Síguenos en redes sociales:

Kilometroak 2025 Elgoibar Ikastola

Elgoibar prest euskararen alde salto egiteko

Elgoibar Ikastolak urte osoan ilusioz egindako lana igande honetan borobilduko da. Herria euskaldunen arnasgune bihurtuko da, adin guztietarako ekintzez eta ikuskizunez jantzitako jaiari esker

Elgoibar prest euskararen alde salto egitekoArnaitz Rubio

Elgoibar prest dago igande honetan euskararen plaza nagusi eta euskaldun guztientzat arnasgune bihurtzeko. Urtean zehar ilusioz aritu den Elgoibar Ikastolako komunitate osoaren lana borobiltzeko unea iritsi da. Beraz, ez dago atzera egiterik: Kilometroak jaiaren 49. ekitaldia ospatzeko ordua da, 'Salto-saltoka' lelopean.

Jaialdiaren koordinatzaile den Iera Larrañagak azaldu duenez, hiru gune eta azpigune bat izango dira festaren eszenatoki nagusiak, adin guztiei zuzendutako ekintzez eta ikuskizunez beteta. “Gazteentzat Erronka probak izango dira herri osoan zehar, txikientzat egur jolasak eta puzgarriak, tailerrak, eskulanak, magoak, elektrotxarangak, erraldoiak eta, nola ez, hainbat musika taldeen kontzertuekin gozatzeko aukera ere egongo da”, zehaztu du Larrañagak.

Azken urteetako eredua jarraituz, jaia ez da ibilbide batean oinarrituko. Hiru izango dira egitarauaren ardatzak. Alde batetik, Ikastolaren guneak, 'Euskararen komunitatea' izenarekin ezagutuko denak, irekiera ekitaldi ofiziala hartuko du, 10.00etan hasita. Ene Kantak (11.00–12.00), Asgarth (12.30-13.45), Xaribari (14.15–15.00), Go!azen (15.30-17.00) eta Kittu! (17.15-17.45) izango dira espazio honetan arituko diren musika taldeak. 

Indarrak hartzeko eta jan-edanarekin hornitzeko guneak ere ez dira faltako. Horrekin lotuta, ikastolako pilotalekuan 450 lagunentzako jangela prestatu da, eta txartelak egunean bertan salduko dira. “Helduentzat paella eta oilakoarekin osatutako menua izango da, eta haurrentzat, ordea, makarroiak eta oilaskoa”, aipatu dute ikastolatik.

Kilometroak jaia jasoko duten guneak.

‘Euskararen herria’

Aita Agirre plazan, 'Euskararen herria' izena eramango duena, ez da musikazalearentzat aspertzeko tarterik izango. Horrela, 11.00etan Kitzikik joko du, eta ondoren, Txoteko Ezpata taldeak hartuko du lekukoa (12.15–13.00). Eguerdi partean, 13.30etik 14.30era, Heitxiren doinuak izango dira entzungai, eta 14.30etik aurrera, Erbuze konpartsak erritmoz beteko ditu kaleak. Honi jarraituz, 15.00etatik 16.15era, Ehun Kiloren emanaldiaren txanda izango da, eta 16.45etik 18.00etara, Janus Lester igoko da oholtzara. Gune honetan ere, Kittu! taldeak agertokia zapalduko du eguna ixteko. 

 Kalegoen plaza izango da 'Konpromisoa salto euskarara' izena jasoko duen txokoa. Espazio honetan, Malkoren kontzertuarekin batera (12.30–13.30), Itzal erromeriak (14.00–15.30), Bengok (16.00–17.00) eta Trikidantz (17.30–19.00) taldeak musika jarriko diote egunari.

‘Salto-saltoka’ lemapean, euskarara salto egiteko gonbidapena luzatzen dute; “salto bakoitza txikia izan arren, guztien artean bidea egiten baitugu”.

