La Sirenako aterpetxea prest izan eta ez erabiltzea "ulergaitza" dela dio EH Bilduk
Eraikina izozteak aurreikusten ziren lau egunetan bakarrik ireki izana gaitzetsi du alderdiak, izoztu ez den egunetan ere "hotz handia egin baitu"
Negua eta tenperatura hotzak iristearekin batera, Udal Gobernuari Ate Irekiak zerbitzuari eta hotzari aurre egiteko aktibatu beharreko baliabideei buruz mintzatu da asteazken honetan EH Bilduko zinegotzi Izar Hernando.
Aurreko urteetan adierazi izan duten moduan, kaleko egoeran daudenentzat garairik gogorrena hurbiltzen den bakoitzean, La Sirenako aterpetxea erabiltzeko prest izan eta ez erabiltzea ulergaitza dela irizten du alderdiak. Haien esanetan, Arartekoak berak iradoki baitzuen izozteei ez itxarotea zerbitzu hori irekitzeko.
La Sirena adibide gisa
EH Bilduko zinegotzi Izar Hernandok errekurtso horren erabilpen mailan jarri du arreta asteazken honetako agerraldian, adibide batekin irudikatuz: aurreko Gabonetan, La Sirena lau egunetan bakarrik erabili izana, izozteak aurreikusten ziren egunetan soilik, alegia. «Izoztu ez den egunetan ere hotz handia egin du, eta egun askotan jarraian, gainera. Izozteei itxarotea gehiegi itxarotea dela uste dugu. Eta berriz ere, agerian geratu da hotzaren aurrean ditugun baliabideak ez direla nahikoak», aipatu du Hernandok.
Abenduan Martutenetik kanporatuak izan ziren pertsonak La Sirenan martxoaren 31ra arte hartu izana albiste ontzat jo dute, "zalantzarik gabe", baina neurri horrek hotzaren aurkako protokoloan ondorioak dituela gogorarazi dute: eskaini ohi diren 100 plazetatik 40 bat daude erabilgarri orain hirian. Hirugarren sektoretik maneiatzen dituzten zifren arabera, 500 pertsona inguru daude kale egoeran ordea. Beraz, lau egun hauetan, Udalak 40 ohe bakarrik eskaintzeko aukera izan du.
Harrera Sarearekin bat
Zentzu horretan, Harrera Saretik deskribatzen duten zerbitzuaren egoerarekin bat egin nahi izan du EH Bilduk: izozteekin aktibatzen den baliabide bat izan arren, lehenengo egunean berogailua piztu ez izanarekin, hain zuzen. Horrekin batera, ateak 22:00etatik 8:00etara irekitzea ez dela nahikoa adierazi dute.
Zerbitzuaren hobekuntzaren beharra ere aipatu du Hernandok: «uste dugu hobetzeko tartea dagoela pertsona horiei ematen zaien kaleko arretan ere, tenperaturak 5 gradutik beherakoak direnean. Janari beroa eta arropa eskaintzeko goiz eta gauez aktibatzen den baliabide hau ez da inola ere iristen kalean lo egin behar duten gehienengana.
Neguko Protokoloa hobetzearen beharra
Hori dela eta, Ate Irekien zerbitzuak ahalmen handiagoa izan arte, Neguko Protokoloko zerbitzu gehigarria zabaldu eta egokitu beharko litzatekeela gaineratu du, arrisku uneak "ahalik eta gehien saihesteko".
Horrez gain, ostegun honetan egingo diren batzordeetan, EAJ-PSEren Gobernuari ea zergatik ez duen negu osoan Ate Irekien zerbitzua eskaintzen galdegingo diote, hainbeste elkartek eskatzen dutenarekin bat etorriz. Baita ordutegi hori ez luzatzeko arrazoiei buruz ere, hobetu daitekeela uste baitute. Martutenen Agustindarren eraikina hustu ondoren Ate Irekien zerbitzuak izandako plaza-murrizketa konpentsatzeko zerbait egiteko asmoari buruz ere galdetuko diote.
