Oraindik egitaraua ez dago guztiz itxita. Bizipoza elkartearen jaialdiak Hernaniko zenbait eremu hartuko ditu; hala nola, Atsegindegi eta inguruak (Biterin, Urbieta kalean...). Gonbidatu bereziak izango dira, besteak beste Ttarla dantza taldeko kideak, Porrotx eta Marimototsek ere ikuskizuna eskainiko dute, eta Hernaniko Herburu erraldoi eta buruhandien konpartsakoak ere bertan izango dira. Parte hartzailea den gune bat ere osatu da, tailerren gunea deitutakoa. Familia guztiak parte hartzeko aukera izango du bertan, noski. Tartean izango da Kanika Aisialdi taldea.

Atzo, martxoaren 6an, Bizipozaren Jaia aurkeztu dute Biterin eta ekitaldiaren xehetasunak emateko ondorengo kideak bildu dira: Bizipoza elkarteko ordezkariak, Leire Elizegi eta Markel Oiarzabal; Elkarte antolatzailea, Amaia Irazusta (Pausoka) eta Joseba Labaka (Super H); eta Hernaniko Udaleko ordezkariak, Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea eta Axier Mingo hezkuntza eta euskara zinegotzia. Hitza hartu du aurrena Hernaniko alkateak, eta harrotasunez azaldu du pozgarria dela Hernani izatea Bizipoza Jaiaren etxea: "Hernaniko Udalaren eta Bizipoza Elkartearen arteko harremanak badu dagoeneko ibilbide luze bat. Askotan bilakatu da Bizipozarentzat etxe Hernani, eta esan beharra dut, bai Udalarentzat eta baita herritarrentzat ere ohore bat dela horrelako jaialdi bat egiteko gure herria etxetzat hartu izana. Esan bezala, orain arte elkarlanean jardun dugu Bizipozarekin, eta horretan jarraitzeko asmoa dugu".

Lertxundik amaituta, Mingori pasa dio hitza, erroak zeintzuk diren azaltzeko: "Duela hilabete batzuk, gonbidapen berezi bat jaso genuen. Bilera batzuk egin ostean, erabaki genuen proposamenarekin aurrera egitea. Izan ere, argi geneukan horrelako egun batek garrantzia eduki zezakeela gurea bezalako herri batean. Beraz, proposamena heldu eta bi egunera aurrera egiteko erabakia elkarbanatuko genien Bizipoza elkarteko kideei. Udaletik esan behar dut, hasieratik ilusioz hartu dugula proposamena. Gainera ikusten genuen sentsibilizazio kanpaina honek, eman dezakeela asko gure eskoletan haurrekin lantzeko. Eta beraz, Bizipoza Elkartearekin elkarlanean aritu gara, hori lantzen. Ikusi dugu, Bizipozaren zipriztin txiki batzuekin denok irabazten aterako garela".

Bizipoza Elkartetik, Leire Elizegik hartu du lekukoa, eskerrak emanez: "Batetik eman nahi dizkiogu eskerrak Hernaniko Udalari, orain arte egin dugun elkarlanagatik eta Bizipozaren etxe eta herri sentitzen dugulako Hernani. Horrez gain, herriko hainbat eragileekin ere lanean ari gara eta horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Komunikabideei ere eskerrak eman nahi dizkiegu eta baita babesleei ere". Elizegik eskerrak eman ostean, Bizipoza Jaiaren helburuen berri eman du: "Bizipoza elkarteak gaur egun, Euskal Herri osoko 38 elkartez osatutako elkartea da. Denak, izaera bereziko gaiak lantzen dituztenak, eta haur eta familiek osatutakoak, hain zuzen. Eta Bizipozaren helburua da denona eta denontzat beharko lukeen gizarte inklusibo bat eraikitzea, euskaratik eta euskaraz. Horretarako Bizipozaren helburu bada elkarte hauek guztiak egunerokoan egiten duten lan hori, eta euren errealitatea gizarteratzea eta eragitea" .

Oinarri nagusiak zeintzuk diren ere zerrendatu ditu Elizegik: "Euskera, elkartasuna, bizipoza eta auzolana". Horregatik guztiagatik, Elizegik aipatu zuen Bizipoza Jaia antolatu dutela "helburu horiek eta oinarri horiek betetzeko asmoz". Bizipoza Jaia Hernanin antolatzearen arrazoiak elkarbanatzen, Joxe Mari Auzmendi ekarri dute gogora: "Joxe Mari Auzmendi, Bizipozako talde eragileko kidea zen, eta Hernanin egingo dugu ekitaldia, bera bizi zen herria babesgune hartuz. Beraz gogotsu eta irrikaz gaude".

