San Juan eguna adierazgarrienetako bat da Gipuzkoan ez ezik, lurralde osoan ere.

Tolosa, Irun, Eibar, Arrasate, Donostia, Beasain, Hernani edo Andoaingo herritarrek, beste leku askoren artean, San Juan sua piztuz eta dantza tradizionalak eginez ospatzen baitute bezperako gaua. Baina, zergatik biltzen da jendea suaren inguruan eta zein da jaiaren funtsa?

Antropologian doktoretza duen baita EHUko irakasle Aitzpea Leizaolak elkarrizketa eskaini dio egunkari honi jaiaren magia azaltzeko.

Zergatik ospatzen da San Juan gaua eta zein da bere jatorria?

—Gaur egun sekularizazio kontzeptu batean ospatzen da, kristautasunari eta denbora ulertzeko modu bati lotuta bada ere. Urteko egunik luzeena eta gaurik motzena da. Udako solstizioak markatzen du data, baina kristautasunak santuen egutegia gainjarri zuen, egunak finko bihurtu eta biak banatuz. Hori baino lehenago, gaua paganismoaren sinesmenei lotuta egoten zen. Batean zein bestean bi solstizio datak oso garrantzitsuak dira.

Solstizioak

Neguko eta udako solstizioak?

—Bai. Neguko solstizioa gabonekin lotzen dugu eta udako solstizioa Sanjoanekin, batak besteari ispilua egiten diolarik. Urte osoaren zikloa bitan banatzen duten oso egun esanguratsuak dira. Hori guztia oso garrantzitsua zen antzinako bizimoduan nekazaritza eta abeltzaintzari lotuta zegoelako. Nekazaritzaren egutegia ilargiaren arabera antolatzen zen eta naturarekin oso konexio zuzeneko giza taldea zen. Gaur egun, gauak sinesmen horietara lotuta segitzen du, beste egutegi batean kokatuta egon arren.

Udako solstizioa San Juan gauari dago lotuta dago, beraz?

—Solstizioa ekainaren 20-21. egunetan izaten da eta San Juan 23tik 24rako gauan ospatzen da. Nekazariek erabiltzen zuten ilargiaren egutegitik kristau egutegira aldatzerakoan gertatu zen hori datak finkatu egin zirelako. Jatorrian biak batera ospatzen ziren, baina zientziak bere bidea egin ahala eta neurketa zientifikoak zorroztuz joan diren heinean, biak bereiztea ekarri dute.

Gaur egun ezagutzen dugun egutegia zientzialarien eta munduaren errotazioaren arabera finkatu da. Horrek , solstizioa eta San Juan gaua banatuta egotea ekarri du. Ekainak 24ko ospakizuna San Juan Bataiatzailearen omenez finkatu zenez, ez dago aldatzerik. 

Zergatik deitzen zaio Sanjoan gaua?

—Kristautasunak ezarri zuen izena San Juan Bataiatzailearen omenez. Jesus baino sei hilabete zaharragoa zen eta kristautasunean oso santu esanguratsua da. Biak lotuta agertzen zaizkigu, bakoitza solstizio bati atxikitua. Kristautasunera sarbidea ematen duen figura bataiatzailea da San Juan. 

Zer suposatu zuen kristautasunak ospakizunean?

—Kristautasunak bere kode propioak ezarri behar zituen ospakizunetan, baina hutsetik hasterik ez zuenez joera sinkretiko batez baliatu zen; horrek bermatzen du antzinako kodeak parametro eta esanahi-sinbolo berriekin egokitzea.

San Juan gaua ez da soilik Euskal Herrian ospatzen.

—Europa mailan, gutxienez, aspalditik dago jasota Sanjoan suen tradizioa. Esate baterako, literaturan, Shakespearen Udako gau bateko ametsa lanean. Antropologoek, etnografoek eta hainbat ikerlarik Sanjoanekin lotura daukaten kultura ezberdinetako tradizio eta erritoak jaso izan dituzte .

Natura, magia eta sua

Gauari magia edo espiritualismo handia atxikitzen zaio.

—Naturarekin oso konexio estua dauka. Onaren eta txarraren bereizketa batekin lotu izan da. Eskatzen zaio urteari, nolabait, gauzak ondo joan daitezen, gaitzak desagertzea. Beraz, sutara botatzen dira urteko bizipen edo sentipen txar guztiak. Batzuetan horiek paper edo lora sorten bidez botatzen dira, baina erritoak ere existitzen dira.

Zergatik ospatzen da suaren inguruan?

