Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa bigarren fasean murgilduko da asteburu honetan, final-laurdenetako lehen bi saioak jokatuta: gaur Eibarren eta bihar Errenterian. Guztira, bost hitzordu izango dira, hiru asteburutan banatuta, eta azkena azaroaren 3an jokatuko da Tolosan.
Gaurko hitzordua Eibarko Coliseo Antzokian izango da sei bertsolari hauekin: Agin Laburu, Alaia Martín, Aratz Igartzabal, Eneko Araiztegi, Haizea Arana eta Manu Goiogana; gai-jartzaile lanetan Iban Narbaiza arituko da.
Bihar, Errenteriako Lekuona Fabrikak hartuko du bigarren saioa; Aitor Salegi, Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Iñigo Gorostarzu, Oihana Arana eta Unai Gaztelumendi arituko dira bertsotan, eta moderatzaile Aizpea Garmendia izango da.
Bi saio horietan Amaia Otxotorenak, Karlos Ibargurenek, Maite Sukiak, Oihana Arangurenek eta Zigor Leundak osatuko dute epaimahaia.
Beste hiru saio
Txapelketako final-laurdenak beste hiru saiorekin osatuko dira: hilaren 26an Azkoitiko Baztartxo antzokian, 27an Irungo Ficoba Auditorioan eta azaroaren 3an Tolosako Leidor Aretoan. Ondoren etorriko dira Oiartzun, Zarautz eta Arrasateko hiru finalerdiak, eta abenduaren 14an jokatuko den Donostiako final handia.