Síguenos en redes sociales:

Pili Legarra, Asteasuko alkate 14 urtez: "Beldur gehiago ematen dit jubilazioak, Alkatetza uzteak baino"

Azken lau legengitzaldietan alkate izan den emakumeak agur esan dio 2011n hartu zuen ardura publikoari: ostiral honetan herri afaria egingo diote plazan

Pili Legarra, Asteasuko alkate 14 urtez: "Beldur gehiago ematen dit jubilazioak, Alkatetza uzteak baino"Ruben Plaza

Gutxi dira Gipuzkoan bera baino alkatetza luzeagoak dituztenak. Pili Legarrak Asteasuko (1.500 biztanle) agindu-makila utzi berri du (Larraitz Alkortaren eskuetan). Duela 40 urte Udaletxeko langile bezala sartu eta 2011n, aurrera pausoa eman, hauteskundeetara aurkeztu eta irabazi egin zuen. 14 urteko ibilbidea egin eta gero, aio esateko garaia iritsi zaio eta ostiral honetan herri afaria antolatu diote Asteasuko plazan. Aitari ere esan dio ingandean kanposantura egin zion bisitan: Ondo bukatu det, lasai egon!

Alkatetzan 14 urte baino gehiago daramatenak gutxi ditugu gaur egun Gipuzkoan. Denbora asko da, baina joan da.

Oso azkar pasa dira 14 urte hauek. 

Nola gogoratzen duzu une hura eta nola inplikatu zinen herriko politikan?

Administrazioan lanean sartu nintzen duela 40 urte eta langile nintzela, Alkatetzarako eskaintza jaso nuen talde desberdinetatik. Azkenean, alderdi politikoekin ez zen inongo adostasunik egon eta herri plataforma bat sortu genuen 2011n. Asteasu Batuz izena jarri genion. Lehenengo aldia zen plataforma hori hauteskundeetara aurkezten zena eta izugarrizko emaitzak izan genituen: Asteasuk bederatzi zinegotzi izan ditu eta gu sartu ginenean, sei atera genituen. Gero zazpi, eta orain zortzi. Horrekin adierazi nahi dudana da babesa lortu dugula herritarrengandik.

Ez zara damutu orduan emandako pausoaz?

Hasiera txarra izan zen. Ekonomikoki udal honen egoera ez zen onena, eta kakapilatutako gauza asko baretu eta zuzendu behar izan genituen; baina orokorrean nire balantzea oso positiboa da. Nire ustez, herri giroa asko aldatu da Asteasun, garai hartatik hona. Eta horregatik bakarrik baldin bada, merezi izan du. 

Pili Legarra

Zertan aldatu da Asteasu herria 14 urte horietan?

Asko aldatu da. Munduko pusketa bat gara gu ere bai. Inmigrazio aldetik begiratuta ere, gaur egun Asteasuk 30 nazionalidade desberdin izateak ikutu bat ematen dio herriari. Integrazioa lortu nahi badugu, Administraziotik zerbait egin behar da. Proiektu bat sortu genuen: Mundu bat Asteasun eta hor dauzkagu taldeak lanean euskararen alde, nazionalidade desberdinen festa antolatzen eta harrera bat egiten etortzen direnei. Eta beste aldaketa bat eman dena da: politikoki asko baretu dela giroa herrian. Harremanak zintzoagoak, errazagoak dira; alderdietatik ez hain zuzenduak.

Legegintzaldiaren erdian gaude. Zergatik orain?

Laugarren legegintzaldia zen hau (2023-23027) Alkatetzara aurkezten nintzena eta asko da. Nik konpromisoa hartzen nuen erdi bat egiteko, eta erdi horretan, zerrendan hurrengoa zihoana nirekin lanean arituko zen: Larraitz Alkorta. Taldean horrela erabaki genuen. Esan daiteke transizio ordenatu bat egin dugula. 

Zein da Pili?

Ai ama! Nik ezin dut parte hartu edozein gauzetan azaletik. Ez naiz gai, ez dakit. Badakit zama handia jartzen diodala nire buruari, baina horrela egiten ez badut, gaizki sentitzen naiz. Autoexigentzi potente bat daukat.

Zer eman dizu zure herriko alkate izateak?

Alkate izatea ez zegoen nire ametsetan inoiz, baina eman dit herritarrekiko gertutasuna. Sentitu det herritarren errespetua eta niretzat hori oso garrantzitsua da. Ez dut ulertu sekula politika talka batetik egitea. Asko saiatu naiz ere Asteasuk presentzia izan dezan beste erakudeetan: Aldundian edo Jaurlaritzan. Eta horrek izugarrizko ikasketa eman dit. Jende pila ezagutu dut, jende oso interesgarria eta hori guztia eman dit Alkatetzak.

