Indarkeria matxista "normalizatuta" dago ikus-entzunezkoen euskal sektorean
Euskal Aktoreen Batasuna (EAB) eta (H) emen Elkartea protokolo bat prestatzen ari dira
Indarkeria psikologikoa eta sexuala eta emakumeen lan-esplotazioa "modu zabal eta normalizatuan gertatzen da" ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektorean, eta "sarritan" indarkeria matxista mota horiek "isiltasunak eta zigorgabetasunak babestuta" egiten dira.
Indarkeria prebenitzeko eta borrokatzeko protokoloa
Hori da Euskal Aktoreen Batasuna (EAB) eta (H)emen Elkartea, Euskadiko ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkartea, amaitzen ari diren protokolo berriaren oinarri den diagnostikoaren ondorio nagusia. Protokoloa azken garapen-fasean dago, eta datorren apirilerako amaituta egotea espero da, sektoreko eragileekin batera ezartzeko helburuarekin.
Protokoloaren oinarri den ikerketa eta diagnostikoa
Protokoloaren oinarria ikerketa eta diagnostiko lan bat da, Garazi Arregik UPV/EHUko eta EiTBko Multimedia Komunikazioko Masterraren amaierako lan gisa egina, Tania Arriaga eta Itxaso del Castillo irakasleen tutoretzapean. Proiektua EHUko ADI Ikerketa Taldearekin eta KSIgune klusterraren 'Konexioak' programaren laguntzarekin garatzen da.
Diagnostikoa Euskadiko ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko 90 profesionali egindako inkesten, bost elkarrizketa sakonen eta 'focus group' baten ekarpenen bidez egin zen.
Erakunde sustatzaileen arabera, "indarkeria matxista ez da kasu isolatuen ondorioa, sektorearen egiturarekin, hierarkiekin eta botere harremanekin lotutako errealitate sistemikoa baizik". Datuek erakusten dutenez, profesional askok ez dute beren lantokia segurutzat hartzen , eta indarkeria psikologikoa, sexuala edo lan-esplotazioa modu zabalean gertatzen da, askotan isiltasunak eta zigorgabetasunak babestuta.
Protokoloaren helburuak
Egoera horren aurrean, profesionalen kolektiboak beharrezkotzat jotzen du protokolo bat gaitzea, "prebentzioa, arreta eta erreparazioa uztartuko dituen tresna eraginkor, espezifiko eta lotesle" gisa.
Helburua da ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreetako lan-espazioak seguruagoak eta bidezkoagoak egitea, indarkeria matxistari aurre egiteko mekanismo argiak ezarriz eta sektore osoaren erantzukizun kolektiboa sustatuz.
Azken helburua protokoloa "Euskadiko ekoizpen eta erakunde guztientzat nahitaez bete beharreko tresna" bihurtzea da, indarkeria matxistaren aurkako borroka indartuz eremu profesionalean.