Síguenos en redes sociales:

Sagar urtea izan da Euskal Sagardoarentzat

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagastietan eta 4,4 milioi kilo sagar bildu dira Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren barruan eta 3,1 milioi litro sagardo egin dira

Sagar urtea izan da Euskal SagardoarentzatN.G.

Sagar urtea izan da 2025ekoa eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagastietan eta 4,4 milioi kilo sagar bildu dira Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren barruan. Guztira 3,1 milioi litro egin dira Euskal Sagardora bideratuak beraz. Gaur egun 250 sagargilek eta 46 sagardogilek osatzen dute Euskal Sagardoa.

Sagar urteak aukera ematen du ondo orekatutako sagardoak egin ahal izateko eta geroz eta kasu gehiagotan dibertsifikazioari ateak irekitzeko

2025 uztan, sagar mota batzuk sagar asko eman dute eta beste batzuk gutxiago, loraldi oso desberdina izan baita, baina orokorrean sagar asko izan da. Aurreko urteko datuarekin alderatuta produkzio handia da, eta horrek eragin du sagardotegiek aukera zabala izatea, sagardorik onenak egin ahal izateko. Sagar urteak aukera ematen du ondo orekatutako sagardoak egin ahal izateko eta geroz eta kasu gehiagotan dibertsifikazioari ateak irekitzeko. Sagar mota jakinez egindako sagardoak, partzela jakinekoak, luzera ontzeko prestatuak, apardunak, izotzezkoak… egin dituzte sagardotegiek. Geroz eta zailagoa gertatzen zaio sektoreari urteko sagardoaren ezaugarri nagusiak ematea, dibertsifikazio horrek eraginda. Baina, orokorrean esan liteke iaz baino sagardo arinxeagoak direla aurten, eta oso lurrintsuak.

Produktu hauek botilaratzen udaberrian hasiko dira sagardogilerik gehienak, behin txotx garaia aurreratua dagoela eta produktua bere puntuan dagoela

Produktu hauek botilaratzen udaberrian hasiko dira sagardogilerik gehienak, behin txotx garaia aurreratua dagoela eta produktua bere puntuan dagoela. Baina guztiaren berri jakiteko eta sagardo berria borobiltzen den bitartean probatzeko aukera paregabea izaten da txotx denboraldia. 2026ko urte honetan sagardotegira inguratzen denak aukera zabala izango du probatzeko eta nola ez, ikasiz gozatzeko. Izan ere sagardotegi denboraldia sagardo berriak probatzeko garaia da, beren eboluzioa ikusi eta botilaratu aurretik nola datorren ikusteko garaia. Otordu erreserbak egiteko, nahiz bestelako eskaintzak ikusi eta erreserbatzeko www.sagardoa.eus web orrian izango du aukera jendeak, eta baita sagardo desberdinak on-line erosteko ere. Azken urteetan gorakada handia izan dute bai on line bidezko erreserbek eta baita sagardo erosketak ere, kontsumitzaileak eta ohiturak aldatzen ari direnaren seinale.

Merkatuen garrantzia eta ostalaritzan begirada

Euskal Sagardoaren merkatua lantzen egiten du lan handia Kontseilu Arautzaileak eta azken urteetako bideari jarraikortasuna eman eta merkatu berriak lantzea izango da 2026ko helburua. Linealetan egiten ari den lanarekin jarraitu eta ostalaritzan lan berezi bat egitea da asmoa. Euskal Herriko taberna eta jatetxeetan Euskal Sagardo eskaintza handitzea eta horretarako bitartekoak jartzea da asmoa. Horrekin, Euskal Sagardoarekin lan egin nahi duten establezimenduen sare bat sortzea izango da helburua, 2026an hasi eta datozen urteetan garatuko dena.