Donostia – Euskadiko 800 jantoki kolektibok eta 170.000 erabiltzaile eta langilek baino gehiagok parte hartuko dute, Janaria ez da botatzen lelopean, elikagaiak alferrik galtzearen aurka sentsibilizatzeko dibulgazio kanpainan.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Elika Fundazioak sustatutako kanpaina asteburu honetan bertan hasiko da eta urte amaierara arte luzatuko da.
Atxikitako jantokietan hainbat euskarri bisual ipiniko dira, besteak beste posterrak, kuboak edota pitxerrak, gai horrekin lotutako mezuekin, beti ere, ikasle ala helduei zuzenduta dauden, behar bezala egokituta. Enpresa hornitzaileen sukalde zentraletan ere jarriko dituzte euskarriak lelo berarekin.
Dekalogoa
Gainera, haurrentzako dekalogoak eta eranskailuak ere banatuko dituzte, jantokietako erabiltzaileek elikagaien hondakinen murrizketan parte hartzen laguntzeko jarraibideak eskura izan ditzaten eta, guztira, 170.000 pertsona baino gehiagorengana iristea da helburua.
Sare sozialetan mezuak eta gomendioak zabalduko dituzte, eta informazio-webgune bat aktibatuko da herritarrei aholkuak eskainiz, etxe barruan zein kanpoan elikagaiak erosteko eta kontsumitzeko ohiturak hizpide izanik.
Jantokiez gain, besteak beste osasun-zentroetarako, hezkuntza-zentroetarako, egoitzetarako, eguneko zentroetarako eta enpresa-jantokietarako elikadura-zerbitzuak hornitzen dituzten bederatzi enpresek ere hartuko dute parte kanpainan.
Amaia Barredo Eusko Jaurlari-tzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak argi asko azaldu zuen atzo kanpainaren aurkezpenean elikagaiak alferrik galtzeak eragin kaltegarria dakarrela ingurumenean, ekonomian eta gizartean.
“Ingurumenaren ikuspegitik, elikagaiak alferrik galtzeak berotegi efektuko gasak isurtzea eta baliabide naturalak agortzea eragiten du, eta ekonomikoki ere galera handia da enpresentzat eta kontsumitzaileentzat”, azaldu zuen.
2030erako helburua
Barredok aipatu zuenez, Europako estrategia guztiek premiazkotzat jotzen dute baliabideak modu arduratsuan kudeatzeko eta elikagaien galerak eta hondakinak murrizteko premia, 2030erako txikizkako merkataritzan eta kontsumitzaileen artean hondakinak %50 murrizteko helburua ezarrita, bai eta %20 ekoizpen eta hornidura kateetan ere.
Orain hiru urte argitaratutako azterlan baten ondorioak aipatu zituen; bertan jasotzen zenez, alferrik galtzearen bolumen handiena elikatze-katearen azken fasean gertatzen omen da, alegia, etxeetan (guztizkoaren %57), merkataritzan (%26) eta ostalaritzaren eta sukaldaritzaren sektorean (%12).
Elikadura-katearen eragile guztiak sentsibilizatuz, arlo horretan prebentzioa sustatzeko konpromiso irmoa adierazi zuen sailburuak: elikagaiak alferrik galtzen direla kuantifikatuko dute eta, horretarako, datorren urtean beste diagnostiko bat prestatu, eta ezinbestekoak diren arauak egokituz.
Era berean, Osasun Sailaren eskutik protokoloak ezarriko dituzte soberakinen errebalorizazioan elikagaien segurtasuna bermatzeko; euskal elikadura sistema zirkularra eta jasangarria izatea sustatzen duten proiektuak bultzatuko dituzte, eta enpresei laguntza ekonomikoak emango zaizkie elikagaiak alferrik ez galtzeko prebentzio planak inplementatu ditzaten.