilik antzinako gauzen zaleentzako paradisua, baizik eta altxor txiki eta bereziak aurkitzeko leku ezin hobea ere bada. Ez ahaztu filmeko ate urdin ospetsua bilatzea, zinema erromantikoaren zaleentzako erreferentzia puntua baita.

Brixton Londreseko auzo lasaia eta bizia da. Bere ondare afrokaribear aberatsagatik ezaguna, hemen kultura, musika eta zaporeen nahasketa liluragarria aurkituko duzu. Bere merkatuetan, Bixton Vilage kasu, esperientzia gastronomiko bat eskaintzen dute, “jerk chicken” jamaikarratik hasi eta proposamen begetariano modernoetaraino. Gainera, bere arima sortzailea bazter guztietan arnasten da, kalean artea aurkituko dugu, musika zuzenean eta aniztasuna ospatzen duen komunitate bat. Brixton, gainera, ohiko ibilbide turistikoetatik urrun dago.

Whitechapelen, hiriko etxe orratz modernoen eta Londres klasiko eta kulturanitzaren benetakotasuna elkartzen dira. Auzo hau kulturen elkarbizitzarengatik da ezaguna, bereziki etorkinen babesleku gisa izan duen historiari esker. Nahasketa hori bere merkatuetan islatzen da, hala nola, Whitechapel Market-en, eta bere arkitekturan, eraikin historikoak eta beirazko egitura modernoak uztartzen baititu. Gainera, historiaren zaleentzat (eta “true crime”-en zaleentzat) leku liluragarria da, bere kaleetan Jack Tripa-ateratzailea bezalako istorio mitikoak gertatu baitziren.

Whitechapel, bitxia bezain ezezaguna

Whitechapel auzo liluragarria da, nahiz eta historia iluna izan, hiriaren auzorik interesgarrienetako bat bihurtu da. Ez zaitez harritu hirian bizi den norbaitek auzoari tonu negatiboz eta ingelesez “zulo zikin” esan nahi duen izen batekin aipatzen badio. Hala ere, bisitatzea gomendatzen da.

Auzoa XIX. mendean egin zen ezagun, 1888an Jack Tripa-ateratzailea egindako hilketa ikaragarri eta ospetsuengatik. Serie-hiltzaile honek, oraindik misterioa den identitatearekin, auzoko prostitutak izutu zituen eta beldurra zabaldu zuen auzoko kaleetan. Garai hartan, Whitechapel hiriko auzo txiroa zen familia langileen etxe. Baldintza osasungaitzak eta beste kale ilunen argi eskasa krimen izugarri horien agertoki ezin hobea bihurtu zuten. Gaur egun, auzoan gaiari buruzko “tour” tematikoak eskaintzen dira, hilketekin lotutako leku garrantzitsua esploratzeko.

Londres. Andoni López

Whitechapelek ere asko sufritu zuen Bigarren Mundu Gerran. Londresko portuaren eta gune industrial garrantzitsuen ondoan kokatuta egoteagatik, “Blitz”-eko bonbardaketa bortitzen helburuetako bat izan zen, alemaniar “Luftwaffe”-k 1940 eta 1941 artea egindako erasoetan. Suntsiketa izugarria izan zen, eta populazioa, batez ere langile eta etorkinez osatuta, sufrimendu eta galera handiko garaiak biz izan zituen.

Hala ere, gertakari hauek Whitechapelen izaera moldatu zuten. Gerraren ondoren, auzoak berreraikitze eta eraldaketa garrantzitsua izan zuen. Nahiz eta eraikin historiko asko desagertu, auzoko kultura-nahasketa mantendu zen, Bangladeshek eta Pakistaneko komunitateak bereziki bizitza ematen jarraitu zutelako.

Egunez bai, gauez ere bai

Londresek ez du inoiz lorik egiten, eta egunez zein gauez esperientzia guztiz desberdinak eskaintzen ditu. Izan ere, eguneko momentu ezberdinetan leku berdinak bisitatzea bi hiri ezberdin esploratzea bezala izan daiteke.

Egun eguzkitsuak ez dira oso ohikoak Londresen, baina eguzkiak Big Ben argitzen duenean, Tamesisen duen isla irudi ahaztezina da. Ilunbarrean, hiriko erlojurik ikonikoena eraldatu egiten da argi artifizialaren pean, eta eszena magikoa eta xarma betea sortzen du.

Londresko gaueko giroak asko du eskaintzeko, eta Soho dugu horren adibiderik onenetakoa. LGBTQ+ komunitatearen bihotza izateagatik ezaguna den auzo honek energiaz eta aniztasunez dar-dar egiten du. Hemen aurkituko dituzu musikaz betetako tabernak eta diskotekak. Gustu guztietarako gastronomia eklektikoa eskaintzen duten jatetxeak ere badaude. Bertako kale argitsuetatik paseatzea ezinbesteko esperientzia da, batez ere, dibertsioz eta giro onez beteriko gaua bilatzen baduzu.

Laburbilduz, Londresek eskaintzen duen esperientzia bizi beharrekoa da, bere kulturen aniztasun guztiarekin, kale amaigabe horiez gain, benetan harrapatzen duena baita.