Gainera, Bernardo Ecenarro kalean ere ondo pasatzeko ekitaldiak izango dira. Eingo taldearen emanaldiaren ondoren (11.00etan), Mauxitxa Txaranga kaleak alaitzeaz arduratuko da. Arratsaldean, 15.00etan, Erbuze konpartsak jasoko du lekukoa, eta jarraian, 15.30etik 17.15era, jai giroa bermatuko du Patxangoi elektrotxarangak. Eguna borobiltzeko, Kittu! taldea berriro aterako da agertokira. 

Bernardo Ecenarro kalean, halaber, magiak bat egingo du jaiarekin, Alain Zulaika, Rubik eta Eneko Gutierrezen eskutik (11.45-13.45).

Haurren gozamenerako

Bestalde, festan funtsezkoa den haurrentzat antolatutako programa, zabala eta askotarikoa da. “Puzgarrietan ibiltzeko aukera izango dute, Kaiku baserriaren magia eta xarmara hurbilduko dira, eta Argitxo txokoan, berriz, haientzat pentsatutako jolasak eta jarduera bereziak prestatuko dizkiete”, aurreratu du Larrañagak.

Artisau azokak, herri kirolak, elikadura tailerrak, eragileen postuek, txirringa zirkuitoak... ere kolorez jantziko dute Kilometroak 2025eko egun handia.

Omenaldiak

Programak une hunkigarriak bizitzeko tartea eskainiko du. Testuinguru honetan, euskara sustatzeko helburuarekin Elgoibarko Aubixa baserrian lanean urte luzez aritu den Maritxu Loiola Ugartebururi eta Aspanogi elkarteari omenaldia egiteko baliatuko du Kilometroak festa Elgoibar Ikastolak. Larrañaga azpimarratu duenez, “bizitza osoa euskararen zerbitzura” emateagatik aitortza egingo diote Loiolari. “Elgoibar Ikastolaren sorrera amestu zutenek 1962an zuten helburu bera islatzen du Aubixa baserriak: euskararen berpizkundea; arnasa eta bizia; elkarlana eta konpromisoa; eta ilusioz pentsatutako eta bihotzez gauzatutako proiektuak. Eta hori guztia, irribarre baten indarrarekin”, gaineratu du Larrañagak. 

Bestalde, minbizidun haurrei eta haien familiei laguntzen aritzen den Aspanogik ere jasoko du merezitako errekozimendua, elkartearen sorreratik 30 urte betetzen diren honetan. “1996tik, elkarte honek ez du bakarrik laguntza praktikoa eskaini: maitasuna, babesa eta indarra ere eman ditu”, narbamendu du.

Haurren gozamenerako egitarau oparo eta zabala prestatu dute urrriaren 5eko egunerako.

Garraio publikoa eta aparkalekuak

Igande honetan Elgoibarrera joateko tren eta autobus zerbitzu bereziak jarriko dira (kilometroak.eus webgunean daude Lurraldebus eta Euskotrenen zerbitzuen xehetasunak), eta horiek erabiltzeko eskaera egiten die antolakuntzak jaialdira bertaratzeko asmoa duten herritarrei. Dena den, autoan joan beharrean direnentzat sei aparkaleku izango dira: BM Lerun, Mercadona, Guass (gonbidatuentzat), Sigma Olaso, Albitzuri eta Mintxeta guneetan. Azken hau autokarabanentzako prestatua egongo da.

Espazio seguruak

Elgoibar Ikastolako komunitateak jai segurua aldarrikatzen du. Ildo horretan, ez da onartuko “inolako eraso matxistarik, LGTBIfobiko edo arrazistarik”. “Festak gune seguruak izan behar ditu eta bertan parte hartu nahi duen edonorentzat gozamenerako gune. Kilometroak tratu onen aldeko eta eraso matxistarik gabeko jaia izatea nahi da. Hori bermatzeko eta Elgoibarrera bertaratuko diren guztiak sentsibilizatzeko, gune bakoitzean puntu more bana egongo da”, adierazi dute antolatzaileek.

Programa osoa hemen kontsulta daiteke.