Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak 50 milioi euro bideratu ditu hiru urtean, euskal herritarrek beste autonomia erkidego batzuetan zein atzerrian jasotako osasun-laguntza ordaintzeko.
Zertan?
Kopuru horren zatirik handiena, zehazki 37,8 milioi, beste autonomia batzuek eskainitako osasun-laguntzari dagokio, batez ere lehen mailako arretako kontsultetan, guztizkoaren % 72 hartzen baitu (27,5 milioi).
Non?
Oporraldietan euskal herritarrek sarri bisitatu ohi dituzten Kantabria eta Gaztela eta Leongo erkidegoak dira, alde nabarmenarekin, Lehen Mailako Arretako zentroetan Euskadiko herritarrei zerbitzu hori eskaintzen gehien gastatu dutenak.
Alberto Martínez Osasun sailburuak Amaia Martínez Voxeko ordezkariari Legebiltzarrean emandako erantzunetik jasotako datuak dira. Bertan azaldu zuenez, beste autonomia erkidegoetan egindako osasun-gastua Osasun Kohesiorako Funtsaren eta Asistentzia Bermatzeko Funtsaren bidez araututa omen dago.
Urtekako datuak
2021eko jardunari dagokion 2022ko aldian, 2023an eta 2024an, 37,8 milioiko gastua “jasan” du Euskadik: 11,8 milioi lehen urtean, 13,3 milioi 2023an eta iaz 12,7 milioi.
Diru kopuru horrekin ordaindu du Osakidetzak, beste autonomia-erkidegoek euskal herritarrei eskainitako laguntza, bai lehen mailako arretan, bai prozesu anbulatorioetan eta ospitaleratzeetan.
Gainerako dirua
Bestalde, Osasun Kohesiorako Funtsaren likidazioak erakusten duenez, hiru urte horietan euskaldunek atzerriko herrialdeetan jasotako arreta medikoak 12 milioi eurotik gorako kostua izan du. Sailburuak azaldu zuenez, likidazio horretan ez da zehazten ez herrialdea, ez arrazoia, ezta prestazioa ere, bakar-bakarrik zenbateko ekonomikoa.
Euskal herritarrek beste hainbat herrialdetan jasotako osasun arretagatik, 3,7 milioi ordaindu zituen 2022an Eusko Jaurlaritzak, ia 4,5 2023an eta 3,8 2024ko ekitaldian.
Beraz, gastu guztia kontuan harturik, hiru urteotan euskal herritarrek Euskaditik kanpo eragindako osasun-gastua ordaintzeko 50 milioi bideratu ditu Osakidetzak.