Egun, 2023. urtean, Parisko Itunetik 72 urte, Erromakotik 66 eta Maastrichtekotik 30 EBn ditugun arazoak estatu desberdinen mugen haraindian daude. Eta mugen haraindian baita ere arazo horiei eman beharreko irtenbideak. Arazoek, diagnosi konpartituek eta irtenbideek halabeharrez mugaz gaindikoa den izaera dute jadanik. Gaur egun, globalizazioa ezagutzen dugun horrek prozesu aldakorretan murgiltzen gaitu, eta prozesu horietan ez da ezer mantentzen bere horretan. Pertenentzia sentimenduekin eta nortasunekin horrelako zerbait. Ezer ez zaigu arrotza egiten.

Horrek eragina du gugan. Europar sentitzearen kontzeptuak aldatuz doaz, nortasunak bezalaxe, gizarteen konplexutasuna areagotu egingo da, mestizajeak zabalduko aniztasuna, eta soziologoak esk0enatoki berri eta ezezagunen inguruan arituko zaizkigu hausnartzen. Nortasunen “ezkutaketak” inolako ezeztatzerik suposatzen ez duen bezala, etengabe aldatzen ari den Europa honetan, Europaren hazkundeak, tipula baten geruza kontzentrikoen metaketa gisako prozesu gisa, beste sentimendu batzuk gainjarriko dizkie nire egungo pertenentzia sentimenduei. “Han”, urrutian, gertatzen denak nigan tximeleta efektua edukiko du, eta globala denak ezeztatzen ez nauen bezala, eta tokikoa behar duen bezala, era berean, gaur “kanpoan” gertatuko denak baldintzatu egingo gaitu, eta, euskaldun garen heinean, sintesi historiko berrien ondorio zuzen den errealitate berrira egokitzera behartuko gaitu. Atzean geratzen ari dira estatu-nazioaren eremu eta muga zaharrak ekarri zituzten baldintzatzaile historiko eta ekonomikoak. Atzean Bidasoako mugan bi alde desberdinetara eraiki zituzten filosofia lokalista eta itxietan oinarritutako zilbor txikiak.

Atzean Bidasoaren alde bateko zein besteko euskaldunengan, elkarrekiko inkomunikazioan eta ezjakintasunean ezarritako nortasun eta pertenentzia sentimenduen distortsioa. “Bakoitzarena” zekenki zaintzeko xedez diferentziaren aldeko apustua egin zuenaren mentalitateak jadanik gainbehera etorritako testuinguru soziopolitiko bati erantzuten zion kasu orotan. Horra gainditu beharreko zailtasun objektibo eta historikoa. Historian zehar, garapen sozioekonomikoko etapa bakoitzak bizi-espazio jakin bat behar izan du, eta, horregatik, egun, diferentziak, tokikoa dena, nortasun intimoena, pertenentzia sentimendu besterenezinena naturaltasun osoz zaintzen dira irekitzearekin, bestea onartzearekin, bestearekin erlazionatzearekin, elkar trukatzearekin eta komunikazioarekin. Nortasunak, identitateak, hezkuntzak eta hizkuntzak, kulturak, pertenentzia sentimenduak, baita garraioak, mugikortasunak, ekonomiak, logistikak eta beste hainbestek erronka anitzak: txikia dena zaindu eta optimizatu, kanpoaldera irentsiak izatearen beldurrik gabe irten eta Europaren baitan bertan nor garen eta daukaguna esan. Arazoaren zati gara, irtenbidearena ere garela aldarrikatu behar, eta hemengoen eta hangoen artean, mugakide garen eta elkarrengandik hain gertu ez gaudenen artean, muga zaharren gainetik lankidetza solidarioarekin, gure adinekoek bizi, eta jasan, duten horrekiko guztiarekiko aldakorrak diren hainbat erreferentzia dituen etorkizun desberdina idatziz.

Politikan, Euskadin ere, helburuak ezartzea garrantzitsua da, garrantzitsuagoa bidean asmatzea. Sentimendu desberdinak elkarrekin biziko diren Euskadi nahi dut, guztion artean eraikitako herri proiektu bat, partekatua. Desio dut herritarren borondatea bizikidetzaren oinarria izatea eta akordio zabalak baliagarriak gertatzea erronkei aurre egiteko. Egunero lantzen eta irabazten den etorkizuneko proiektu batean sinesten dut, denok gara goiz ireki eta zabal horren ezinbesteko parte eta. Elkarrekiko harremanaren eta interdependentziaren apustu irekian sinesten dut. Merezi baitu saiakerak. Zeren fedea ez baita ikustea ez duguna sinesten, amestutakoa egi bihurtzea baizik. Sinesten dut politikaren helburua pertsona dela, haren duintasuna eta ongizatea. Uste dut bizikidetza normalizatua behar duen gizartea dela gurea, etorkizun politiko partekatua bermatuko duen eszenatoki baten eraikuntza kudeatzekoa. Eta horretarako funtsezkoa iraganaren irakurketa kritikoa egitea egindako akatsetatik ikasi egin behar baitugu. Ezin beraz jarraitu samina arrastaka eramaten. Erabilitako indarkeria politikoa irakurketa epiko batetik erabat biluztu behar dela aldarrikatzen dut, ez gaitezen tranpa eginaz iruzur tristagarri horretan murgildu. Ez gaitezen gatazka baten eufemismoak eragindako mina justifikatzen duen kontakizun justifikagarri bati heldu. Kaltetako gezurra historikoa baita.