—Suak hainbat gauza irudikatzen ditu. Alde batetik, sua naturaren elementutzat daukagu. Argitasuna mantentzen du, nahiz eta ilundu. Biziberritzea ere sinbolizatzen du, nahiz eta suak suntsitu, biziberritzen duela sinesten baita. Garbiketa edo purifikazioa ere atxikitzen zaio. Elementu soilaz aparte, gizarte antropologiaren ikuspegitik, nolabaiteko talde-kidetasuna sinbolizatzen du. Baserri baten inguruan biltzen direnak etxekoak edo gertukoak dira, plazan biltzen direnak herritarrak dira, auzoetan auzotarrak. Komunitatearen errepresentazioa dago. Garrantzitsua da komunitatearentzat Sanjoan sura hurbiltzea, bestela gabezia sentitzen da. 

Sanjoanetako sutea Donostiako Saguesen Iker Azurmendi

Beste elementu garrantzitsurik ba al da?

—Ura garrantzitsua da, nahiz eta gaur egun oso leku jakinetan agertu. Berarekin inbokazioak egiten dira. Naturarekiko sinesmenak ere oso zabalduta daude. Lizarra ere nabarmentzekoa da, haren inguruan dantza egiten delarik. Lizar adarrak babesgarritzat jartzen dira etxe atarietan, Hernanin oso bistakoa da, esate baterako. Azken hamarkadetan zabaldu den sinesmen edo errito esanguratsuenetako bat lizarraren azal zati bat kendu eta gertukoen artean banatzea izaten da, horretan ere babes elementu bezala hartuta. Landareen inguruko erritoak ere berreskuratzen ari dira. Hala nola, landare sorta batzuk egin eta urte osoan etxean gordez gero, Sanjoan sutara botatzen dira. 

Erritoak eta sinesmenak

Zer esanahi dute suaren inguruan egiten diren erritoak?

—Komunitatea errepresentatzen dute. Kasu batzuetan esanahi politiko nabarmena dute. Donostiaren kasuan, Konstituzio Plazan egiten den San Juanetako dantzan berreskuratu zen Udal agintariek dantzatzea. Hori, XX. menderarte edo lehenago, rol protokolario bat bezala ikusten zen. Alkateak eta beste udal agintari batzuek herritarren aurrean dantzatu behar zuten eta bertan dimentsio protokolario garrantzitsu bat zegoen. Leku askotan mantendu da, beste batzuetan berreskuratu edota galdu egin da. 

Ohikoa da ere suaren gainetik salto egitea.

—Saltoak desberdinak izaten dira lekuaren arabera. Nolabaiteko gaitasuna erakusteko modu bat da, desafio bat. Garbiketa edo purifikazioari atxikitzen dira, baina talde bateko kide zarela erakusteko ere egin daitezke besterik gabe. Askotan, abesti edo erritualen baten eskutik joaten dira. Badira beste erritual berriago batzuk; gaur egun asko ikusten da apunteak sutara botatzearena. Ikasturtea bukatu eta urtean zehar “sufritu” den guztia sutera botatzen da. Nolabait urteari edo garai bati amaiera ematen zaio.

Leku batzuetan Sanjoan gauari sorginen gaua ere deitu ohi zaio. 

—Hori nahiko berria da. Hiru edo lau hamarkada besterik ez dituzten erritoak dira. Nire ustez interesgarria da kristautasunarekin lotura ez duen pertsonaia bat berreskuratu izanaren zergatia. Orain egon badago sorginekiko atxikimendua, Hernanin adibidez oso nabaria da, akelarrea egiten baita. XX. mende hasieran bazeuden errito batzuk non sorginak aipatzen ziren. Bertan lotura bat ikusi dezakezu. Baina askotan nekazaritza zikloarekin lotuta zeuden.

Hernaniko Sanjoanetan ospatzen den Akelarrea Javier Colmenero

Zeintzuk dira Euskal Herriko Sanjoanetako elementu bereizgarriak?

—Suaren eta dantzaren tradizioari irmo eutsi zaio. XX. mendearen azken laurdenetik hona, dantzaren inguruko berreskuratze eta interpretazio berria egon da.

Zergatik dago hain sartuta ospakizun hori gure kulturan? 

—Komunitatearen esanahi hori oso presente dagoelako eta tradizioa mantendu egin delako. Gainera, egunerokotasunetik aparte eramaten gaituen zerbait delako. Are gehiago, sua ikusgarria da eta horren inguruan gauza asko antolatzen dira kontzertuak, bazkari eta afariak, umeentzako ekintzak, eta abar. Beraz, ez da soilik sua piztea eta listo, komunitatea, herria, plazaratu egiten baita.