Síguenos en redes sociales:

OIER ARAOLAZAKazetaria eta antropologoa

Oier Araolaza: "Uste genuen kalabazak ipintzea ohitura amerikarra zela, gure gurasoek egiten zutela jakin gabe"

Lehengo astean Gau Beltzaren inguruko hitzaldi bat eman zuen Oier Araolazak Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako mintegiaren barruan: Gau Beltza XXI.mendeko euskal tradizioa?

Oier Araolaza: "Uste genuen kalabazak ipintzea ohitura amerikarra zela, gure gurasoek egiten zutela jakin gabe"Arnaitz Rubio

Kalabazak zulatu, aurpegi itxura eman, eta bertan kandela bat sartu ondoren, herriko kaleak kalabaza argidunez betetzen zituzten gau ilunean, zerura joan ez ziren hildakoen arimek argia izan zezaten. Euskal Herriko ohitura zahar hura berreskuratu nahian dabiltza hainbat eta hainbat, tartean Oier Araolaza.

Zer da Gau Beltza?

Urtearen garai berezi batean sortzen den ohitura da Gau Beltza, tradizionalki neguaren hasiera izaten den garaian, eguzkiak indarra nabarmen galdu duenean, argi orduak laburragoak direnean; natura lokartzen edo itzaltzen hasten denean, nolabait esateko. Une horren baitan heriotzaren inguruan errito bat sortzeko nahia jaiotzen da, eta munduan zehar hainbat eta hainbat kulturek egin duten moduan, Euskal Herrian ere sortu zen heriotzarekin lotutako errito bat.

Kristo aurretik Euskal Herrian ospatzen zen ohitura da. Noiz eta nola sortu zen?  

Ez dakigu zehazki noiz eta nola sortu zen. Baditugu zenbait zantzu, esate baterako erromatarrek heriotzaren inguruan egin ohi zituzten ospakizunez, baita gure folklorearen eta ahozko transmisioaren bitartez gure arbasoek egiten zituzten erritoen berri ere. Baina ez dakigu ziurtasun osoz noiztik eta nondik etorritako ohitura den, eta horrenbestez, zoru labaingarria duen gaia da.

Urriaren 21eko hitzaldian “Halloween vs Gau Beltza: inurriak inbasio globalaren aurrean” izeneko hausnarketa jardunaldi bat izan duzu Santa Teresa komentuan, zertan zetzan?   

Gau Beltzaren inguruan azken 20-25 urteetan izan den bilakaera azaldu nuen. XX. mende hasieran inbasio kultural izugarri bat zetorrela sumatzen hasiak ginen jada, eta orduan oraindik ez genekien Gau Beltzaren fenomenoa Euskal Herrian existitu zenik ere. Urte hauetan zehar egin dugun ezagutza prozesuaz eta kanpotik datozen ohiturek gurean duten eraginaz hitz egin nuen.

"XX. mende hasieran inbasio kultural izugarri bat zetorrela sumatzen hasiak ginen jada, eta orduan oraindik ez genekien Gau Beltzaren fenomenoa Euskal Herrian existitu zenik ere"

Gau Beltzaren irudikapenaren argazki bat

Ez al genekien deus Gau Beltzari buruz?

Uste genuen kalabazak ipintzea ohitura amerikarra zela, gure gurasoek egiten zutela jakin gabe. Gure burua nola ohartzen joan denaren prozesuaz ariko naiz gaurkoan, gure ohitura nola ezagutu dugun, kanpoko inbasio kulturala, eta hari aurre egiteko saiakera, ahalegin ezinezkoa den arren..

 Halloween eta haren aurkako lehia ezinezkoa aipatu duzula, Gau Beltza erresistentzia ekintza bihurtu al da, ohitura izateaz gain?

Euskaldun garenetik, datorren inbasio kultural horri aurre egiteko burutzen ari garen ahalegina bada halako keinu txiki bat, alde horretatik Gau Beltza bada kultura-erresistentzia ekintza bat.

Zer helburu lortu nahi da Gau Beltzarekin?

Gau Beltza jatorriz heriotzaren inguruko erritoa da. Garrantzitsua iruditzen zait horren kontzientzia ez galtzea, denbora-pasa bat edo azaleko jolas baten itxura hartzeko arriskua duelako. Gainera, gizakiak heriotzarekin historia osoan zehar izan du harreman estua, estu-ezinagoa eta saihestezina, denoi iritsiko zaigulako geure txanda lehenago ala beranduago; horregatik ezinbestekoa da hori presente izatea. Gainera, ohiturak mantentzea oso garrantzitsua da, eta ohitura horiek mantentzeko aukera paregabea iruditzen zait Gau Beltza..

