Ordena eta garbiketa egunerokotasunean txertatzea
Etxeko ordenaren eta garbitasunaren zama mentala oso astuna izan daiteke. Horregatik, garrantzitsua da errutinan ahalik eta modu naturalenean integratzea
Eguneroko erritmo bizian, etxea txukun eta garbi mantentzea betidanik errutinako zeregin bat izan da, baina askotan ezinezkoa egiten zaigu horri heltzea. Lana, joan-etorriak, kirola egiteko saiakera, harreman sozialak eta atseden hartzeko beharra tartekatzen dira egutegi berean, eta tarte horretan, etxeko lanek lekua aurkitu behar dute.
Etxea ordenatuta edukitzea ez da soilik kontu praktikoa: gero eta gehiago, nolabaiteko betebehar moral gisa ulertzen da. Egunaren amaieran denbora edo energia falta denean, errua norberarena dela sentitzeko joera dago. Baina sentsazio horren atzean ez dago nahitaez antolaketa falta, baizik eta gehiegizko eskaera.
Etxeko ordenak eta garbitasunak bizitza modernoaren erritmoarekin talka egiten dute askotan. Dena momentu berean egin behar dela dirudi, eta gainera, ondo egin behar dela, neke handirik gabe. Errealitatea, ordea, bestelakoa da. Askotan ez gara iristen, eta hori ez da porrota, baizik eta egunerokotasunaren erritmoaren isla.
Etxe perfektuaren presioa
Azken urteetan, etxeko ordena eta garbitasuna ez dira soilik behar praktiko bat izan: irudi sozial bihurtu dira. Sare sozialetan gero eta ohikoagoak dira etxe perfektuen irudiak (argitsuak, txukunak, objektu gutxirekin eta beti kontrolpena diruditenak) eta irudi horiek errealitatearen neurri gisa erabiltzen dira askotan.
Fenomeno horrek eragina du pertzepzio kolektiboan. Espainiar estatuko inkesta soziologikoen arabera, herritarren zati handi batek estresa edo antsietatea sentitzen du etxeko lanetara iristen ez delako, eta sentimendu hori handiagoa da lanaldi osoa duten pertsonen artean. Gainera, inkesta ezberdinek erakusten dute sare sozialetan etengabe “etxe idealen” edukiak kontumitzeak gure buruari eskatzen diogunaren exijentzia maila handitzen duela, batez ere emakumeen kasuan.
Etxe ordenatua izatea arrakastarekin, kontrolarekin eta bizitza “ondo eramatearekin” lortzen da. Kontrara, desordena arduragabekeriarekin edo utxikeriarekin identifikatzeko joera dago, nahiz eta askotan testuingurua bera ezkutuan geratzen den, besteak beste, denbora falta, nekea, lan-egoera… Presio horrek ondorio emozionalak ditu: erru sentimendua, frustrazioa eta porrotaren pertzepzioa. Etxea atseden-lekua izan beharrean, epai-espazio bihurtzen da.
Ordena ez da garbitasuna
Askotan, etxea txukun mantentzeko zailtasunak “garbitzeko astirik ez izatearekin” lotzen da. Baina arazoa sakonagoa da. Izan ere, ordena, garbiketa eta eguneroko mantenua ez dira gauza bera, eta hirurak nahasteak frustrazioa areagotzen du.
Ordenak objektuen kokapena eta antolaketa du ardatz. Garbiketak, berriz, zikinkeria kentzea. Azkenik, mantenuak eguneroko keinu txikiak hartzen ditu barne: jasotzea, sailkatzea, pentsatzea zer egin behar den. Azken hori, gehienetan, ikusezina eta nekagarriena ere. Ez da soilik egitea, buruan izatea baizik.
Adituek “etxeko karga mentala” deitzen diote horri: zer falta den gogoratzea, noiz garbitu behar den pentsatzea, zer antolatu behar den aurreikustea. Lan horrek ez du ordutegirik, ezta amaierarik ere, eta askotan ez da lan gisa aitortzen. Horregatik, etxea “nahasia” dagoela sentitzen dugunean, ez du zertan garbiketa faltarekin zerikusirik izan behar. Askotan, antolaketa eta planifikazioaren gainkargarekin lotuta dago.
Arazoari izena jartzea funtsezkoa da. Etxea txukun ez egoteak ez du zertan esan nahi norbera arduragabea denik. Baliteke, besterik gabe, eguneroko erritmoak pentsatzeko, erabakitzeko eta gauzak egin ahal izateko tarterik ez uztea.
Etxea nahasia dagoela sentitzen denean, askotan garbiketa falta aipatzen da lehen arrazoitzat. Baina eguneroko egoeretan arreta jarriz gero, ikus daiteke arazoa ez dela zikinkeria, baizik eta pilaketa txikien metaketa. Sukaldeko mahaian utzitako paperak, sofaren gainean utzitako arropa, sarreran pilatzen diren poltsak… Ez dago berez garbi edo zikin dagoen ezer, baina espazioa kaotiko bihurtzen da.
Beste adibide bat arropa garbiarena da. Garbigailua martxan jarri, arropa lehortu, tolestu… Baina gero armairuan sartzeko asitirik edo gogorik ez. Arropa garbi dago, baina ordenik gabe. Egoera horrek ez du esfortzu fisiko handirik eskatzen, baizik eta erabaki txikiak hartzea, uneoro.
