Hausnarketa ariketa hobe dugu orain egin, gerorako utzi beharrean, eta helburu horrekin Andoni Eizagirrek eta Ion Muñoak, Mondragon eta Deustuko unibertsitateetako irakasle eta ikerlariak, hurrenez hurren, Sutraiko Eraldaketak Munduan liburua idatzi dute. “Planteatzen duguna da transformazio teknologiko bat bizitzen ari garela eta horrek eraldatzen dituela produkzio sistema eta baita sozializazio, komunikazio eta interakzio sistemak”, dio Eizagirrek.

Liburuaren harira, mahai inguru bat antolatu zuten pasa den otsailaren 29an Sabino Arana eta Oreki Fundazioek Donostian. Mondragon taldeko Zigor Ezpeletak eta Nafarroako Gobernuko sailburu Mikel Irujok bere ikuspuntua azaldu zuten orduan. Oraingoan, autoreekin egin du solasaldia NOTICIAS DE GIPUZKOAK.

Guretzat inportantea da kontestu orokorra mahai gainean jartzea. Hau da, eraldaketa teknologikoa, sustrai-sustraikoa; alegia, ez ditu azaleko gauzak eraldatzen, baizik eta erro-errokoak”, dio Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlari Andoni Eizagirrek: “Aldaketak oso modu azeleratuan eta etenik gabe. Ez dago puntu disruptibo bat eta nahiko…, ondoren dator beste zerbait”.

‘smartphone’-ak eraldatuta

“Aurreko iraultza teknologiko denek, aldatzen dute edo produkzio sistema edo komunikazio sistema. Aldiz, oinarri teknologiko digitalak dituzten teknologia multzoak, ze ez da Internet bakarrik, aldi berean egin duena da oso denbora gutxian pertsonen arteko komunikazio sistemak, gizarte interakzioko baldintzak, komunikazio publikoko baldintzak eta produkzio sistemako automatizazio eta abarren prozesuak eraldatu”, dio Ion Muñoa Deustuko ikerlariak.

Elkarrizketa hasi eta bost minutu eskas pasa ez direnean, ur sakonetan sartuak gara jadanik. “Lehen aldia da maila horretan horrelako iraultza teknologikoa dagoena, dio Muñoak: “Berezko ezaugarri bat da mundu guztian aldi berean gertatzen ari dela, azkarragoa dela beste batzuetan baino, eta ez bakarrik intergenerazionala dela, baizik eta intragenerazionala ere badela. Alegia, aldaketan sartu direla belaunaldi denak aldi batean kasik”.

Berak etxean bertan ikusi du: “Gure gurasoak bizi dira Gipuzkoa barnekaldeko herri txiki baten herrigunetik bi kilometrora, bakarrik, baserri batean. Eta Internet dute satelite bidez. Eta gure aitak egunean irakurtzen ditu albisteak pila, baina sartzen zaizkion iturri asko ez daki ezta zeintzuk diren ere. Eta guztia Smartphone batean ikusten du. Eta badauka ere adikzio puntu bat ere. Eta gertatu da aldi berean 12 urtekoetan eta 72 urtekoetan”.

“Txikiagoak eta zaharragoak”

Sustraiko Eraldaketak Munduan gai dexente jorratzen ditu, “baina liburuaren erdia da gutxigorabehera demokraziari buruz”, adierazi du Eizagirrek. Ez da ordea, “ohiko irakurketa”: “Saiatzen gara gure herrian dauden debate asko, marko orokor batean jartzen”, izan ere, “gure egunerokoan gertatzen ari zaizkigun gauza asko, Europako beste herrialde askotan aldi berean gertatzen ari dira”.

Erlijioak, adibidez, baina batipat “dimentsio traszendentalak gure gizartean hain denbora gutxian hainbesteko lekua galtzea, hain azkar galtzea” deigarria egiten zaio Muñoari. Bere ustez, “kontsumo-gizartea bizkortu” eta nagusitu egin da erabat.

Eta halere, ezinegona eta haserreak jota bizi gara. “Orohar, mendebaldeko klase ertain baxua, langile normalak etabar, beren bizi kalitatea gainbehera doa eta hortik bakarrik esplikatu daitezke Trump edo Le Pen”.

Kontsumo-gizartea bizkortu

“Populismoak ezin daitezke esplikatu komunikazio sistemarik gabe, baina ezta ere gizarte opulento bat, baina gainbeheran doanaren sentsazio bat gailentzen ari denik gabe, edota etorkizuna txarragoa izango denaren sentsazio orokorrik gabe”, azaldu du Muñoak.

Irakurketa “zabalagoa egin behar dugu”, ez soilik Mendebaldetik edo Europatik, munduan “sekulako arrakala dago batzuen eta besteen artean”, dio Deustuko irakasleak: “Jabetzea gu non gauden, zer garen eta norantza goazen, kontzientzia hori hartzeak, larritzeko moduko kezkak eragiten ditu”. Halere, bi autoreek diote ez dutela jarrera ezkorrik etorkizunarekiko.