"Gau Beltza jatorriz heriotzaren inguruko errito bat da. Garrantzitsua iruditzen zait horren kontzientzia ez galtzea"

Oier Araolaza, irudian.

Gau Beltza deitzen zaio, baina baita Arimen Gaua ere, zein da izen egokia??

Arimen Gaua ez da tradizionalki erabili izan den adiera. Kontua da, Halloween hitzaren itzulpen zehatza “arima guztien gaua” dela, ingeles eta gaelikoa nahasten dituen hitz horren berezko esanahia hori baita. Arimen Gaua Halloweenekin egindako paralelismoa litzateke. Hemen erabiltzen dena Gau Beltza edo Arimen Eguna litzateke, izatekotan.

Gau Beltza edo Arimen Eguna urteetan galduta egon den ohitura izan da. Nori zor diogu ohitura hori berreskuratzearen aitortza?

Esango nuke ohitura horren berreskuratzea bultzatu duen eragile nagusia inbasio kulturala izan dela, inbasio horrek erreakzio erantzun bat eragin duelako. Hasiera batean modu antolatu batean baino, nor bere kasa hasi zen ohitura horri buruz ezagutza biltzen, handik eta hemendik. Pixkanaka ordea, gero eta jende gehiagok hartu du Gau Beltzaren kontzientzia, eta gero eta modu antolatuagoan elkartu egin dira, errito horren inguruko informazioa partekatzeko. Hezkuntzako jendea, euskal kulturgintzako jendea, baita aisialdi taldeetako jendea unitate didaktikoak sortuz, liburuak, edota bestelako proiektuak, gero eta ekarpen handiagoa eman diote gure ohiturari..

Behin ohitura zahar hau berreskuratzea lortu eta gero, indarra hartzen joango den erritoa al da Gau Beltza?

Ez naiz baikorregia egia esan. Ume txikienekin edota gurasoekin egin daitezke hainbat gauza, baina adin tarte horietako pertsonekin zerbait lortzea oso zaila ikusten dut. Urriaren 31n atez ate kalabazekin “truco o trato” esaten irteten diren nerabe horiei euskal kulturako ohitura hau sartzea oso zaila iruditzen zait. Ez dugu tresnarik haiengana (nerabeak) iristeko, eta haiek, bitartean, ikus-entzunezko industria eta merkataritza-industria oso boteretsu baten eskutik jaten ari dira, nahita edo nahigabe.

Jende ugari 'Gau Beltza'ko eguneko mozorroz jantzita

"Esango nuke ohitura horren berreskuratzea bultzatu duen eragile nagusia inbasio kulturala izan dela"

Aipatzen duzun industria boteretsu horren aurka talka egiten du bete betean Gau Beltzaren egunak. Industria horri aurre egitea Real Madrid edo Bartzelonaren aurka egitearen antzekoa al da?  

Izan liteke halako zerbait. Baina, ez norbere herriko taldearekin, ordea. Inongo modu antolaturik gabe kalean baloiari ostikadak ematen dabiltzan haurrekin Madril ala Bartzelonaren aurka egitearen modukoa litzateke. Entrenatzailerik ez duen talde batekin, Real Madrid edo Bartzelonari irabazteko nahirik ez duen talde batekin, erraldoi horien aurka jokatzea bezala litzateke.

Lehia edo sokatira hau oso desorekatua egon arren, galduta zegoen ohitura batekin Halloweenen aurka egote hutsa ez al da garaipen bat?

Garaipena bada bai, baina norena?

Izan al daiteke euskaldun guztiona?

Nire zalantzak ditut. Zainketa intentsiboen egoera larrian dagoen ospakizun eredu bat artifizialki eusten ari garela uste dut. Galdera irauliko nuke: une honetan Gau Beltzeko ekimenak antolatzen dituzten elkarteek eta euren borondate onenarekin diharduten boluntario horiek guztiek lan horri utziko baliote, jarraituko al luke gure ohiturak? Halloweenek bai, Gau Beltzak ordea zalantza gehiago sortzen dizkit.Ez naiz baikorregia egia esan...