Irantzu Vergara Euskal Herriko Unibertsitateko IBeA taldeko ikertzaileak adierazi duenez, “antibiotikoak eta antimikrobianoak pertsonengan eta animalietan modu masiboan erabiltzearen ondorioz, substantzia horiek agertu dira espero ez zen ingurumeneko hainbat laginetan”.
Gorputzean guztiz metabolizatzen ez diren medikamentuak bide zenbaitetatik ingurumenera heltzen dira (adibidez, simaurretik, ongarritarako erabiltzen diren araztegietako lohietatik, etab.); horietatik zorura iragazten dira, eta elikadura-katearen oinarri diren laboreetara eta zizareetara ere pasa daitezke. Vergararen esanetan, “Ez da frogatu, epe laburrean gizakiarentzat toxikoak direnik, baina dietaren bitartez antibiotikoak nahi gabe kontsumitzeak arazoak eragin diezazkieke alergikoei, eta epe luzeko esposizioaren eraginak ezin dira oraindik behar bezala neurtu. Inolaz ere, kutsadura horren ondoriozko arazo nagusia bakterio multi-erresistenteak ugaltzea da; eta infekzioan daudenean, oso zaila da haien aurkako tratamendu efektiboa lortzea, Europan, urtean, 33.000 heriotza eragiten dituztelarik”.
Ildo horrekin jarraituz, Euskal Herriko Unibertsitatetik nabarmendu zutenez, barazkietan eta zizareetan antimikrobiano-kontzentrazio oso baxuak detektatzen dituzten bi analisi-metodo garatu ditu IBeA ikerketa-taldeak, arazo horri aurre egiteko: Vergarak aipatu duenez, “Simaurrean medikamentu-kontzentrazio handiak izatea espero bagenezake ere, substantzia horiek barazkietara edo zizareetara pasa ondoren, kontzentrazio maila askoz apalagoak espero ditugu. Horregatik, kontzentrazio horiek detektatuko dituzten metodo are sentikorragoak behar dira”. Vergarak Euskal Herriko Unibertsitateko laborategietan garatu dituen metodoei esker, mikrobioen aurkako medikamentuen gama zabala zehaztu daiteke, baita haien eraldatzetik eratorritako hainbat produktu ere. Ikerlariak azaldu duenez, “medikamentuak jatorrizko forman iraitzi daitezke, edota eraldatuta bestela, behin metabolizatu ondoren (gure organismoaren barruan aldaketak jasan ondoren). Gainera, oso konposatu sentsibleak direnez, tenperaturaren, hezetasunaren, argiaren eta bestelako faktoreen ondorioz, ingurunean oso erraz degradatu eta eraldatzen dira”. “Metodo horiek aurrerapen garrantzitsuak ekarri dituzte. Izan ere, orain arte ez baikenuen barazkietan eta zizareetan antimikrobiano-gama zabal bat aldi berean aztertzeko metodo analitikorik; are gehiago, ez zirelako zentratzen eraldatutako produktuen analisian. Antibiotiko-familia bakoitzak propietate fisiko eta kimiko desberdinak dituenez, analisi-metodo bera haiek guztiak analizatzeko baliagarri izatea oso garrantzitsua da. Gainera, detekzio-muga nahiko baxuak lortu ditugu, eta horri esker, substantzia horien kontzentrazio oso baxuak atzeman ditzakegu ingurumenean”, azpimarratu dute Euskal Herriko Unibertsitatetik.
