Elhuyarrek hizkuntza berriak sartu ditu Elia itzultzailean. Hiztegiak aurrerapauso ederra eman du hizkuntza teknologien eta adimen artifizialaren esparruan gizartean sortzen ari diren erronkei erantzuteko, euren teknologia guztiak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz erabiltzeko aukera eskainiz.

Hemendik aurrera, adimen artifizialean oinarritutako Elia itzultzaile automatikoa, Aditu –ahotsa testu bihurtzen duen tresna– eta TTS ahotsak sei hizkuntza horietan erabiltzeko aukera dago, Elhuyarretik jakinarazi dutenez. Elia itzultzaile neuronalarekin, testu soilez gain, formatudun dokumentuak osorik itzul daitezke segundo gutxian, eta sistema edonon txerta daiteke. Horrez gain, itzulpenak pertsonalizatzeko aukera ere badu.

Hiztegi pertsonalizatu bat gehitu dakioke, hitz edo esaldi jakin batzuk nahi bezala itzul ditzan beti. Elia itzultzaileak TTS ahotsak integratuak du, eta, ondorioz, testu bat itzultzeko eskatzeaz gain, irakurtzeko ere agindu dakioke. “Itzultzaileak eskaintzen dituen aukera guztiak ezagutzeko elia.eus webgunean sartzea besterik ez dago”, azaldu zuten bertatik.

Bestalde, Aditu plataformak automatikoki prozesatzen ditu aurrez grabatutako audio eta bideo fitxategiak, eta haien transkribapenak eta azpitituluak sortzen ditu. Automatikoki sortutako emaitza hori webgunean bertan edita dezake erabiltzaileak, horretarako espresuki prestatutako edizio interfazean. Gainera, Elia itzultzailea integratuta duenez, webgunean bertan itzul daitezke transkripzioak eta azpitituluak sei hizkuntzatara.

Teknologia horiek guztiak Orai adimen artifizialeko zentroan sortutakoak dira. Orai NLP alorrean (Natural Language Processing) espezializatuta dagoen zentroa da, eta orain bi urte sortu zuen Elhuyarrek, enpresa eta erakundeei goi mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskaintzeko, eta industria ehunaren lehiakortasuna, administrazioen eraginkortasuna eta pertsonen bizitza hobetzeko helburuarekin.

Teknologia horiez gain, beste hainbat ikerketa ildo ere baditu zabalik Oraik, esate baterako, ingurune zaratatsuetarako hizketaren ezagutza, hizkuntza eredu neuronal arinak eta industriaren beharretara egokitzen diren zehaztasun handiko hizkuntza teknologia eskalagarriak. Hizkuntza ugari ditu langai, hala nola euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana, okzitaniera, aragoiera edota galegoa.

Adimen artifiziala

Elhuyarren ahots automatikoak, egiazkoak diruditen arren, adimen artifizialean oinarritutako teknologiaren bidez sortutakoak dira. Gainera, bere TTS ahots propioak eskuragarri jartzeaz gain, TTS ahots pertsonalizatuak sortzeko aukera ere eskaintzen du Elhuyarrek. Sei hizkuntzatan erabili ahal izango da, eta, horrenbestez, erabiltzaileek eduki zehatzak zein testu solteak automatikoki ahots bihurtzeko aukera zabalagoa izango dute.

Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako itzultzaile automatikoak, ahotsa testu bihurtzen duten tresnak eta ahots automatikoak, punta-puntako eta etengabe eguneratzen den teknologia erabiltzen dute. Konfidentzialtasuna eta segurtasuna ere bereziki zaintzen dituzte, eduki guztiak modu konfidentzialean tratatzen dituztelarik.

TTS neuronala, testua ahots bihurtzen duen sistema da. TTS ahotsak erabiltzeko hainbat aukera daude: ttsneuronala.elhuyar.eus webguneko kutxa erabilita, webguneetan barra irakurlea txertatuta, edota REST API bidezko integrazioak eginda. Aditu eremu askotan erabil daiteke, esate baterako ikus-entzunezkoen eta hedabideen sektorean edukiak azpititulatzeko, itzultzeko eta edukiari irisgarritasuna emateko; administrazio publikoan, udaletan eta, oro har, bileretan, aktak modu errazean idatziz jasotzeko; industrian, makinen eta pertsonen arteko elkarrekintzak ahots bidez egiteko. Erabilera guztiak aditu.eus webgunean ikus daitezke.

Zer da Elhuyar

Elhuyar irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da. 1972an jaio zen, zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. “Kultura-elkarte gisa egin genituen lehen urratsak, eta 2002an fundazio bihurtu ginen. Fundazioaz gain, Zubize SLU eta Eleka Ingeniaritza linguistikoa SL enpresek osatzen dute Elhuyar taldea”.

“Zientziak eta euskarak zutabe garrantzitsu izaten jarraitzen badute ere, gaur egun, ezagutza aurreratua aplikatzeko zerbitzuak eskaintzen ditugun erakundea gara. Enpresa, gizarte-eragile eta administrazioei irtenbide berritzaileak sortzen laguntzen diegu, mundu globaleko egungo erronkei erantzunez, diziplina anitzeko ikuspegiarekin”, azaltzen dute bertatik.

Xehetasunez

  • Informazioa. Adimen artifizialean oinarritutako Elia itzultzaile automatikoa, Aditu ahotsa testu bihurtzen duten tresna eta TTS ahotsak sei hizkuntza horietan erabiltzeko aukera dago, Elhuyarretik jakinarazi dutenez. Hain zuzen, Elia itzultzaile neuronalaren bidez, testu soilaz gain, formatudun dokumentuak osorik itzul daitezke segundo gutxian, eta sistema edonon txerta daiteke. Horrez gain, itzulpenak pertsonalizatzeko aukera ere badu. Hiztegi pertsonalizatu bat gehitu dakioke, hitz edo esaldi batzuk beti nahi bezala itzul ditzan. Elia itzultzaileak TTS ahotsak integratuak ditu, eta, ondorioz, testu bat itzultzeko eska-tzeaz gain, irakurtzeko ere agindu dakioke. “Itzultzaileak eskaintzen dituen aukera guztiak ezagutzeko elia.eus webgunean sartu behar da”.
  • Adimen artifiziala. Adimen artifizialaren arloko teknologia lankidetzan garatzen dute Elhuyarrek eta Orai adimen artifizialeko zentroak. Aliantza horrek aukera ematen die, puntako-puntako ikerketa-eremuak esploratu eta gero haiek zerbitzuetara ekartzeko. Adibidez, ahotsaren errekonozimenduko teknologiarekin egindako ikerketen emaitza da Aditu, bideo- eta audio-fitxategietako ahotsa testu bihurtu eta emaitza horrekin lan egiteko aukera eskaintzen duen plataforma. Bideo- eta audio-fitxategien transkribapen automatikoak egiten ditu euskaraz, gaztelaniaz eta elebietan. Horrez gain, azpitituluak sortzeko aukera ere eskaintzen du. “Tresna aparta da ikus-entzunezkoen irisgarritasuna bermatzeko”.