Síguenos en redes sociales:

Goieki

Elkar EKIN Lanean programa: lan aukerak zabaltzen, Goierrin

Programari esker 1.185 pertsona laneratu dira azken bi urteetan. Goierrin hiru ibilbide profesional berri eskainiko dira ostalaritza, zaintza eta lorezaintzaren arloetan

Elkar EKIN Lanean programa: lan aukerak zabaltzen, GoierrinN.G.

Gizarteratzea eta laneratzea helburu dituen Elkar EKIN Lanean programa bere ibilbidea egiten ari da Gipuzkoan, eta emaitza nabarmenak utzi ditu azken bi urteetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hainbat eragilek sustatutako estrategiari esker, 2022-2024 aldian 1.185 pertsonak lortu dute enplegua, eta 68 prestakuntza-ibilbide profesional jarri dira martxan, 19 jarduera-sektoretan banatuta. Datu horiek aurkeztu berri dira Orona Ideoko auditoriumean egindako aurkezpen ekitaldian.

6 milioi euroko aurrekontuarekin, eta Etorkizuna Eraikiz esparruaren barruan sortuta, programak 2016az geroztik 6.511 lanpostu sortzea lortu du. Hau da, urtean batez beste 723 enplegu. Horrenbestez, Elkar EKIN Lanean funtsezko tresna da enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa sortzeko.

Hiru prestakuntza-ibilbide martxan

Goierrin, eskualdeko lan-inklusio sareak —Goieki buru duela, eta Caritas Goierri, Sarea Fundazioa, Gurutze Gorria, Ede Fundazioa, Goierri Eskola, Prospektiker, Biok Zerbitzuak eta udaletako gizarte-langileak partaide direla— hiru ibilbide profesional diseinatu ditu 2025erako, errealitate sozioekonomikoa kontuan hartuta eta lan-merkatuaren premiei erantzuteko.

SukALDATU GOIERRI: ostalaritzaren profesionalizazioa

SukALDATU GOIERRI ibilbide berria da, eta lehen aldiz eskainiko da elkarlan estuan hainbat eragileren artean. Ostalaritzako sektoreko profesional falta ikusita, eta alor horretan lan egiteko interesa duten pertsonak kontuan hartuta, Goitur eta Goierri Eskolak elkarrekin eskainiko dute prestakuntza hau.

Aurkezpenera joan nahi dutenek aurrez izena ematea gomendatzen da: horretarako, 943 16 18 31 telefono zenbakira deitu behar da

Irailaren 22an hasiko da ikastaroa, eta lehen astean parte-hartzaileek Goiturrekin batera eskualdeko gastronomia eta baliabide turistikoen inguruko ezagutza jasoko dute. Ondoren, Goierri Eskolako instalazio homologatuetan, sukaldeko oinarrizko konpetentzien inguruko prestakuntza teoriko-praktikoa jasoko dute, urtarrilaren amaierara arte. Bide batez, elikagaien manipulazio titulua ere lortuko dute. Prestakuntza amaitzean, gutxienez 80 orduko praktikak egingo dituzte Goierriko jatetxe, taberna, jangela, gaztandegi edo hoteletan.

ZAINDU GOIERRI: zaintza erdigunean

2024 hasieran martxan jarri zen ZAINDU GOIERRI, mendekotasuna duten pertsonei etxeko arreta soziosanitarioa emateko prestakuntza-ibilbidea. Lehenengo aldiz eskaini den bigarren mailako ziurtagiri profesional hau hiru modulutan banatuta dago, eta egutegi malgu baten bidez, parte-hartzaileek modulu solteak edo jarraian egiteko aukera izan dute.

Elkar Ekin programak 2016az geroztik 6.511 lanpostu sortzea lortu du.

Lehen edizioan 14 pertsonak jaso dute diploma. Balorazio guztiak jaso ondoren, bide beretik jarraitzea erabaki du eskualdeko mahaiak, eta irailaren 22an berriz emango zaio hasiera lehenengo modulutik –Etxeko laguntza eta familia elikadura (100 ordu) – eta oraingoan ere Gurutze Gorria izango da alderdi teorikoa eskainiko duena.

Horrez gain, ikasleek 60 orduko prestakuntza soziosanitarioa jasoko dute Orekan programaren bidez (adinekoen elikadura, nutrizioa eta ongizatea), eta EDE Fundazioarekin beste 60 orduko formakuntza egingo dute, konpetentzia soziolaboralak indartzeko.

LoraTU GOIERRI: lorezaintzan lan aukerak

2026 hasieran, LoraTU GOIERRI izeneko ibilbidea jarriko da martxan berriz, lorategi, parke eta berdeguneen mantentze-lanetan lan egiteko prestakuntza espezializatua. Prestakuntza hau Fraisoro Eskolaren eskutik emango da, Villabonako instalazioetan.

Klase teknikoekin batera, parte-hartzaileek EDE Fundazioaren 60 orduko prestakuntza osagarria jasoko dute, besteak beste, curriculuma osatzeko, lana eta gaitasun pertsonalak hobetzeko. 

Ibilbidea amaitzean, eskualdeko udaletako brigadekin praktikak egiteko aukera izango dute parte-hartzaileek, bertatik bertara esperientzia profesional baliotsua lortzeko.

Aurkezpen saioa, irailean

Irailaren 9an, goizeko 10.00etan eta arratsaldeko 15.00etan, Goiekiko bulegoetan egingo dira hiru ibilbide hauen aurkezpen saioak. Bertan, programa osatzen duten eragileek parte hartuko dute, eta interesa duten pertsonek aukera izango dute informazioa jasotzeko, galderak egiteko eta izena emateko.

Izena emateko prozesuaren baitan hizkuntza eta matematika proba txiki bat eta banakako elkarrizketak egingo dira, pertsona bakoitzaren egokitasuna baloratzeko. Helburua da ibilbide bakoitza 20 ikaslerekin hastea. Baldintzak betetzen ez dituztenei, beste programa osagarri batzuk eskainiko zaizkie, etorkizunean parte hartu ahal izan dezaten.

Aurkezpenera joan nahi dutenek aurrez izena ematea gomendatzen da: horretarako, 943 16 18 31 telefono zenbakira deitu behar da.