Ikerketa
Barazkien kasuan, ikerketa-taldeak laginak jaso ditu Euskal Herriko zenbait puntutan; nekazaritza ekologikoko laginak, baita nekazaritza ez-ekologikokoak ere. Beraien hitzetan, “EAEn antibiotikoen arazoa zenbaterainokoa zen neurtzea genuen helburu. Egindako analisi-azterketako datuek erakutsi dutenez, mikrobioen aurkako medikamentuak eta haien eratorriak egon badaude barazkietan: egiaztatu ahal izan dugu antimikrobianoak eta haien degradazio-produktuak pasa egiten direla zorutik barazkietara. Beraz, antimikrobianoen kutsadura arazoa da Euskadin”. Zizareei dagokienez, esposizio-baldintza kontrolatuetan egin dute saiakera; alegia, “zehatz mehatz diseinatutako azterketa da, eta laborategian egin da zizareak erabiliz. Zorua kutsatuta egonez gero, zoru horietan elikatzen diren zizareek beraien organismoetan antimikrobianoak metatu ote ditzaketen egiaztatu nahi genuen”. Azterketak garbi erakutsi du antimikrobiano horiek organismoan metatu egiten direla, eta orain arte erregistratu ez diren mota askotako produktu eraldatu anitz sortzen dituztela”. Vergarak aipatu duenez, ezinbestekoa da “ildo horretan diziplina anitzeko ikuspegiarekin ikertzen jarraitzea, arazo horrek gizarte guztiari eragingo diolako datozen hamarkadetan”. Esate baterako, ura tratatzeko instalazioek ez dute gaur egun tratamendu guztiz eraginkorrik farmako-hondakinak erabat ezabatzeko, eta askotan, ur horiek ureztatzeko erabiltzen dira. Ikertzaileak gaineratu duenez, “Antimikrobiano ugari sartzen da etengabe ingurunean, eta bakterioak, haiekin bizitzera ohitzen eta haien aurkako erresistentzia sortzen ari dira. “Hala, kasu batzuetan ez dago bakterio multi-erresistenteekin kutsatzen diren pertsonentzako tratamendu eraginkorrik. Arazoa minimizatu eta epe laburrerako zein ertainerako soluzioak bilatzekotan, ezinbestekoa da ikertzen jarraitzea”. Irantzu Vergara bere doktorego-tesian ari da ikerketa hori garatzen. Euskal Herriko Unibertsitateko IBeA ikerketa-taldean dabil tesia egiten, Ailette Prieto eta Maitane Olivaresen zuzendaritzapeank. l
Xehetasunez
l Informazioa. Euskal Herriko Unibertsitatetik azpimarratu zutenez, arazo horri aurre egiteko, barazkietan eta zizareetan antimikrobiano-kontzentrazio oso baxuak detekta-tzen dituzten bi analisi-metodo garatu ditu IBeA ikerketa-taldeak: Vergarak dioenez, “Simaurrean medikamentu-kontzentrazio handiak izatea espero da, baina substantzia horiek barazkietara edo zizareetara igaro ondoren, kontzentrazio askoz baxuagoak espero dira. Beraz, kontzentrazio horiek detektatuko dituzten metodo sentikorrak behar dira”. Vergarak Euskal Herriko Unibertsitateko laborategietan garatu dituen metodoei esker, mikrobioen aurkako medikamentuen gama zabal bat zehaztu daiteke, baita haiek eraldatzetik eratorritako zenbait produktu ere. Ikertzaileak azaldu duenez, “medikamentuak jatorrizko forman iraitz daitezke, edo eraldatuta iraitz daitezke, metabolizatu ondoren (gure organismoaren barruan aldaketa batzuk izan ondoren). Gainera, konposatu sentsibleak dira oso, eta tenperaturaren, hezetasunaren, argiaren eta bestelako faktoreen ondorioz, ingurunean oso erraz degradatu eta eraldatzen dira”.
l Ikuspegia.Vergarak nabarmendu duenez, beharrezkoa da “diziplina anitzeko ikuspegiarekin ikertzen jarraitzea ildo honetan, arazo honek gizarte guztiari eragingo baitio datozen hamarkadetan”. Ura tratatzeko instalazioek gaur egun ez dute tratamendu guztiz eraginkorrik farmako-hondakinak erabat ezabatzeko, eta ur horiek ureztatzeko erabiltzen dira askotan”.