Alaia Martin Etxebeste nagusitu da gaur Eibarren Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetan, finalerdietarako txartela eskuratuz. Aurtengo edizioaren bigarren fasea giro bizi bizian jokatu da lepo beteta zegoen armaginen herriko Coliseo Antzokian. Hantxe aritu dira nor baino nor gehiago Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Aratz Igartzabal Bidegain, Eneko Araiztegi Agirre, Haizea Arana Cardenal eta Manu Goiogana Bengoetxea.

Iban Narbaiza aritu da gai-jartzaile lanean, eta behin proba puntuagarriak amaituta oiartzuarra izan da nagusi 531,5 puntu lortuta, azaroaren 24an Zarautzen jokatuko den finalaurrekorako zuzeneko sailkapena lortuz. Agin Laburu Rezola izan da bigarren 503,5 punturekin, eta Eneko Araiztegi Agirre hirugarren 469 puntu batuta.

Igande honetan Errenterian egitekoa den saioari dagokionez, oraindik ere bertsosarrerak.eus atarian sarrerarik badagoela jakinarazi nahi izan dute antolatzaileek.