1- HISTORIAZ ZERTXOBAT: Euskal Herriaren hegoaldean Espainiak historikoki ondo jakin izan du Hezkuntzaren garrantziaz euskaldungoa baldintzatzeko. Ahal izan duenean saiatu da tresna horren jabe izaten. Eta horrela alfabetatze-eskola-tzearen lehenengo formalizazio eta sistematizazio ahalegina 1857ko Moyano Lege famatua izan zen. Estatu espainolak, frantziarrak eraiki zuen eskola eta hezkuntza sistema guztiz jakobino ereduari jarraiki, lege zentralista eta uniformatzailea sortu zuen. Estatu espainoleko hezkuntza administrazioa antola-tzeko eta finkatzeko izan zuen eraginkortasuna nabaria izan zen. Hainbat araudi eta aginduz udal eta foru aldundietan eskusartze zorrotza lortu zuen eta eskoletan, gobernu organoak, gaiak, gaztelania, ikuskaritza, kopuruak, irakasleriaren prestakuntza, maisu-maistren izendapena, eskolen kontrol ideologikoa, euskararekiko beligerantzia Estatuari zegokion.

Baina Euskal foruen galerak euskal gizartean erantzun irmoa sortu zuen euskararen eta euskal kulturaren defentsan. Aldeko erreakzio honek kimu desberdinak izan zituen, hala nola Iruñeko Asociación Euskara de Navarra, Gasteizko Revista de las Provincias Euskaras eta Donostian, Jose Manterolaren Kontsistorio de los juegos florales euskaros eta Euskal-Erria aldizkaria, Bilbon R. M. Azkue eta S. Arana, Euskal Esnalea, Euskaltzaleak, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza, zeinek 1918.ean Oñatin burutu zuena lehenengo Batzarra. Helburu tinkoa, non eskolak euskararekiko eta euskaldungoarekiko suposatzen zuena argi asko azalduz. Horra Landeta eta Elizalderen Auzo eta Nekazal eskolak elebitasunaren kontzepziotik abiatuta euskaraz ikasteko bideak errazten, maisu-maistra euskaldunak bilduz, eta ama hizkuntza babestuz. Ondoren Bilbo eta Donostiako Euskal Ikastetxeak, Euskal Eskolak eta Tolosako Ikastola: Miguel Muñoa, Elena Gamero, Elbira Zipitria ea. Euskal Herriko Ipar aldeak ere ezagutu zuen, eta du, Hezkuntzaren inguruan Estatutu frantziarrak beti izan duen, eta duen, jarrera guztiz zentralista. Parisek badu zoritxarrez euskararentzat, euskal kulturarentzat, Hezkuntzarentzat aurpegi zitala.

2- Gaur egun. Euskadin, Hezkuntza Legea jokoan. Hezkuntza sistemak Herri eta Nazio egitasmo gisa hezur mamitzen gaituela sinesten dutenetakoa naiz. Herri gisa ezagutarazteko gaituena. Hezkuntza da biharko Euskadiren argazki baikorraren tresna eraginkorra. Eta Eusko Jaurlaritzak, gobernu honek, gure gizartearentzat hain funtsezkoa den Hezkuntza Legea, 30 urte luzeren ondoren, eguneratzeko aurrerapauso guztiz garrantzi-tsua emateko ardura hartu zuen bere gain. Beharra zegoen eta horri erantzun nahian ausardi handia izan du Jokin Bildarratzek, eta bere talde osoak, zeren jakina zen ez zela gai erraza izango. Beharra eta ausardia. Beharra eta jarrera erabakigarria. Ardura eta kemena. Ziur naiz gure Legebiltzarrean guztiok saiatu egingo direla datorren legea ahalik eta aberatsenari argi berdea ematen, Ziur naiz guztiok jakitun direla agian une historiko baten ate sarreran gaudela. Ziur naiz, eta horrela, sineste osoa daukat guztiok arduraz eta seriotasunez arituko direla, eta alderdikeriak bazter batean geratuko direla nahiz eta hauteskundeen itzal luzea geure begi bistan izan epe motz eta erdira. Ideiak ideia, usteak uste, ideologiak ideologia, pentsaerak pentsaera begirune, errespetu eta era proaktiboan jorratuko direla ziur nahi dut, eta sinesten dut.

Nahiko denbora izango da, izango dugu, han eta hemen, hortik eta handik, hainbat ñabardura eta xehetasun ezberdinetan sartzeko, eta iritziak emateko, ikuspuntu desberdinak aurkezteko eta eztabaidak izateko, bai. Baina has gaitezen hasiera hasieratik, hau da, hainbat ideia edo lerro nagusienetatik.

Adibide gisa: oso garrantzitsua da, nire ustez, etorkizunari begira, esan ahal izatea Lege honekin Hezkuntza-sistema eraikitzen arituko dela 2050. urtera arte, soka luzea izango duela, ez dela gauerdiko euri zaparrada bat izango. Garrantzitsua era berean esan ahal izatea, baita ere, legearen arduradunek bere hastapenetatik, Hezkuntza-komunitatearekin batera lan egin dutela era, eredu eta foro ezberdinetan eta horrela, eta ondorioz, gure inguruan inoiz ikusi gabeko bermea izan duela eta duela: Legebiltzarraren % 90 baino gehiagoren berme sendoa hain zuzen. Testua ez baita Eusko Jaurlaritzaren testu hutsa, ez, lege-proiektu honek badu bere berezitasun esanguratsua, hau da, Gobernu Kontseiluak onartu baino bi urte lehenago ibilbide oparo eta luzea izan du.