Herrerako desalojoaren afera
Donostian kale egoeran dauden pertsonei ematen zaien arreta eta protokoloa hobetzen saiatzeaz gain, Herreran bizi den egoerari erreparatu nahi izan dio EH Bilduk, 200 pertsona inguru pabiloietan bizi baitira. Duela gutxi Jon Insausti alkateak Zardoyako eraikin horiek eraitsiko direla adierazi badu ere, argitu beharreko zenbait zalantza sortu ditu alderdian. Muturreko zaurgarritasun egoera bati ezin baitzaizkio ziurgabetasunak gehitu, are gutxiago publikotik, EH Bilduren iritziz.
Agustindarren eraikinetik kanporatuak izan ziren pertsonak La Sirenan hartzea oso urrats garrantzitsua da, eta oso modu positiboan baloratzen dute, borondatea dagoenean baliabideak bideratu daitezkeela erakusten baitu. Edonola ere, faltan botatzen dute «ibilbide pertsonalizatuak» zeintzuk diren eta zertan datzaten jakitea, gizarteratu eta laneratu ahal izateko. Oraintxe bertan ez baitakite xehetasunak zein diren, ezta prozesua nola dagoen ere.
Egoeraren larritasuna
Herreraren husteari dagokionez, aurreikuspena eta lankidetzaren garrantziaz ohartarazi du Hernandok: "Martutenen baino aurreikuspen gehiagorekin jokatzea eta elkarteekin lankidetza handiagoa egotea eskatzen dugu, baita pertsonak artatzeko irizpide argiagoak izatea ere. Operazio hau ez bada ahalik eta aurreikuspen handienarekin egiten, ezta ikuspegi sozial eta pertsonalizatuarekin ere, dozenaka pertsona egoera are zaurgarriagoan utz ditzake".
Era berean, alkateari galdera bat luzatu dio EH Bilduko zinegotziak, Pertsonentzako Zerbitzuen batzordean dagozkion azalpenak eman ditzan. Zein instalazio pertsonalizatu dauden eta administrazio-erregularizazioko, prestakuntzako, enpleguko eta etxebizitzako ibilbideak bermatzen ari ote diren, esaterako. Era berean, La Sirenan hartuko dituzten pertsonak aukeratzeko irizpideak zeintzuk izan ziren argitu nahi dute, noiz hasiko diren Herreran daudenekin harremanetan jartzen, eta bigarren desalojo hau burutu ondoren zein baliabide eskainiko dizkieten gaua babesean pasa dezaten.
Aurrekontu-zuzkidura, baztertua
«Gogoratu behar dugu badirela instituzioen arteko mahaiak errealitate horri heltzeko; Eudel da horietako bat». Urrutirago joan gabe, azken Osoko Bilkuran, abenduan, EUDELen barneratutako Gipuzkoako Gizarte-Zerbitzuen mahai iraunkorraren prozesua bizkortuz, diagnostiko partekatu bat egitea proposatu genuen. Diagnostiko horretan, Gipuzkoako Gizarte-Zerbitzuen Mapan zehaztutako gizarte (eta egoitza) bazterketarako baliabideen estaldura zenbateraino betetzen duten jaso asmoz, baina proposamenak ezezkoa jaso zuen.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-zuzkidura bat ezar zezala iradoki du EH Bilduk, Etxerik gabeko Pertsonen Euskal Estrategiarako, hura bete eta garatzeko modua izan dadin. Ez EAJk, ez PSEk, ez PPk ez dute babestu.
Temas
Más en Sociedad
-
Gipuzkoa se da un plazo de nueve meses para solucionar los atascos en la N-1
-
Activado este jueves el aviso amarillo en Euskadi por rachas de viento
-
La Diputación de Gipuzkoa detectó tres casos de violencia sexual en el ámbito deportivo de menores en 2025
-
Entidades científicas y educativas de Euskadi constatan la "persistencia" de la desigualdad entre sexos en la ciencia