2022arekin alderatuta %7,5 egin zuen behera 2023an Euskadin ezkontzen kopuruak. Ezin ahaztu, ordea, urte horretan ezkontzek nabarmen egin zutela gora, pandemiaren murrizketen ondorioz bi urtez kopuru osoa asko gutxitu ondoren.
2023an Euskadin bizi ziren 7.225 bikote ezkondu ziren, eta 2022an, aldiz, 7.748. Kopuru horrek, gainera, %20,6ko igoera ekarri zuen 2021arekin alderatuz gero.
Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat), pandemiaren aurreko 2019koarekin lotu du ezkontzen kopuru osoa. Iaz, ezkontzak %3,3 gutxiago izan ziren 2019aren aldean, eta 2022an, berriz, %3,7 gehiago, covid-aren aurreko urtearekiko.
Nabarmentzekoa da 2023ko 7.748 ezkontzen %90,6 zibilak izan zirela, 2022an baino pixka bat gehiago (%90).
Iaz ezkondu ziren emazteen %19,3k eta ezkondutakoen %14,7k atzerriko nazionalitatea zuten, aurreko urtean erregistratutakoak baino ehuneko handiagoak direlarik (%18,2 eta %12,4).
Ezkontzek laugarren hiruhilekoan izan zuten bilakaera ere aztertu du Eustatek, 1.513 ezkontza izan baitziren, alegia, aurreko urteko hiruhileko berean baino %9,1 gutxiago (1.664).
Jaitsierarik handiena Araban izan zen, %27,6 gutxiago (157); jarraian Gipuzkoan %12,7 gutxiago (489) eta Bizkaian %3,1eko jaitsiera (761).
Laugarren hiruhilekoko 1.513 ezkontzetatik 51 sexu berekoen artekoak izan ziren, 27 gizonen artekoak eta 24 emakumeen artekoak. Hamar ezkontzatik bederatzi zibilak izan ziren.
30 urtetik gorakoak
Bestalde, gutxienez ezkongaietako bat egoiliarra zeneneko 106 ezkontza, Euskaditik kanpo inskribatu ziren (+%3,9).
1.151 emazterentzat lehen ezkon- tza izan zen, alargunak 7 izan ziren eta dibortziatuak 241. Gizonei dagokienez, 1.166 estreinakoz ezkondu ziren, beste 10 alargunak ziren, eta 225 dibortziatu berriro ezkondu ziren.
Ezkontzeko adinari erreparatuz, emazteen %86,2 eta senarren %91,3 30 urtetik gorakoak ziren. Gainera, emakume ezkonberrien %24,7 eta gizonezkoen %20,3 atzerriko nazionalitatedunak ziren; datu horiek 1,6 eta 4,1eko igoera erakusten dute, hurrenez hurren, 2022ko hiruhileko berarekin alderatuta.