Ariane 6 berriaren estreinako aireratzea gaur egitekotan dira Guyana Frantseseko portu espazialetik. Aldakortasuna du ezaugarri nagusi suziriak, eta berari esker espaziora modu independentean jaurtitzeko gaitasuna berreskuratu nahi du Europak.
Dena prest
Suziria prest dago jada Kuruko portu espazialean. Lehen hegaldi horren arduradun izango den Europako Espazio Agentziak (ESA) jaurtiketa-leiho egoki bat aurreikusi du bertako 15.00etatik 19.00etara bitartean (18.00etatik 22.00etara GMT).
Lehen inaugurazio-hegaldiak 2 ordu eta 51 minutuko iraupena izango du, Vulcain 2.1 motorra pizten den uneetik kapsula botatzeko maniobrara arte.
Arrazoi tekniko edo meteorologikoen eraginez atzerapenik gertatuz gero, berriro ere saiakera egiteko moduan izango lirateke handik 24 edo 48 ordura, erregaia noiz kargatu ahal izango diotenaren gorabeheran.
Ariane 6 aireratzeko arrapalaraino eramateko proiektua hamar urte luzatu da; ESAk 2014an eman zion argi berdea eta lehen hegaldia 2020ko uztailerako aurreikusita bazegoen ere, atzerapenak bata bestearen atzetik etorri ziren, bai konpondu beharreko hainbat arazoengatik, bai covid-19a bezalako inguruabarrengatik ere.
Parte-hartzea
Proiektu horretan Europako 13 herrialdek hartu dute parte, besteak beste, Espainiak, egitasmoari %4,7ko ekarpena eginez; Frantziak (%55,6), Alemaniak (%20,8) eta Italiak ( %7,7); gainera, kontinenteko 600 enpresa inguruk ere zereginik izan dute.
Ariane 6k 17 bidaiari garraiatuko ditu, satelite, hedapen-gailu eta esperimentuen artean, horietako bi espainiarrak: UARX Space enpresa galiziarraren RAMI sateliteen bana-tzailea, eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoaren 3Cat-4, tamaina txikiko cubesat satelitea, zeinak, beste funtzio batzuen artean, hainbat fenomeno meteorologiko eta klimatiko neurtuko dituen espaziotik bertatik.
Eguzkitik eta zeruko beste iturri erradioelektriko batzuetatik datozen irrati-uhinak neurtuko dituen NASAren CURIE esperimentua ere hantxe izango da, nekazaritza adimenduneko satelite bat, baita material berriak frogatzeko erabiliko dituzten Lurreko atmosferara berriro sartzeko bi kapsula ere.
Espaziorako sarbidea
Ariane 5 erretiratu egin zuen orain urtebete ESAk, eta Ukrainako gerraren ondorioz Europak eten egin zuen 2022an Errusiako Roscosmos espazio agentziarekin zuen lankidetza, Ariane 6 martxan jarri arte haien Soyuz jaurtitzaileak baliatzen zituztelarik. Gainera, Vega C koheteak ere lurrean jarraitzen dute urte hartatik bertatik, bere lehen misio komertzialak porrot egin eta gero.
Ingurumaria horretan jaurtitzaileen krisia piztu zen, sektoreko lehia hazten ari den garaiotan; itxoin ezin zuten misio instituzional batzuk, SpaceX estatubatuarrarekin abiarazi behar izan zituen Europak.
Sarbide independentea
Ariane 6rekin, Europak espaziorako sarbide independentea berreskuratu du. Sektore hori funtsezkoa da eguneroko bizitzan dakartzan aplikazioengatik eta estrategikoa estatuentzat, azaldu du Lucía Linares ESAko espazio-garraioaren eta hegaldi instituzionalen estrategiaren arduradunak, prentsari egin berri dion aurkezpenean.
Haren hitzetan, aldakortasuna eta moldagarritasuna omen dira suziri berriaren indarguneak, horiei esker, kostuak murriztea eta merkatuaren bilakaerari azkarrago erantzutea ahalbidetzen du, beheranzko joeran murgilduta dabiltzan satelite geoegonkorren aldean sateliteen konstelazio berrietan aldaketak azkar gertatzen direlako, zehaztu nahi izan zuen.
Suziri bat, bi bertsio
Jaurtitzaile berria are modularragoa da, eta bi bertsio ditu: gaur jaurtiko duten Ariane 62, 56 metroko altuerakoa eta aireratzean bultzada nagusia ematen duten bi propultsatzaile dituena, eta datorren urtean hegan egiteko prest egotekoa den Ariane 64, 62 metrokoa eta lau propultsatzaile dituena.
Gauzak horrela, malgutasun handia izango luke karga astunak eta arinak orbita sorta zabal batera bidaltzeko, Lurraren behaketa, telekomunikazioak, meteorologia, zientzia eta nabigazioa bezalako hainbat aplikazioetarako.
Berrikuntzarik handienak nabarmentzekotan, lau aldiz berrabiarazi daitekeen Vinci motordun suziriaren goiko etapa, eta oso lagungarri zaion eta, behar izanez gero, sateliteak hedatzeko ere baliagarri izan dakiokeen potentzia-unitate osagarria (APU) azpimarratu beharko liratekeela azaldu zuen Matías Fernández Valbuenak, Ariane 6ren egituren arduradunak.
Lau aldiz ere pizteko ahalmena duenez, nahiz eta inaugurazio-hegaldian hiru aldiz piztuko den, hainbat karga erabilgarri dituzten misioak jaurti daitezke, gero orbita desberdinetan ipintzeko. Jaurtiketa guztietan, suziriaren goiko etapa orbitatik ateratzeko izango da azken piztu-aldia.
Behin Lurrera sartzerakoan erre-tzea edo hilerri-orbitara batera eramatea da helburua, espazioan zabor gehiago ez sortzearren. Nolanahi ere, Ariane 6 ez da bere lehen etapa berreskuratu eta berrerabiltzeko pentsatutako suziria, SpaceX-ren Falcon 9arekin gertatu bezala.
30 misio erreserbatuta
Estreinako aireratzea ESAren ardurapekoa da erabat; handik aurrera, Arianespace izango da abiarazte-zerbitzuen hornitzailea, misio instituzionalen-tzat zein komertzialentzat.
Oraingoz, proiektuen zerrendan 30 misio badaude hitz emanda. Aurreikuspenen arabera, urte amaieran bigarren hegaldi bat egingo da; 2025ean lau, zortzi 2026an eta 2027rako hamar.
Arianespacek dagoeneko 18 jaurtiketa sinatu ditu, Amazonen Kuiper Internet satelite-konstelazioa heda-tzeko, eta Europako posizionamendu sistemaren Galileo sateliteetarako ere erabiliko da.
Linaresek azpimarratu zuenez, Europaren eta herrialde kideen misio instituzionaletarako espaziorako sarbidea bermatzea omen da jaurtitzailearen helburu nagusia.