Zer da Bizipoza

Pausoka elkarteko Irazustak hartu dio hitza Elizegiri, eta elkartearen nondik norakoak azaldu ditu: "Behar bereziak dituzten umeen familia osatzen dugu, sare bat gara. Sare bezala, eta beharrak asetuak ez dauden familia bezala, oso garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako festa batean gure errealitatea plazaratzea. Gizartean jakin dezan zergatik egiten dugun hau eta zergatik existitzen garen. Horregatik, antolatu dugu ekitaldi bat denontzat pentsatuta dagoena, denontzat egokitua".

Labakak amaituta, Markel Oiarzabalek antolaketari buruz jardun du: "Urtero herri ezberdin batean ospatzen dugu Bizipoza Jaia eta aurten zortea izan dugu Hernanin izango delako. Bizipozaren Jai honetan, elkarteak izango dira protagonista, baina egin dugu saiakera bat hernaniarron jaia ere izateko. Horregatik, hasieratik bildu gara herriko ikastetxeekin, kirol federatuko kideekin, herriko eragile ezberdinekin... Eta esan beharra dugu jaso dugun erantzuna izan dela oso baikorra. Zentzu horretan oso eskertuta eta oso pozik gaude".

Super H elkartearen izenean, Joseba Labakak jaialdiari buruzko zenbait datu eman ditu: "Jaia Hernanin egingo dugu, apirilaren 27a, larunbata. Egun osoko jaia izango da, goizeko 11:00ak aldera hasita"

Egitarau "potoloa" prestatu dute apirilaren 27rako, hala aitortu du Oiarzabalek: "Egun osoan izango dira ekintzak. Hainbat eremu erabiliko ditugu horretarako; lehenengo eremua izango da elkarteen gunea, eta bertan herritarrek aukera izango dute elkartea aurrez aurre ezagutzeko, besteak beste. Jan edana ez da faltako txosnan. Horrez gain, ikuskizunen gunea ere izango dugu, eta gonbidatu bereziak izango dira, besteak beste izango ditugu Ttarla dantza taldeko kideak, Porrotx eta Marimototsek ere ikuskizuna eskainiko dute, eta Hernaniko Herburu erraldoi eta buruhandien konpartsakoak ere bertan izango ditugu. Parte hartzailea den gune bat ere osatu dugu, tailerren gunea deitu diogu. Familia guztiak parte hartzeko aukera izango du bertan, noski. Tartean izango da Kanika Aisialdi taldea". Iturri askotatik edan duen jaialdia izango dela aurreratu du Oiarzabalek: "Osotasunean denak bat egingo du apirilaren 27an, Hernanin".

Sentsibilizazio kanpaina

Jaialdiaz gain, sentsibilizazio kanpaina bat egin dutela ere azaldu du Oiarzabalek: "Ez dugu jaialdira bakarrik mugatu Bizipoza Jaia, eta horretarako lehenagotik lanketa bat eskaini nahi izan diogu. Horretarako, Bizipoza Elkarteko kidea den Nerea Godoy herriko eskola guztietako irakasleekin bildu da, Bizipoza eskola zer den azaltzeko, elkartearen filosofia azaltzeko eta horrekin batera, haurrekin saioak eskaini dituzte Porrotxek eta Zapotxinek, guztira bost. Pailazo eta haurren arteko hizkuntzan, hitz egin dute zer den Bizipoza".

Amaitzeko, "laguntza ongi etorria" dela aitortu dute denak eta boluntarioak ere behar direla adierazi du Markel Oiarzabalek. "Izan dugun prestutasuna harrotasunez begiratzen dugu. Hernaniar bezala harrotasunez hartu dugu, jaso dugu nahikoa, baina gehiago jasoko dugu. Oholtza beheko lana ere beharrezkoa da eta banakoak ongi etorriak izango dira. markel@bizipoza.eus helbidean lortu dezakete informazioa eta kafe bat hartu nahi duenak ere aukera izango du. 688 733 696 telefono zenbakian ere jarri daiteke gurekin kontaktuan laguntza eskaintzeko".

Jaialdi polita antolatuko du Bizipozak eta denak gonbidatuta daude apirilaren 27an Hernanira.