2025eko Aurrekontuen helburu estrategikoa zerbitzu publiko horretarako sarbidea hobetu eta erraztea izango da Justiziako sailburu María Jesús San Josék atzo iragarri zuenez, eta, helburu horrekin, baliabide gehiago bideratuko dira doako justiziara. Horretaz gain, justiziara iristeko egun oraindik antzematen diren oztopoak aztertuko ditu Eusko jaurlaritzak, gatazkak konpontzeko bitarteko alternatiboak bultzatuz.

Fiskaltza, bitarteko teknologikoak eta ekintza publikoaren egikaritza mintegiaren inaugurazio ekitaldian, justiziarako sarbidea eragozten duten oztopo fisiko, ekonomiko, teknologiko eta konfiantzazkoak identifikatu eta murrizteko berariazko azterlan bat abian jartzeaz hitz egin zuen San Josék, oraingoz zerbitzu judizialetara hurbiltzen ez direnengana iritsi ahal izateko. Auzitegiak eta Fiskaltza gainkargatuko ez dituzten gatazkak konpontzeko “baliabide alternatiboak” sustatzearen garrantzia azpimarratu zuen sailburuak. Sistema judizialeko heziketa digitalean aurrera egiteko premia ere nabarmendu zuen, eskubideetarako sarbidean eragin handia duen arrakala murrizteko.

“Justizia modernizatzea ez da soilik eragile juridikoei lana errazteko baliabide teknologikorik onenak eskura jartzea, teknologia horretan jarduteko baliabideak eta trebetasunak herritar guztiei eskaintzea ere bada”, esan zuen San Josek.

Irisgarritasuna lantzen

Irisgarritasunari dagokionez, bere saila hainbat urritasunengatik premia bereziak dituzten pertsonei zuzendutako neurriak lantzen dabilela aipatu zuen sailburuak, egungo katalogoa berrikusten ari direla, Europako estandarrak zintzo bete ahal izateko. Horren harira azpimarratu zuen San Josek, ezinbestekoa dela adinekoentzat alfabetatze digital judizialeko plan bat garatzea, zerbitzu publikoen erabileran erabat ahalduntzearren.

“Gizarte zintzo batek ezin du onartu bere kideen laurden bat zerbitzu publikoetatik baztertuta geratzea, laster herena izango dira, gainera”, esan zuen sailburuak.