Neurri hartze horretan, zenbaki hotzek ere informazio argigarria ematen digute: “Europa Munduko biztanleriaren %6 eskas da, eta euskaldunak %0,03. Europa eta EEBB batera, Txinaren erdia baino gutxiago dira biztanleetan, eta India Txina baino handiagoa da. Ez da biztanle kopurua bakarrik, baina mundua ulertzeko, gauza horiek guztiak kontuan izan behar ditugu”, azaltzen du Muñoak: “Geroz eta txikiagoak eta geroz eta zaharragoak”, horrek eragiten duen konpetitibitate murriztearekin ere.

“Mende askotan zehar lehen aldiz, guretzat hain onak izan ez daitezkeen eraldaketak ematen ari dira”, gehitu du Eizagirrek. Gure ongizate maila, segurtasuna, demokrazia… hainbat elementu daude kinka larrian.

Europar baloreak

Gauza hauek guztiak ulertzeko traszenditu behar dela, eskalak kokatu eta jabetu behar dugu guk dauzkagun debateak eta kezkak, gureak direla, eta mundua agian beste bide batetik doa”, uste du Eizagirrek.

Zehazkiago, “demokraziari buruz nahi dugun debate nuklear guztiak jorra ditzakegu, baina, guretik kanpo herrialde asko erakusten ari dira beste sistema politiko bat daukatela eta gainera, uste genuenaren kontra, ekonomikoki oso lehiakorrak izan daitezkeela. Orain konturatzen ari gara”.

Mondragon Unibertsitateko irakaslearen ustez, “hori oso bat dator 90. hamarkadako ikuspuntuarekin. Ze irakurketa egiten zen Mendebaldean globalizazioaz?: pixkanaka desplazatu ditzagun aktibitate batzuk beste herrialde batzuetara, manufaktura eta eskulan intentsiboa bereziki”.

“Gainera, teorizatzen zen horrek ekarriko zuela mundura ongizatea eta aukera emango zigula gu balio erantsiko aktibitateak egiteko. Orain dela oso gutxi arte, horretaz teorizatzen aritu izan gara. Jabetu gabe, 10-15 urte eskasean, horrek gizarteko segmentu bati Mendebaldean efektu negatiboak ekarri dizkiola”, azpimarratu du Eizagirrek.

“Ez da hainbeste langabezia, baizik eta gauzak hobera egitea ez dela agian denontzat gertatuko. Kontua ez da galdu duguna, baizik eta galdu dezakeenaren sentsazioa geroz eta barneratuago duelako jende askok”, adierazi du.

Errealitatea

Eta errealitateak zera dio: gaur egun, Asian ez dutela soilik gu baino merkeago produzitzen, baizik eta balio-erantsian ere lehian ari zaizkigula: “Europako multinazional asko, azkeneko 15 urteetan, geroz eta gehiago ateratzen ari dira I+G-a baita ere, diseinua, ingeniaritza, marketina, kanpoan ere gaitasuna dutelako eta lehiatzen ari direlako horrekin”, dio Eizagirrek.

Populismoaren “aurpegiak”`

Andoni Eizagirrek hartzen du lekukoa: “Populismoa ez da bakarrik eskuin-populismoa. Europan konparaketak egiten dituzunean, jabetzen zara batetik, populismoak daudela, pluralean, ze ezkerreko populismoa ere badago, baina eskuineko populismoa deritzogun hori oso dibertsoa dela. Eta zuk Vox karakterizatzerakoan erabiliko dituzun elementuak agian ez zaizkizu hain lagungarriak Danimarkan, Herbereetan edo herrialde Eskandinaboetan gertatzen ari dena ulertzeko”, uste du Eizagirrek.

Agerikoa da, bere ustez, “ezkerreko populismoak ez duela funtzionatu Europan, momentuz, baina konparatiboki, eskuin muturreko populismoa sendo dago”: “Hau da, bost europarretik bat, bataz beste, eskuineko populismoa bozkatzen ari da oraintxe bertan. Eta hori errealitate oso desberdinetan ari da gertatzen. Horretaz jabetzea oso inportantea da”.

Eta hemen nola gaude?

Eizagirrek dioenez, botu emaileak ez dute inongo arazorik alde batetik bestera pasa-tzen eta eskuineko populismo batetik ezkerreko batera pasatzeko. Baina horrez gain, uste du “kasualidade handiegia” litzatekeela “toki guztietan gertatzea eta gurean ez. Umiltasunetik, ez gara salbuespen bat, eta agian gurean ere populismoa badago beste era batean”.