"Asteasun 30 nazionalidades desberdinetako biztanleak ditugu"

Jubilatuko zara beraz?

65 urte oraintxe egin ditut eta horregatik oso ondo etorri zait legegintza erdia egin eta jubilazioarekin bat egitea. Dena batera utziko dut. Ematen dit bertigo pixkat. Ohitu naiz bizitzen oso azkar. Egun guztia okupatuta egoten. Eta hori guztia bukatuko da bapatean. Horregatik ematen dit errespetua, ze herritar gisa jarraitu nahi dut herriko ekimenetan parte hartzen, baina faltako zait egunaren egituraketa hori. 

Ama ere izango zara.

Eta amona ere. Nire biloba zaharrenak lau urte ditu eta esan nionean, begira jada ez naiz joango Udaletxera. Eta erantzuna izan zen: Ah, oso ondo, orain badaukazu eskola etortzea nire bila. Eta horrek pentsaarazi zidan: Kontxo, z naiz joan inoiz bere bila!. Beraz, badauzkat gauza batzuk egiteko. Gero ere oso gauza polita gertatu zait. beti, edozein ekitalditan txalaparta jotzen zen bakoitzean esaten nuen: nola gustatzen zait txalaparta! Eta aste honetan, WhatsAppez batek bidali dit: txalaparta ikastaro bat Andoainen, dohan. Apuntatu zaitez! Oraintxe daukat aukera. 

Erraz emozionatzen zaren horietakoa zara? Zer espero duzu gaurko herri afarian?

Begira, lehengo larunbatean Alkatetza uzteko Udalbatza egin genuen eta izan zen izugarrizko sorpresa niretzat. Herritar asko gerturatu ziren eta izugarrizko ekitaldia egin zidaten agurra emateko; eskualdeko alkateak ere etorri ziren. Eta Porrotx ere azaldu zitzaidan, bere sudur gorriarekin. Hementxe dantzan jarri zituen guztiak. Komentatu zidaten ostiralerako afari bat egingo zela eta gero kalean topatu nuen paper bat: Eskerrik asko Pili, herriaren alde egindako lanagatik. Herri afarirako deia zen. Benetan inpaktatu ninduen horrek. Hori izango da nire azken agurra.

"Beste gauza oso garrantzitsua alkate batentzako: Ez esaten ikastea. Klabea da. Ezin duzu beti baietz esan"

Herritar xume izango zara berriz.

Bai, eta hori ere ikasi behar dut. Hala ere, beldur gehiago ematen dit jubilazioak, Alkatetza uzteak baino.

Zer esango zenieke beren herriko alkategai aurkezteko beldurrez dabiltzanei?

Udalgintza egin behar da; egin behar dugu. Bai gobernutik, bai kaletik; eta gobernutik egiteko norbaitek alkate izan behar du. Beldurra zergatik ematen du? Ba ematen du pertsona bezala oso agerian geratzen zarelako.

Nahiz eta bakarrik ez zauden…

Hori da. Talde lana da, hori beti esan det, ze hau bakarrik ezin da egin, baina onerako eta txarrerako buruan zaude eta zu zaude agerian.

Muxuak eta zaplaztekoak hartzeko.

Horixe! Nire bizitzako lema bat da: izan gogorra eta arduratsua gaiarekin, baina samurra pertsonekin. Eta alde horretatik, emakumeok badugu erraztasuna gertutasun hori sortzeko eta entzuteko; eta nire ustez, hori indartsuago da, beste forma gogorrak erabiltzea baino. Zure herriaren alde lan egitea merezi du. Baina egurra ematen dizutenean, ezin duzu goitik behera joan aurrenekoan. Ez da Piliren kontra. Da alkate figura baten kontra eta hori kosta egiten da ulertzea eta ikasi egin behar du hemen dagoenak. Niri psikologiak (psikologa da) izugarri lagundu dit. Beste gauza oso garrantzitsua alkate batentzat: Ez esaten ikastea. Klabe da hori. Ezin duzu beti baietz esan. 

"Zure herriaren alde lan egitea merezi du. Baina egurra ematen dizutenean, ezin duzu goitik behera joan aurrenekoan. Ez da zure kontra. Da alkate figura baten kontra"

Gogorra behar du izan ezagun edota lagunei ezetz esatea.

Ezezkoa dator zuk publikotasuna mantendu nahi baduzu ta sinisten baduzu. Nabarmena da zeinek jokatzen duen interes pertsonaletik eta zein ez. Aterki bat izan behar duzu eta herriaren alde. 

Eragin al dizu horrek gertukoren bat haserretzea edota lagunik galtzea?