Berretsi indarkeriak mina besterik ez dakarrela. Ez duela ezer positiborik eraikitzeko balio. Errespetua eskatu behar zaiela euskaldun izan nahi duten euskaldunei eta baita espainiar izan nahi dutenei. Joko politikoaren arau demokratikoetan sinesten dut, halaber euskaldunok dugun erabakitzeko eskubidean. Esku luzatuen alde egiten dut. Ez dut nahasten negoziatzea ahultasunarekin, uste dut negoziatzea bizkorra izatea dela eta osasungarria, ez traizioa. Ez zaizkit gustatzen inora ez daramaten bideak. Ez naiz fidatzen marra gorriekin ezta lokarri sanitarioekin ere, intoleranteei eta sektarioei jarri beharrekoak izan ezik. Ilusioa pizten dit Euskadik, euskal nazioak, auzolanean eraikia, kohesionatua, solidarioa, justua eta inklusiboa. Espero dut egunen batean onartuko dela naturaltasun osoz abertzaletasunak euskal gizartearen maila zabaleko borondate legitimo eta demokratikoari erantzuten diola. Guztiak legitimoak diren identitate-pertzepzio desberdinak normaltasunean elkarrekin biziko diren eguna ikustea edota sumatzea espero dut. Elkarri jaurtitzeko armak izango ez diren identitate partekatuak zein egunetan aitortuko diren amesten dut. Erreformatu beharrekoa eraberrituko da eta gehiengoaren hitza eta borondatea errespetatuko. Han eta hemen negoziatu eta adostuko dugu.

Euskadin ez dugu ezer inposatuko. Ezer ez digute eragotziko Madrilen. Pragmatikotasuna landuko dugu. Ez ditugu printzipioak koiunturarekin nahastuko, mendi ertzetik tontorrerantz doan idi-pausoen gisa, aurrera eginez, eraikiz eta hobetuz. Maximoa onaren etsaia izatea saihestuko dugu, onena ahal denaren etsai izatea bezalaxe. Atxikimendu askearen eta gehiengo zabalaren beti alde. Konfiantza dut Euskadin, bertako emakume eta gizonengan, gure nortasunean; oraina eta etorkizuna marrazteko eskubidean sinesten dut. Integratzeko eta negoziatzeko dugun gaitasun zuhur eta ausartean sinesten dut, urrats seguru eta begirada luzean. Iragana idatzita dago, deskribatu dezakegu, ez aldatu. Etorkizuna da oparirik onena hurrengo belaunaldientzat. Hazi asko ez dira inoiz ernetzen, baina bada fruitu bat inoiz ernetzen ez dena, landatzeko adorerik izan ez dena. Euskadi gehiegi maite dut, bata bestearen aurrean eraikitzen uzteko. Ez, ez dut lubaki politikoen erosotasunean sinesten, bai ideia demokratiko guztien zilegitasunean. Estatutua betetzearen eta 7ren autogobernua sakontzearen alde nago, aldebikotasunaren eta eskumenen blindatzearen alde. Zubi politiko eta aldamio posibilista eta pragmatikoetan sinesten dut, kontzertu politikoa galdatu. Landa eta ernetzen diren hazietan.

Pertsonengan bezala, herrietan ere, bizitzak kopeta belzten digunean, eta patua zital jartzen zaigunean, edozeri heltzen diogu ataka gaiztotik ihes egiteko. Borondatea beharko dugu, zintzotasuna, fedea eta konfiantza, erantzukizuna, historiaren sena eta gure seme-alabentzat etorkizun hobea uzteko borondate irmoa. Mugitu egin behar dugu, sortu, bilatu, asmatu, pentsatu eta trazatu. Oztoporik handienak geldotasuna, inertzia, beldurra, mesfidantza eta zurruntasuna. Bide eta bilakaera luzea eta neketsua izango da, aurrerapen eta atzerapenekin, itxaropen eta artegatasun garaiak, baina beste behin esan nuen bezala: gauza bakarra baita aldaezina, aldaketa bera. Hona ba gizarte konplexu bat osatzen dugun euskaldun bezala lortu beharrekoa: iraupena eta hazkuntza ziurtatu eta bermatzeko behar adinako tokia bai etxe barruan, baita ere mugaz gaindi. Gaur jadanik diseinatzen ari da etorkizun berri bat, hain zuzen nortasunak eta pertenentzia sentimenduak, beti izan den bezala, mugikortasunaren, espazio pertzepzio berriaren eta ekonomia globalizatuaren bilakaeraren eskutik aldatzen joango diren etorkizuna. Erronkak estutu egiten gaitu, letorkigukeena ez baita erraza izango eta formula ez sinplistak beharko ditu.

Herri bezala, euskal kolektibo gisa saiatzeko garaia apelaezina dugu. Nago lortuko dugula. Kuraia bidelagun. Borondatea. Indarra. Bedi ba.