Populismoa definitzerakoan badaude ezaugarri batzuk, eta bat da “erdibidekoa kendu”, dio Eizagirrek: “Daude herria, eta agintaria. Pluralidadea, parlamentua, horiek estorbu bat dira, antielitismoa deitzen zaio horri. Bitartekaritzako erakundeak, berdin dio eliza, sindikatuak, komunikabideak, horiek dira herritar onen interesen kontra dauden erakundeak. Populismoak, besteak beste, bilatzen du pluraltasuna kentzea; herria bat da, eta herri on hori norbaitek molestatu behar du”.

Ion Muñoaren ustez, badaude beste “tokiko faktore” batzuk ere populismoaren forma nabarmenenak gurera orain arte iritsi ez izateko: “Bat da, eskuin populismoa mediatuta datorrela frankismoak, Vox, eta horrek sortzen duen retxazoa oraindik zabala da”.

Bestalde, azaldu du Deustuko iker-tzaileak, “Inmigrazio tasak txikiagoak dira Europako herrialde gehienetan baino eta horrek atzeratzen du baita ere, eta desberdintasun sozial eta gizarte-babes sistema sendoenetakoa da Europaren barruan, gehi, alderdi politikoetan bertan ere, nagusiki bi alderdi abertzaleek, eduki dute komunikdadean permeabilidade garran-tzitsu bat, nahiz eta joera nagusia hor dagoen”.

Baina Muñoaren ustez, “Ertzaintzaren borroka mugimendua zer da? Edo traktoristaren mugimendua zer da? Zeri erantzuten dio kultura politiko bezala? Intermediazio klasikoa albo batera utzi eta zuzenean nik orain hartuko det, momentuko olatua aprobetxatuz eta etsaia dago Europan, dago globalizazioan. Hori baino diskurtso populista baino ezin da egon”, esan du.

Segurtasunaren “fikzioa”

Segurtasuna beste arlo garrantzitsua da. Muñoak dio “gaur egun fikzio eta ilusio handi batzuetan bizi” garela arlo horri dagokionez: “Europan zehar joatea nahikoa da, ez dago joan beharrik Ukrainara. Suedian duela gutxi NATO-n sartu berri da, eta armamentuko aurrekontua izugarri handitu du. Orduan, estatu batek, eta estatu kon-tzientzia daukanak, eta estatu-historia daukanak, eta Suediak badauka memoria, segurtasuna serio hartzen du”.

Eta guk, noski injustiziak miloika daudela. Guk Melilla ikusten dugu edo Bidasoan gertatzen dena, eta Euskal Herritik ikusten dugu giza eskubideen ikuspegi humanista eta buenista batetik, eta hala behar da, baina muga bat zer den ulertzea estatu batentzat, estatu batentzat ezinbestekoa da”.

Andoni Eizagirreren ustez, ikuspegi hori garatzerakoan, “estatua izan edo ez izan oso importantea da. Estatua zaren momentutik, konpetentzi batzuk dituzu. Guk estatu izan nahi dugu, baina inork ez dugu defentsari edo segurtasunari buruz hitz egin nahi. Estatu batean, gai nuklearretako bat da. Horregatik, horren inguruan esan ditzakegu nahi ditugun gauzak eta gehiago. Gutako inork ez duelako horren inguruko erabakiak hartu behar”.

Hiriguneak eta besteak

Hirigune eta beste zonalde edota landa-lurren arteko gatazka ere gertatzen ari da autoreen ustez. Eizagirreren hitzetan, hirietan eta beste guneetan bizi diren biztanleen eta “portaera elektoralak eta espektatibak desberdinak dira”. Eta populismoak, esan du, hirietatik kanpo du indar gehien.

Ondoren, galdera egiten dio bere buruari Eizagirrek: “Hirian jendea ondo bizi da? Beno, hirian aukerak daude. Horrek ez du esan nahi denak ondo bizi direla. Frustrazioa dago, prekarietatea dago, baina era berean, ia herrialde guztietan dena aglomeratzen ari da hirian, baita ere askatasun kulturala, aktibitate ekonomikoa, bizi ohiturak, eta hor elektoralki alderdi konbentzional eta neurri batean liberalek pisua dute”.

Aldiz, “guk diogunean, herrialde askotan, bostetik bat eskuin populismoa bozkatzen duela, hori erabat konzentratuta dago hiritik kanpo. Espektatiben galera da nagusi hor. Ezker populismoa bozka zezakeen? Agian bai. Baina ez dago alternatibarik. Esperientziak esaten dizu eta edozein inkestak, talde populista batek irabazten duenean, alderdi horren aldeko babesa oso txikia dela, baina besteen aurkakoa da handia. Desafekzioa da nagusi, beraz. Gehiena da stablishmet-aren kontrakoak. Ez izatez kontrakoak direlako, baizik eta baztertuak sentitzen direlako”, azaldu du Eizagirrek. “Bi sentimendu oso basikoetara joanda, da beldurra etorkizunekiko eta injustizia sentsazioa. Horiek dira bi motor garrantzi-tsu”, gehitzen du Muñoak.