Bai, bai. Juxtu. Familia batekin. Gainera, aurreko legegintzalditik zetorren arazoa zen eta niri bete-betean harrapatu eta zaplazteko bat eman zidan horrek. Baina nik postura bat mantendu nuen. Beraien nahiak asetzen saiatu ginen, baina hori konpontzeko askoz denbora gehiago behar genuen eta ez zuten onartu. Udalak ez zuen dirurik sortuta zegoen zorrari aurre egiteko. Hori egia da. Auzietan bukatu zuen gaiak eta horko batek ez dit aurpegira begiratzen. Baina halere, nire barruko sentsazioa lasaitasunarena da. Eta hori da nik nahi nuena: Udaletik atera nahi det lasai eta pakean nire buruarekin eta horrelaxe egin dut. Horrek suposatzen badu zuk ez didazula agurrik egingo kalean, ba hori ondorio bat da. Eta hori ere alkate batek onartu behar du. Ikasi behar du onartzen. 

"Asteasuko lehenengo emakume alkatea izan nintzen. Eta horrek esan nahi du ez dagoela berdintasun handirik. Euskal Herriko 259 Udalerritik, 83 alkate gaude bakarrik"

Aipatu duzu ere emakumearen papera Administrazioaren buruan. 

Beno, nik uste det toki publikoa ere tokatzen zaigula emakumeoi eta oraindik asko daukagula egiteko. Asteasuko lehenengo emakume alkatea izan nintzen. Eta horrek esan nahi du ez dagoela berdintasun handirik. Ni asko mugitu naiz feminismoaren inguruan, emakume politikarien foroan, eta Euskal Herriko mapa ikusi eta dauden 259 udalerritik, 83 bakarrik gara emakumezko alkate. Hau da, ez gara erdira iristen. Azken urteetan gorakada handia izaten ari da eta pausoak ematen ari gara, baina hori finkatzen joan behar da. Zuk ere aipatu duzu, atzeraka egiten duela politikan sartzea, beldurra ematen du, baina emakumeei, are gehiago kostatzen zaie. Hamarretik, zortzik ezezkoa esango dizu

"Oso errotuta daukagu herri txiki bakoitzak denetik eduki behar duela, baina hori ez da sostengarria denboran eta hortaz konturatzen ari gara pixkana"

Zergatik uste duzu gehiago kostatzen zaiela emakumeei pauso hori ematea?

Kontziliazio gaiak daude. Emakumeok oso errotuta ditugu zaintzako gaiak, seme-alabetan pentsatzeak eta horiek dira bere lehentasunak eta hor politikak ez dauka lekurik. Ez daukat denborarik. Hori da esango dizun lehenengo hitza. Eta hori da landu beharreko zerbait, kontziliazio horretan etxeko arduren banaketa. Asko hobetu da hori, generazio berrietan ikusten det, baina ezin dugu despisatu. Nik beti esan det: emakumeak atera gara kalera, baina gizonezkoak ez dira sartu etxera. Nire garaiko erronka hori izan da. 

Herri txikiek etorkizunik badute? Zein erronka dituzte?

Nik horri buelta asko eman dizkiot. Oso errotuta daukagu herri txiki bakoitzak denetik eduki behar duela: kultura-etxea, liburutegia, frontoia, ahal badugu zinea, etabar. Hori ez da sostengarria denboran eta hortaz konturatzen ari gara pixkana-pixkana. Orduan, nahitanahiez, jo beharko dugu eskualde izaerari garrantzia gehiago ematera. Ez naiz esaten ari herriak elkartzea, Rajoyk bere garaian esan zuen bezala, edo El Salvadorren egin duten bezala. Ezta gutxiagorik ere. Identidade kontua hor dago: Ni asteasuarra naiz, eta hori Zizurkilgoa… Zerbitzuak partekatzeaz ari naiz eta posible dela iruditzen zait. Landu beharko dugu mugikortasuna errazteko hori. Eta horrez gain, zaintza izango da niretzat datozen 40 urteetarako lehenengo eginkizuna. Horri buruz baneuzkan ideiak Asteasun, baina ez dit denborarik eman. Kaletik bultzatu edo eskatuko ditut. Gai hori ez det uste Administraziotik bakarrik landu behar denik.

Amarekin zeundela esan didazu hasi aurretik… 

Bai, 89 urte ditu eta hortxe gabiltza. 

Ama geratzen zaizue bakarrik?

Bai. Aita galdu det 14 urteko ziklo honetan. Asko gogoratzen naiz berarekin. Lehengoan kanposantura joan nintzen, gauz bat esateko aitari. Ze berak esan zidan 2011n: Neska, hain ondo ikusia hunan herrin, ta oain sartuko haiz ba saltsa hontan, gaizki bukatzeko danakin. Esaldi hura oso gogoan daukat. Eta igandean joan nintzen kanposantura eta esan nion: Aita, bukatu det, eta ondo bukatu det, egon lasai!