Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak asteazken honetan ohartarazi duenez, azken urtean motorzale ugari hil dira EAEko errepideetan, bereziki Gipuzkoan.
14 motorzale hil dira
Zupiriak motorreko bide-segurtasunari buruzko lan-jardunaldia inauguratu du Donostiako Kursaalen. Izan ere, egoitza hori aukeratu dute Gipuzkoan motoziklistek eragindako istripu-kopuru handia dela eta.
Profila: 25 eta 64 urte bitarteko gizonezkoa
Sailburuak gogorarazi duenez, aurten 14 motorzale hil dira EAEko errepideetan, "gehienak Gipuzkoan", eta istripuak izaten dituzten motorzaleen profila nabarmendu du: 25 eta 64 urte arteko gizonezkoak, zilindrada ertaineko ibilgailuak gidatzen zituztenak eta hiriarteko bideetatik zihoazenak.
Kontzientziazioa
Zupiriaren esanetan, istripu horietan gehien eragiten duten faktoreak dira gidariaren trebetasuna, zirkulazio arauak errespetatzea eta baita errepideetan dabiltzan gainerako ibilgailuen eragina ere.
"Garrantzitsua da errepidean gaudenok kontu handiz ibiltzea pertsona zaurgarrienekin, arriskutsua izan daitekeen espazio horretan elkarrekin bizitzen ikastea", esan du sailburuak.
Sailburuak gogorarazi duenez, bere Sailak dekalogo bana argitaratu zuen, bakarka ibiltzen diren motorzaleei eta taldean ibiltzen direnei gomendioak emateko.
Arkautin ere ikastaroak jarri zituzten martxan, ariketa teoriko eta praktikoen bidez motorzaleen trebeziak hobetzeko.