Gomutak oroituz
BPSkoek: ¿Cómo se llama ese cabrón? ¿Quién es ese hijo de puta? ¿De dónde cojones es ese puto pequeño? ¿Qué acento tiene su vascuence? Nik: No lo sé. No tiene acento, no sabe vasco
Bixar naiz, Txiki. Irailaren 27 honetan 49 urte fusilatu zintuzten, Txiki. Mende erdia ia Jon Paredes Manot lagun eta burkidea erahil zintuztela. Urteak aurrera darraie, baina oroitzapenak beti oroitzapen. Nork daki Txiki lerro hauek zauden lekura nola hala iritsiko zaizkizun. Donostiako Gros auzoan ezagutu genuen elkar 1974 uztaila inguruan. Nik hogei urte, zure antza. Udara, nahiz eta berehala udazkenari ate lotsagabea eta leiho beldurtia irekitzeari ekin genion zalantzaz ez lotsaz. Plaza Cataluña. Eguerdia. San Ignazio elizaren sarreran dauden eskaileretan zinen eserita. Egun delako enparantza eraberrituta dago, beste itxura dauka, funtzionalagoa omen, bere azpiko auto aparkalekua oraingoan azpiragotu dute lekua handitzekotan. Eliza aurrean zinen Txiki, oso txiki, lerden, beltzaran, urduritxo, flanelako jakatxo gris antzekoa, agian berde ilunarekin nahastua. -Soy Txiki. -Yo Bixar. Hilabete asko ondoren jakin nuen nor zinen. Atxilotu nindutenean ez nekien nor eta nongoa zinen. Iruñeko Gobernu Zibileko ziega beldurgarritan BPSko poliziek ezin sinetsi nik ez jakitea nor arraio zinen.
Zazpi hilabete guztiz luze eta zabalak elkarrekin, eskuz esku, Gipuzkoan, Gasteizen, Nafarroan eta Iparraldeko Donibane Lohitzune Urdazuri auzoko Rue des Hormeaux-ko pisu polit eta estu hartan: Nire aita-amaren bisitak, anai-arrebarenak ere...hauek ere niri galdezka, “baina Joxe (horrela ezagutua izan bainaiz etxean beti), zure lagunak ez al daki euskaraz? nongoa da? izena? Erantzunik gabeko galdera sorta. Ohartu nintzenerako Iruñeko kartzela zaharrean nengoen. Kartzela jadanik ez dago. Aurreko Cataluña enparantza bezalaxe bereak egin zuen. Denboraren patu gupidagabea. Gogoan dut Iruñeko Estafetako kaleko tabernak non eta pintxoak gutizia osoz jaten genituen. Oraindik, batzuetan, urtean behin gutxienez, bakarrik edo emaztearekin, sartzen naiz horietakoetan eta mokaduren bat hartu. Bazterrak begiratzen ditut, agian mahai edo aulkiren bat ezagutzen dudala uste dut, baina posible al da hainbeste denbora pasata mahai bera eta aulkiak ere hor bertan egotea, “bertantxulo” eginaz historiari? Pelma bat bihurtzen zinen askotan, hitz, galdera, erantzun eta gogoeta bakoitza nola arraio esaten zen euskaraz jakin nahirik. Ulergarria zitzaidan. Sakanakoekin hitz egiteko orduan beti uzkur zinen, lotsaz onartzean ez zenituela ulertzen, ez zenekiela euskaraz...eta horregatik, zuretzat une larri hori ekidin nahian gaztelera erabiltzearen saioak egiten nituen. Zure bizkarrean esan nien ez zenekiela euskaraz eta arren gaztelerara jotzeko. Dena dela beraientzat ere arazotxoa zen gaztelera erabiltzea, erridikuluak iruditzen zitzaizkidan askotan.
Ausartegia sarritan, zeure txikitasuna ez zedin txikikeriarekin nahas, lotsagabekerian erortzen zinelakoan nago.Gogoan daukat behin poltsa bat ahaztu zenuela jatetxe batean, edo agian nik neuk ahaztu nuen, jadanik berdin da. Poltsa “Zutik”, “Hautsi” eta “Operación Ogro”liburuaz beteta zegoena. Zeu sartu zinen poltsa bila, baita eskutan atera ere. Aleren batzuk faltan bota genituen. Ezin ulertu euskaraz hitz bat ere ez jakitea. Saiatu nintzen, saiatu ere, “Eusko Gudariak” abestia zuri erakusten. Zertxobait nola hala ikasi zenuelakoan nago. Eta agian horrela abestu zenuen ahal zenuen modura fusilatua zinen bitartean zelai hartan zuhaitzari lotuta eskuz eta hankaz, tiroz tiro, banaka, poliki poliki asasinatua, balaz bala, arnas estuka, biziari heldu nahian, arnasari eutsi eta, beldurrari garaitu nahian, zure familia, aita eta ama, eta anai arrebak, eta lagunak, eta burkideak...eta agian ni neu ere gogoan izanik.
