Etorkizun jasangarri baterako hezkuntza Usurbilen
Usurbilgo Lanbide Eskolak eskaintza zabala eta askotarikoa du zazpi familia profesionaletan banatuta. Enpresen errealitatera egokituta, berrikuntzak ditu datorren ikasturterako
Usurbilgo Lanbide Eskola bere ingurunean sakon errotuta dago. 1975ean ibilbidea hasi zuenetik, bere ikasgeletatik Buruntzaldea eskualdea garatzen lagundu du, bai bertatik ateratako ikasleen bidez, baita eskualdeko enpresekin duen harremanen bidez.
Zazpi familia profesionalek osatzen dute ikastetxearen eskaintza: Administrazio eta Kudeaketa; Elektrizitatea eta Elektronika; Energia eta Ura; Fabrikazio Mekanikoa; Ostalaritza eta Turismoa; Informatika eta Komunikazioa, eta Instalatze eta Mantentze lanak. Erdi eta goi mailako heziketa zikloekin batera, lanean dauden pertsonentzako eta langabetuentzako formakuntza ikastaroak ere eskaintzaren barruan daude.
Ikasle kopuruak gora egin du, eta horren adibide da ikasturte honetan izandako igoera. Matrikulazio datu on horiek langile zein langabeei zuzendutako ikastaroetan ere nabaritu dira.
Urtean zehar, Usurbilgo Lanbide Eskolaren eskaintza handitu eta dibertsifikatu egin da. Ikasturte honetan, esaterako, web aplikazioak garatzea eta jatetxe arloko zerbitzuen zuzendaritza zikloen lehen ikasle promozioak irtengo dira.
Gaitasun emozionalak eta harremanak lantzen
Eskolan bost urte daramatzagu ikasleen gaitasun teknikoekin batera gaitasun sozio-emozionalak lantzen. Gure ustez, zeharkako gaitasun horiek ezinbesteko tresnak dira etorkizuneko profesionalentzat, eta gero eta gehiago eskatzen ditu lan munduak eta gizarteak oro har. Horregatik, EHUko Psikologia Fakultateko irakasleekin elkarlanean diseinatutako egitasmo bat eta Harremanak Hezikidetza Programa garatzen ditugu, bereziki erdi mailako ikasleekin. Tutoreek eta kanpoko adituek dinamika ezberdinak gidatzen dituzte komunikazioa eta harreman pertsonalak hobetzeko helburuarekin. Urtez urte emaitza oso positiboak lortzen ari gara, eta ikasleen garapen integralerako ekarpen baliotsua dela berresten da.
Energia trantsizioaren bidean eredu
Energia Berriztagarrietan Lanbide Heziketako Bikaintasun zentroa da Usurbilgo Lanbide Heziketa Eskola. Jasangarritasunarekin eta energia berriztagarriekin duen konpromisoak energia autokontsumorako sistema eraginkor bat ezartzera eraman du. Gaur egun, kontsumo elektrikoaren zati handi bat bere kabuz ekoizteko gai da, energia trantsizioaren bidean eredu bihurtuz.
Ikastetxeak 40kWp-ko instalazio fotovoltaikoa jarri du martxan eta, horrekin batera, 200kWh-ko eta 100kW-ko potentziadun Huawei bateria sistema instalatu du. Gailu horiek energia sortzeko eta metatzeko gaitasun handia dute, eta horrek autokontsumoa nabarmen handitzea ahalbidetu du.
Zenbakiek berretsi egiten dute lortutako eragina: Urte osoan zehar kontsumitutako energiaren %50 ikastetxeak berak sortzen du berriztagarrei esker. Eta udaberri-uda garaian, eguzki orduen abantailarekin, %80raino iristen da autokontsumoa, hau da, gutxi gorabehera 100 familiaren urteko kontsumo elektrikoaren baliokidea.
Egun, ikastetxearen energia kontsumoa 120 familiaren kontsumoarekin parekagarria da, eta autokontsumoaren bidez sortzen den energiak ez du soilik ingurumenari egiten dion ekarpena nabarmentzen, ikaskuntza-esparruan ere balio handiko aukera pedagogiko bihurtu da. Ikasleek zuzenean energia berriztagarrien aplikazio errealak eta jasangarritasunerako tresna teknologikoak ezagutzen dituzte.
Nazioartekotze proiektuak
Bi nazioartekotze proiektu ere azpimarratu behar dira. Alde batetik, 'VetSkilling' izeneko lankidetza egitasmoan 15 ikaslek Europako lurralde desberdinetako topaketetan parte hartu dute. Gaitasun teknikoekin batera, gaitasun intrapertsonalak eta interpertsonalak garatzeko aukera izan dute. Bestalde, 'DGVET-30' egitasmoa ere abian dago, bi helburu nagusirekin: ziklo industrialetan emakumeen presentzia estimulatzea, eta monitorizazioaren laguntzarekin gasen emisio eta energia kontsumoak murriztea.
Horrez gain, Europako beste ikastetxe batzuekin elkartrukeak egin dira, Herbeheretako eta Danimarkako eskolekin, hain zuzen. Une honetan, hamabost bat ikasle hiru hilabeteko praktikaldia egiten ari dira Europako hainbat enpresatan.
Heziketa eskaintza eguneratua, tokiko beharrei erantzunez
Aurtengo berritasunen artean, Mantentze-lan Elektromekanikoa zikloa nabarmentzen da. Ziklo honek Gipuzkoako industria-sareak dituen langile eskari errealei erantzuten die, eta azken urteotan erdi-mailako zikloetan izandako bilakaera positiboaren isla da.
Bestalde, azpimarratzekoa da Ostalaritzako Goi Mailako Zikloaren presentzia eskola publiko batean, tokiko zerbitzuen sektorearentzat funtsezko prestakuntza eskaintzen duelako. Gero eta beharrezkoagoa da profesional kualifikatuak izatea elikadura, zerbitzua eta ostalaritza arloan, eta ziklo honek arlo horretan espezializatzeko aukera ematen die gazteei.
Horiez gain, ikastetxeak beste erdi eta goi mailako ziklo ugari eskaintzen ditu, administrazio, automatizazio eta robotika, fabrikazio mekanikoa, energia eraginkortasuna edo aplikazio informatikoen garapena bezalako arloetan.
Eskainitako aukera guztiak eta informazio zehatza www.lhusurbil.eus webgunean kontsulta daitezke.
Aurrematrikula
Usurbilgo Lanbide Eskolan aurrematrikulazioa egiteko epea maiatzaren 5etik 23ra egongo da zabalik. Ikastetxean bertan egin daiteke edota 'online', Ikasgunea plataforman. Ondoren matrikulatzeko aukera izateko, ezinbestekoa da aurrematrikula egitea.
Temas
Más en Sociedad
-
Una avería inhabilitó 30 de las líneas del 112 en Valencia el día de la dana
-
Pradales anima a unirse a Euskaraldia: "Ponte la chapa e intenta que tu primera palabra sea siempre en euskera"
-
Eudel se vuelca con Euskaraldia y anima a impulsar el euskera en los municipios vascos
-
Catalunya abre una investigación por el caso del 'Pelicot catalán', la niña tutelada violada por una red de pederastas