Haur baten heriotza baino gauza mingarriagorik ez dago. Hain da gogorra, non tabua den ia. Horren ondorioz, ez da jakiten nola erantzun. Haurrekin horri buruz hitz egitea komeni da ala ez? Nola kontatu? Zer esan haur bat galdu duten gurasoei? Hori guztia ikusita, haurren bat galdu duen guraso talde batek Gehiago Gara ekimena jarri du abian, Hil Argi elkartearen laguntzarekin.
Egitasmo honen bultzatzaileen artean Zumarragan bizi den Amaia Madariaga gernikarra eta Oihane Arriaran zumarragarra daude. Hil Argi elkarteko Nere Erkiaga lekeitiarraren babes “osoa” jaso dute.
Hil Argi elkartea 2018an sortu zen, “herio-tzaren inguruan dagoen tabuari aurre egiteko. Heriotzari ikara badiogu, ezin gara ondo bizi”. Ez dira doluaz, medikuntzaz edo espiritualitateaz mintzo. “Alor horietan jende asko dabil. Gu kultur aldaketa bat susta-tzeko gogoz hasi ginen. Dena irekia utzi genuen, proiektuekin betetzeko asmoz”, azaldu du Erkiagak.
“Haurren bat galdu dugunoi jendea urduri hurbiltzen zaigu, edo ez da hurbiltzera ausartzen… Eleneren lagunek hil egin da esan zidaten eta gurasoak eta irakasleak urduri jarri ziren eta isiltzeko esan zieten. Horrek ez du egoera errazten"
Agurrak egiteko gida bat egiten ari dira eta zaintza aringarrietan dauden haurrentzako bertso ipuinak sortu dituzte. Duela urte eta erdi, berriz, Gehiago Gara egitasmoa lantzen hasi ziren. “Gure alaba Elene 2019an hil zen. Berarentzat bertso ipuin bat egin genuen eta hortik Nereren eta bion artean harreman berezia sortu zen. Duela bi urte inguru, Eleneren prozesuan ikusi genituen beharrez hitz egiten hasi ginen. Ez da gure min pertsonaletik egiten dugun zerbait. Familiako lanketa eta dolua egin ditugu, baina hezkuntzan, osasungintzan… gizartean orokorrean, beharrak ikusten ditugu. Tabua, isiltasuna, apurtu behar dira eta baliabide batzuk sortu behar dira”, azaldu du Madariagak.
“Gure alaba Elene 2019an hil zen. Berarentzat bertso ipuin bat egin genuen eta hortik Nereren eta bion artean harreman berezia sortu zen"
Arriaranek ere hasieratik parte hartu du: berak ere alaba bat galdu zuen eta Madariagak eta biek ikuspuntu bera dute. “Haurren heriotzaren aurrean gizartean dauden hutsuneak dira gure lanaren ardatzetako bat. Bestea, heriotza haurrekin nola landu da”, aipatu du Erkiagak. “Gehiago gara hildako umeak ere hor daudelako, gure bihotzetan. Bestalde, gure dolua eta mina baino gehiago gara. Eta hirugarrenik, geroz eta gehiago gara heriotzaren gaia haurrekin lantzen dugunok eta gehiago izango gara”.
Babesa, ezinbestekoa
Dagoeneko hainbat ekintza egin dituzte: manifestu bat adostu dute, laguntzaileak lortu dituzte eta zenbait talderi aitortza egin diete. “Lan hau ezin dugu bakarrik egin, gai honen inguruan jende asko baitabil. Babesa behar dugu eta Bizipozarekin, dolua lantzen duten Bidegin eta Goiz Argi elkarteekin, heriotza perinatalaren inguruan lan egiten duen Esku Hutsik elkartearekin lan egiten ari gara”.