Etxeko mantenimenduan gertatzen denaren zati handi bat ez da ikusten. Norbaitek pentsatu behar du komuneko papera bukatzear dagoela, zaborra noiz atera, zein produktu falta diren edo asteburuan zer garbitu beharko den. Lan hori ez da zeregin konkretu batekin amaitzen; etengabeko arreta eskatzen du. Horregatik, askotan pertsona batek dena buruan daramala sentitzen du, nahiz eta objektiboki etxea ez egon bereziki zikin.
Horrelako egoerek nekea sortzen dute, eta neke horrek eragina du motibazioan. Egun luze baten ondoren, kirola egin, afaria prestatu edo atseden hartu nahi denean, ordena lehenesteak kostu emozioinal handia dauka. Orduan, desordena ez da utzikeria, baizik eta lehentasunen ondorio zuzena.
Eragin emozionala eta zereginen banaketa
Etxeko ordena eta garbitasunarekin lotutako zailtasunek ez dute soilik eragin praktikoa; ondorio emozional sakonak ere badituzte. Etxea desordenatuta dagoela sentitzeak neke mentala, estresa eta frustrazioa areagotu ditzake, bereziki egunerokoan zeregin askori aurre egin behar dieten pertsonen artean. Etxea atseden-lekua izan beharrean, egin gabe dauden lanen isla bihurtzen da.
Psikologiaren ikuspegitik, ordenak kontrol-sentsazioa eskaintzen du, eta horrek segurtasuna eta lasaitasuna eman ditzake une jakin batzuetan. Hala ere, adituek azpimarratzen dute lotura hori ez dela zuzena edo automatikoa. Etxea txukun izateak ez du estresa berez desagerrarazten, eta desordenak ez du zertan arazo emozional baten adierazlea izan behar. Gakoa da norberak etxeko egoerari ematen dion esanahaia.
Testuinguru horretan, etxeko lanen eta antolakuntzaren inguruko erru sentimendua bereziki nabarmena da. “Ez naiz iristen”, “besteak bai” edo “hau ere nire ardura da” bezalako pentsamenduek gure buruari jartzen diogun karga handitzen dute. Sentimendu horiek areagotu egiten dira zeregien horiek modu desorekatuan banatzen direnean edo, zuzenean, banatzen ez direnean.
Izan ere, etxeko ordena ez da soilik zer egiten den, baizik eta nork pentsatzen duen edo nork antolatzen duen. Karga mentalak, askotan ikusezina den arren, pisu handia du ongizate emozionalean. Pertsona batek etxeko funtzionamenduaren ardura nagusia hartzen duenean, nekea ez da fisikoa bakarrik: mentala ere bada. Eta neke horrek tentsioak sor ditzake bikotean edo bizikidetza partekatzen den espazioetan.
Desoreka horrek gatazkak eragin ditzake, baina baita isiltasun bidezko onarpena ere. Askotan, zereginak “naturalki” banatzen direla dirudi, baina banaketa horren atzean ohiturak, genero-rolak edo aurretik adostu gabeko itxaropenak daude. Horrek frustrazioa pilatzen du, eta ordena arazo praktikoa izan beharrean, harremanaren arazoa bihurtzen da.
Horregatik, adituek azpimarratzen dute etxeko lanen banaketa ez dela soilik justizia kontua, baizik eta osasun mentala zaintzkeo modu bat ere badela. Hitz egitea, adostea eta errealistak izatea funtsezkoa da etxea guztiontzako espazio bizigarri eta lasaia bihurtu nahi bada. Ordenak lagundu behar du bizikidetza errazten, bestela, zama emozional gehigarri bihurtzen da.
Estrategia errealistak
Ordena mantentzea ez da beti borondate kontua edo garbiketa denbora gehiagoren menpe dagoena. Iñaki Aranburu barrualde- dekoratzailearen arabera, “nahaste gehienak etxeko egitura eta etxea nola pentsatuta dagoenaren araberakoak dira, ez bizi den pertsonaren diziplina faltagatik”.
Bere esperientziaren arabera, objektuen banaketa txarrak eguneroko bizitzan etengabeko talka sortzen du: “Zerbaitek leku argi eta eskuragarri bat ez badu, beti leku okerrean amaitzen du. Desorden kasu askotan, arazoa diseinu bera da”, azaltzen du. Horregatik, berarentzat gakoa dekorazioa bizitza errealean oinarritzea da.
Aranburuk azpimarratzen du ordena intuizioaren araberakoa izan behar dela. “Ez dugu dena ezkutatu behar, baina bai gorde behar dugula kontuan izanda objektu hori ahalik eta errazena gorde eta erabili daitekeela. Hau da, aulki baten gainean uztea bezain naturala izan behar da objektu bat erabaki dugun lekuan uztea”.
Horrela, altzariak biltegiratze funtzionalekin, apal ikusgarriak edo barruko espazioa duten ohe-bankuek ordena eguneroko errutinan integratzeko aukera ematen dute. Estetika ere lagungarria izan daiteke: “Sistemak zure bizitzarekin bat egiten duenean, mantentzeak ez du karga mentalik sortzen”.
Beste estrategia bat objektuen kopurua murriztea da. Gutxiago izateak eta piezak haien arteko antza izateak garbiketa eta mantenua errazten dute. Ordena ez da iraunkor bihurtzen arau zorrotzen bidez, baizik eta espazioak hasieratik ondo antolatzen.
Temas
Más en Hogar y Vivienda
-
Errores de limpieza que seguimos cometiendo en casa sin darnos cuenta
-
Adiós calzado por el suelo: el invento de Leroy Merlin para guardar zapatillas sin ocupar espacio
-
¿Te da pereza ir al gimnasio? La alternativa de Lidl para hacer deporte en casa
-
El masajeador de pies que todo el mundo quiere: disponible por 20 euros en Lidl