Eta horrela, Hezkuntza-sistemako elkarte, kolektibo eta talde guztiekin lan eta dozenaka topaketa diskretuak egin izan dira. Baita alderdi politiko eta sindikatuekin ere. Egiari zor, adierazi behar ekarpenak egiteko benetako borondatea egon dela guztien partetik. Aipatutiko Euskadiko Legebiltzarraren erabaki horren ondoren, 100 aditu inguruk parte hartu zutela ponentzia bat burutuz. Eta lehen zirriborroaren kontsulta publikoa egin ondoren, ekarpen asko jaso zirela, banan-banan aztertuak izan zirenak hain zuzen. Eta hemendik aurrera, Lege-proiektua Legebiltzarrera eraman ondoren, orduantxe hasiko da legebiltzarkideen artean eztabaida. Talde politiko ezberdinek egokitzat jotzen dituzten aldaketak proposatzeko aukera izango dute. Garrantzitsua baita gogoratzea jakina den zerbait, hau da, Hezkuntza Legea onartu arte itxaron gabe, Hezkuntza Saila dagoeneko garatzen aritu dela apirilaren 7an adostutako 43 neurri zehatz.

Aurreko asteartean, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak, onartu du Legebiltzarrera bidaliko duen testua. Gobernu hau, gizartea bera ere, jakitun da kohesio soziala, berdintasuna, justizia, oreka eta aniztasuna lortzeko dagoen tresnarik egokienetakoa dela, eraginkorrenetakoa. Jakitun Hezkuntza Herri edo Nazio baten apustu estrategikoa dela. Eta ez dira hitz hutsak. Horrexegatik Lege honen garrantzia. Erdigunean bertan ikaslea bera izango duen Hezkuntza sistema sortu eta eraikiko duen Lege berria. Herritarren bizikide-tzaren, aurrerabidearen eta demokraziaren beraren oinarriak, zalantzarik gabe, adostuko dugun hezkuntza-sistemak osatzen ditu, eta osatuko ditu. Irrika kolektiboa. Askotan aldarrikatu dut: Hezkuntza ez da epe laburreko arma politikoa. Kontu serioa da. Garbi daukat: Kalitatezko hezkuntzaren alde egiten ez duen gizarte batek oso garesti ordainduko baitu marrazten ari den etorkizunean.

Argi dago edozein gairi buruz negoziatzeko eta eztabaidatzeko jarrerarik onena, akordioak, hobekuntza-akordioak eta aurrerapenak lortzeko borondatea izatea dela. Borondate eraikitzailea. Borondate ona. Hezkuntzan eta gure gizartean gertatzen ari diren aldaketek euskal hezkuntza-komunitatea osatzen dugun ikuspegi desberdinen hausnarketa eta egokitzapena eskatzen dute. Asmo komun bati erantzungo dion hezkuntzarako etorkizuneko Lege baten inguruan ahalik eta adostasun handiena lortzeko beharra da. Elkarrizketa, kritika eraikitzailea, konponbideak bilatzeko lankidetza, hausnarketa eta erantzukizun partekatua dira hobekuntzarako, hezkuntzari dagokion guztiaren aurrerapenerako eta hobekuntzarako oinarriak.

3- Eta gogoeta orokorragoa jarraian. Lana eta ausardia behar Hezkuntzak gaur egun dituen, eta etorkizun motzean izango dituen, ataka eta korapiloei aurre egiteko, hala nola zaurgarritasuna, segregazioa, euskararen ikaskuntza eta irakaskuntza, euskararen garrantzia ikur eta tresna erabilgarri bezala, eta bere transmisioa. Hortxe dago, hortxe dugu, zerrenda luze eta ez erraza: digitalizazioa, etorkinak, hiritar berriak eta euskararen erabilpena, sare sozialak, Internet, metodologia berriak, kultur aniztasuna, gizartearen kohesioa, hezkuntza formala eta ez formala, gazteak, euskarekiko atxikimendua, inklusibitatea, ekitatea, ikastetxean autonomia, udalen zelai joko berria eta abar oso luze bat.

4- Amaiera. Hezkuntzan eta gure gizartean gertatzen ari diren aldaketek hezkuntza-komunitatea osatzen dugun ikuspegi desberdinen hausnarketa eta egokitzapena eskatzen dute. Haize berrietara prest. Eta asmatu behar. Euskadi eskuartean dugu eta berezitasun guztien gainetik ziur Hezkuntzak batuko gaituela etorkizunerantz. Ez erraza. Zailtasunak, korapiloak. Onenak emateko garaiak. Ateak eta leihoak ireki, freskotasuna eta itxaropena eskaini etorkizunari. Baditugu, badaude, asmo eta ideiak Hezkuntzan aurrera egiteko. Auzolaneko eragileak behar bidelagun zubigintzan. Etorkizuna, Euskadi, eta euskal gizarte kohesionatuagoa esku arteko zeregina. Aurrera. Hezkuntza Legea jokoan. Lortuko dugulakoan nago. Hala bedi adiskide estimatua. Aurrera beraz. Bedi.

Irakasle ohia