Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak, erakundeak etorkizunera begira emango dituen datuen menpe egongo direla azpimarratu zuen pasa den ostegunean, Europar Batasuneko Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan. irailara arte ez du euroguneko diru-politika eztabaidatzeko beste bilerarik izango.
Interes-tasak
Atzoko bileran, merkatuaren adostasunak aurreratu bezala, interes-tasak aldaketarik gabe mantentzea erabaki zuen EBZren Gobernu Kontseiluak ; gauzak horrela, birfinantzaketa-eragiketetarako er
referentzia-tasak % 4,25ean jarraituko du, gordailu-tasak % 3,75ean eta mailegu-erraztasunekoak % 4,50ean.
Erakundetik argi utzi nahi izan zuten, informazio berrienek, oro har, Kontseiluak epe ertainerako inflazio-aurreikuspenei buruz egindako aurreko balorazioa babestu egiten dutela; izan ere, azpiko inflazioaren adierazle batzuk, faktore iragankorren ondorioz, maiatzean igo baziren ere, gehienak egonkor mantendu dira eta, izatekotan, behera egin dute ekainean.
Espero bezala, soldaten hazkunde handiaren eragin inflazionista mozkinek xurgatu dutela azpimarratu zuten EBZetik. Nolanahi ere, erakundeak ohartarazi zuenez, “moneta-politikak finantzaketa-baldintza murriztaileei eutsiko die”.
Hedabideen aurrean egindako agerraldian, “datozen asteetan eta hilabeteetan agertuko diren datuen adierazle eta osagai guztiak, neurketa guztiak” tentu handiz aztertu beharko direla esan zuen Lagardek, erakundearen konfiantza berretsi eta indartzea ezinbestekoa delako inflazioa apaltzeko bidean ote dagoen eta bide onetik jarraitzen duen.
“Datuekiko menpekotasunari buruz aritu nintzen zehazki, eta Gobernu Kontseiluak aho batez babestu zuen irizpide hori; baina oso argi utzi nuen, halaber, datuen menpekotasun hori ez dela datu puntualen baitan egongo”, zehaztu zuen.
Hazkunde motelagoa
Azterketa ekonomikoari dagokionez, euroguneko jarduera bigarren hiruhilekoan hazi egin dela erakusten omen dute azken informazioek, baina 2024ko lehen hiru hilabeteetan baino erritmo motelagoan egin zuela gora; aldiz, langabezia-tasak minimo historikoetan jarraitzen du, nahiz eta enpresak pixkanaka enplegu-eskaintzak murrizten ari diren.
Horregatik ohartarazi nahi izan zuen, munduko ekonomiaren ahultasuna eta ekonomia nagusien arteko tentsio komertzialak gora egiteko arriskua duenez, hazkunde ekonomikoaren joera “beherantz doala”. Egoera horrek euro-eremuaren hazkundeari eragingo lioke, Ukrainako gerraz eta Ekialde Hurbileko eta Itsaso Gorriko egoeraz gain.
Aldi berean, inkesten azken adierazleen arabera, datorren urtean soldata-hazkundea moteldu egingo dela aipatu zuen EBZko presidenteak, onartu egin du, halaber, inflazioa uste baino handiagoa izan daitekeela soldatak edo irabaziak espero baino gehiago igoko balira. Gainera, tentsio geopolitikoen gorakadak inflazioari gora egiteko dakarkion arriskua ere azpimarratu zuen; jakina denez, tentsio horiek energiaren prezioen igoera ekar lezakete epe laburrean, munduko merkataritza asaldatuz.