Elkarrekin igaro genuen, “zulo” handi hartan, 1974ko gabon gaua, han zegoen, egon ere, ondoren desagertutako adiskide mina Eduardo Moreno Bergaretxe, “Pertur” bera. Heriotzen dantza madarikatua. Esana dizut Iruñera askotan itzuli eta taberna haietan sartu naizela, baita ere Sakana, eta Nafarroako beste hainbat herrietako kale eta izkinak, Gasteiz eta Goiherrikoak askotan zeharkatu ditut, eta orduantxe gogoan izan zaitut...baina ez naiz inoiz itzuli, ezta itzuliko ere Rues des Hormeaux kalera. Arnasa faltatuko eta negar zotinka hasiko nintzelakoan nago. Eta ez dut neure burua eta bihotza horrela hautsi nahi. Urruti ikusten dut dena, amets bat izan balitz bezala, beste bizitza batean gertatuak izan balira elkarrekin igarotako elkarrizketak, pozak, irrikak, klandestinoki ezkutatzen gintuzten etxeetako lagun min eta guztiz ausartak, ametsak, haserreak, ihesak, paniko eta beldurrak ere...zeren beldur latzak ere igaro genituen alajaina! Zure Zarauzko hilobira sarri joan izan naiz, arrats ilunetan, bakarrik, mutu, mutur, hitzik ez, isil, arnasari eutsiz. Zure hilobi ondoko malko saio lotsatiak itsasoko kresalaren usainaz nahastutako haizeak lehortu izan dizkit askotan ezkutuzko isilean.
Sustraiak urruti zenituen. Zerk eragin zizun Extremadurako Villanueva de la Serenatik etorri den famili txiro eta langile batean jaio, aita gazte hildako famili bateko anai arreba ugari batean hasi eta hezia horrelako istorio klandestinotan murgiltzea? Zer zen zuretzat abertzaletasuna, aberria, Euskadi, askatasuna eta euskara adibidez? Entzunak zenituen Sabino Arana, José Antonio Agirre, Irujo, Eusko Gudarostea edota Jaurlaritza? Zerk eragin zizun? Haizearen mugagabetasunak? Agian arrotz zitzaizun mugarik gabeko haize boteretsu hori euskal lur sustrai bihurtzeak edota itsasoarekiko abegikortasunak? Nire ama zena Xixili, Añorga auzoan jaio zen, eta nire aita Inosenekin ezkondu arte auzo horretan bizi. Añorgako futbol zelaiaren aurrez aurre, errepidetik beste aldera zeuden etxe luze horietan bizitutakoa. Ama Xixili matrona, inguruko baserrietako haurrak mundura ekartzen laguntzen zuen. Emakume ona, gogorra, atsegina, zutik beti, behin bakarrik erortzen, hiltzeko zorian ere irribarre egiten duten eta semea kartzelan ikustean bere barne erraiak irauli egiten zaizkion horietakoa.
Semea, ni neu, kartzelatik amnistia delakoa eta, kaleratu zenean omenaldi bat egin nahian edo (beti pentsatu izan dut omenaldia amarentzat zela, auzoko erizain eta emakume maitekor harentzat) auzoko zineman. Xabier Amuriza bertsolariak egin zidan harrera eta bertso gartsuak bota ere. Han, Mikel zure anai zaharrena zegoen, eta ekitaldi amaieran ni zutitu, aurrera joan arazi eta zuk Bartzelonako kartzelan fusilatu bezperan tabernako serbilleta ximur batean nire eskainitakoa erabat hunkituta eta dardarka eman zidan: “Para Bixar. Horas antes de ser fusilado. Mañana cuando yo muera no me vengas a llorar, nunca estaré bajo tierra soy viento de libertad. Gora Euskadi Askatuta”. Letra dardaratia, txarra, ximurra, okertua, txikia oso, txindurri itxurakoa. Eutsi egitea erruz kostatu zitzaidan.
Txiki, Añorgako futbol zelaia bere horretan dago, berritua, errepidea aldatu dute, onerako. Amaren etxea jadanik ez dago, inguruko etxe guztiak bota dituzte, Iruñako kartzela lez, Cataluña enparantzako aparkalekua zaharraren antza. Donostiako Kontxako tamarindo asko, zahar eta hondatuenak aldatu dituzte eta birlandatu. Kresalaren usainak bere horretan jarraitzen du, hori ez da aldatu. Baina denbora ez da kresala. Ezin ahaztu, nola ahaztu, 49 urte tiroz tiro fusilatua zintuztela. Goizaren goiza, dantza madarikatua, madarikatuen dantza, madarikatuek antolatutako dantza odoltsua. Frankismoaren azken hatsek zure ahotsaren abestia mutu zuten, “Eusko gudariak gara Euskadi askatzeko gerturik daukagu odola bere aldez emateko”. Ezin amaitu. Abestiaren bigarren zatia bihotzean eraman zenuen eternitatea deritzan une misteriotsu horretara. Ziur azken arnasa ihes ondoren izarrei jarraitu zeniela abesten bigarren zatia “Irrintzi bat entzun da mendi tontorrean goazen gudari denok ikurrinaren atzean”. Nola jakin ilargiak entzun zuen zeure bihotzaren azken taupaden lekukoa abestiaren ondorengo “Gora Euskadi askatuta” oihua. Ni urruti, Irunako kartzelako zigor ziegetan gose greban, bezperan gauzatutako matxinadaren ondorioz. Garrasi lazgarri-krudela barroteetatik iheska belarriak zulatuz, zorigaiztoko mezu malapartatua: “Fusilatuak, hil dituzte”!! Harridura gainezka garunean. Bihotz-taupadak lehertzear. Nire arnas estuak Eusko gudaria abesteari ekin, baina ezin, arnasak abestia izoztu. Nire osotasunak negar. Mugarik gabeko haizeak. Sustrai sakonak. Begi bustiak lehortu behar. Egun handirarte Txiki. Bixar.