Síguenos en redes sociales:

Zelatungo Antonioren Bordari agur: "Pena handiz hartu dugu erabakia"

Jose Mari Ugartemendia eta Maria Jesus Etxeberriak urte amaieran utziko dute hamabost urteko kudeaketa lana

Zelatungo Antonioren Bordari agur: "Pena handiz hartu dugu erabakia"Iker Azurmendi

Hamabost urte pasa dira Jose Mari Ugartemendia eta Maria Jesus Etxeberriak Zelatungo Antonioren Bordaren ardura hartu zutenetik. Orain, ordea, atseden hartzeko garaia iritsi zaie. “Nekea da urte amaieran borda uzteko arrazoia”, azaldu du Mari Jesusek pena handiz. Erabakia ez da samurra izan, baina biziak bere erritmoa dakar: “Hiru urterako alokairua berritzeko aukera genuen, eta azken hilabetean zalantzan ibili baginen ere, tristura handiz ez jarraitzea erabaki dugu”.

“Senarra jada aurre-jubilatuta dago, eta nik pentsatu beharko dut zer egin, baina argi dut lana egiteko menditik jaitsi egingo naizela”. Hasieran bikote gazte baten ametsa zen proiektua, baina urteekin alaben laguntza ere behar izan dute askotan: “Kudeaketa hartu genuenean bikote gaztea ginen, baina orain alabak askotan etortzen ziren laguntzera. Haiek ere badute euren bizitza, eta ezin dute beti laguntzera etortzen ibili”.

Antonioren Borda, Zelatunen.

Euskal mendietako bordek betidanik izan dute funtzio sinboliko eta praktiko berezia. Artzaintzarako eta babeserako toki ziren lehen, eta gaur egun, mendizaleen topaleku eta atsedenleku bihurtu dira toki askotan. Mendira igotzen denak badaki halako toki batean sartzean ez dela soilik jan-edan bat aurkitzen, komunitate baten parte sentitzeko aukera baizik. Horregatik, Zelatungoaren tankerako bordek aparteko balioa dute gure gizartean, mendizaletasunaren eta herri kulturaren ardatz bilakatzen direlako.

Egunerokotasuna

Zelatungo borda ez da taberna arrunt bat, eta hori ondotxo daki Maria Jesusek: “Bordak funtziona dezan, gakoa etengabeko presentzia da. Izan ere, egun batean mendizale batzuk igo eta itxita aurkitzen badute, agian ez baitira berriro itzuliko”. Horregatik urte guztian egokitu behar izaten zuten ordutegia, eta maiatzaren 1etik azaroaren 1era bitartean egunero irekitzen zuten borda. Neguan, aldiz, ostiraletik igandera, baina Gabonetan edo Aste Santuan berriro egunero irekitzen zuten. Egunak ez dira beti berdinak izaten: “Euria egiten duenean ez da inor igotzen, baina hala ere hemen egon behar. Eta eguraldi ona dagoenean, berriz, jendez mukuru betetzen da. Horretan datza negozioaren zailtasunak, egun batzuetako emaitzak beste batzuekin konpentsatu behar izaten dira”. Urte hauetan zehar, euria edo elurra egin duenenean ere irekita egon da Antonioren borda, bezeroren bat gerturatuko zenaren esperoan.

ZELATUNGO ERROMERIEN PROGRAMA

Abuztuak 29, ‘San Juan Txiki Eguna’:

- Lidia eta Itzeder

Irailak 7:

- Enaitz eta Erkizi

Irailak 14:

- Aitziber Arruabarrena eta Aritz Erasun

Irailak 21:

- Ostolaza eta Larrañaga

Irailak 28:

- Izer eta Alabier

Horretaz gain, borda kudeatzeko lanak ere ez dira nolanahikoak. “Argindar sorgailurako gasolina erosi behar dugu, butano-bonbonak gora eta behera garraiatu… Zelatungo bordan egotea ez da soilik barra baten atzean egotea”, azaldu du Maria Jesusek. Hala ere, plazerak ere badaude: “Etxeko berezitasuna salda eta txorizo egosia direla esango nuke, menditik jaitsi eta edonork gustura hartzen dituelako”. Bestalde, azken urteotan babarrunak ere bezeroen plater gustukoenetakoa bilakatu dira. Eskainitako zerbitzua ona izan denaren seinale, 2021ean ezustean jaso zuten Repsol “eguzkitxo” bat, jendearen iritzi onak zirela eta.

“Etxeko berezitasuna salda eta txorizo egosia direla esango nuke, menditik jaitsi eta edonork gustura hartzen dituelako”

Hamabost urteko ibilbideari buruz balantze “positiboa” egin dute kudeatzaileek, nahiz eta hasiera “ez zen batere erraza izan”. Maria Jesusen penarik handienetako bat, urtetan sortutako harreman estuak aurtengo urtearen bukaeran etetea izango da: “Ia familiako kide bihurtu diren bezeroak baditugu, eta pena handia izango da haiek berriro ez ikustea”.

San Juan Txiki eta erromeriak

Zelatungo bordako unerik berezienak, zalantzarik gabe, erromeriak eta San Juan Txiki eguna izan dira ibilbide luze honetan zehar. “Aurten, iraileko erromeriak oso bereziak izango dira, baina batez ere ostiraleko San Juan Txiki eguna”. Bordaren ardura hartu zutenean, historian zehar San Juan Txiki eguna oso garrantzitsua izan zela jabetu ziren Maria Jesus eta senarra, baina ordurako jada ez zen ospakizunik egiten. Hala, ospakizuna berreskuratzea erabaki zuten beraiek orain dela 14 urte. Erromeriak, ohi bezala, hileko lehen igandean hasiko dira. Datorren irailaren 7an hasita, datozenetan ere ekitaldiak jasoko ditu Antonioren Bordak.

Maria Jesus Etxeberria txorizo pintxo bat eskuan duela.

Orain, tradizio horrek bizirik jarrai dezan, nahia argia da: “Espero dugu lekukoa hartzen dutenek San Juan Txiki eguna ospatzen jarraitzea”. Eta ondorengoentzako aholku nagusiak, “etengabe presente egotea eta lanean konstante izatea” aipatu dituzte.

Bikote honek aurki itxiko ditu Zelatungo bordaren ateak, baina 15 urteko bidea ez da alferrikakoa izan. Mendizale askoren oroimenaren parte bihurtu da, herri kulturaren soka luzearen pieza txikia bezain sendoa. Hemendik aurrera beste norbaitek hartuko du lekukoa, baina mendiaren isiltasunean, Hernioko magalean, Mari Jesusen eta Jose Mariren lorratza eta irribarreak betiko geratuko dira bertan iltzatuta.