Horretaz gain, praktika onak aitortu dituzte: dolu perinatalaren inguruan gida bat sortu duen Basurtuko ospitaleko taldea, Gurutzetako ospitaleko zainketa aringarri pediatrikoen unitatea, heriotzaren pedagogian lan handia egin duen Antzuolako eskola, Oiartzungo Udala (ume jaio berriei egiten dieten ongi etorrian jaio berritan edo jaio aurretik hildakoak kontuan hartzen dituelako), Pirritx, Porrotx eta Marimotots (heriotzaren inguruko pedagogia egin dutelako), Txabi Arnal irakaslea (heriotzaren pedagogia egiten duelako) eta Tolosako liburutegia (heriotzaren inguruko bilduma bat egin duelako).
Abenduaren 15ean Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan: herri hori aukeratu dute, bertan gaiarekiko sentsibilitate berezia erakutsi dutelako
Aitortzaren helburua denek elkar ezagutzea eta elkarrekin lan egitea da. Etorkizunera begira, elkarte eta norbanako gehiago erakarri nahi dituzte. Ekitaldiak haurren bat galdu duten guraso gehiago ezagutzeko balio izan zuen. Gainera, Txost! taldeak gaiari buruzko abesti bat sortu du.
Eta ekainean Osakidetzaren Zainketa aringarri pediatrikoen erronka berriak mahai inguruan parte hartu zuten, Bilboko Euskalduna jauregian. Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan beraiek lantzen duten gaiari buruzko ikastaroa eman zuten. Hurrengo ekitaldia Gehiago Gara jaia izango da. Abenduaren 15ean egingo dute. Antzuolan izango da, herri horretan gaiarekiko sentsibilitate berezia erakutsi dutelako.
Aurrerapausoak ematen
“Haurren bat galdu dugunoi jendea urduri hurbiltzen zaigu, edo ez da hurbiltzera ausartzen… Eleneren lagunek hil egin da esan zidaten eta gurasoak eta irakasleak urduri jarri ziren eta isiltzeko esan zieten. Horrek ez du egoera errazten. Heziketa naturalago bat nahiago dugu, beldur gutxiagokoa… Haurrek beldurra helduengandik jasotzen dute. Baliabideak landu behar ditugu haurrei irakasteko eta gizarte hobeago bat lortzeko. Hezkuntzako profesionalek ez dute curriculumaren barruan gai hau nola landu. Eta osasungintzari dagokionez, Elene etxean hil zen hala nahi izan genuelako. Zainketa aringarriak izan zituen, lasai hil zen eta oso eskertuta gaude, baina ez dago zaintza pediatrikorik. Zainketa aringarriko medikuak ez dira pediatrak”.
Beraien haurrak hil zirenean Zumarragako Udalaren gutuna jaso zuten eta oso esker oneko ageri dira, baina Arriarani zuhaitza landatzeko aukera ez izateak min egin zion.
Zama arindu beharra
Hildakoak ere beraien seme-alaben artean dituzte, baina beti ez dute hori esateko adorerik. “Zenbat ume ditugun galdetzen digutenean, egunaren arabera erantzuten dugu, azalpenak ez emateagatik edo askotan guri tokatzen zaigulako jendea lasaitzea. Hori guretzat zama da. Gainera, hil den umeari huts egiten ari garela iruditzen zaigu. Bestalde, norbaitek gazteak garela eta ume gehiago izango ditugula edo ume gehiago ditugula esaten digunean ere min ematen digu”.
Ama batek ezin du inoiz ahaztu hil den umea. “Garai batean egun baino askoz ere ume gehiago hiltzen ziren, baina hildakoak ez zituzten ahazten. Nire amonak hamalau seme-alaba eduki zituen eta hamaika bizi ziren, baina beti hamalau aipatzen zituen. Hori esateko beharra zuen. Elene hil zenean ulertu nuen”, aipatu du Madariagak.
Horretaz gain, beraiek bizi duten esperien-tziaren ondoren, aurrera egitea eta zoriontsu izatea posible dela zabaldu nahi dute. “Eskubide osoa dugu. Batzuetan ez dugula eskubide hori pentsatzen dugu”.