Eusko Legebiltzarrak mugikortasun jasangarriaren legea onartu zuen atzo, eta bertan, besteak beste, aldundiek eta udalek garraioaren sektorean iraunkortasuna sustatzeko neurri fiskalak eta finantzarioak aktibatzeko aukera jasotzen da. EAJ, PSE-EE eta PPren babesarekin atera zen aurrera araua, EH Bilduren abstentzioarekin eta Elkarrekin Podemos-IUren ezezkoarekin.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak defendatu zuenez, karbono-aztarna murriztea eta garraio publikorako sarbidea lehenetsiko duen sistema intermodal baterantz aurrera egitea omen dira legearen helburu nagusiak.

Onartutako testuak garrantzi handia izango duela azpimarratu zuen Iñaki Arriolak, “Euskadiko gizartearen egituraketa bideratuko duen garraio-sistema jasangarri, moderno eta etiketatua lortzeko”, Europar Batasuneko berotegi-efektuko gasen isurketen laurdena garraioak sortzen duela gogora ekarri ostean.

Arauak herritarren eskubideak eta betebeharrak jaso ditu, mugikortasun-estrategietan parte har- tzea, eta udalerriei ere, beren hirigintza-jarduerek mugikortasun iraunkorrean izango duten eragina kontuan hartzeko betebeharra zehazten die.

Lege-testuak mugikortasun jasangarriaren aurkako jarduerak eragotziko dituzten zerga- eta finan- tza-neurrien aukera ezartzen du, tasa, kanon edota zerga bidez, eta aldiz, atea zabalik uzten die ingurumena kaltetzen ez duten garraio-moduetarako hobari edo salbuespenei.

Horretarako, aldundiek eta udalek ekonomia- eta zerga-politikako tresnak aktibatu ahal izateko lege-esparrua ere proposatzen du.

Bestalde, arauak jasotzen duenez, Euskadin dauden garraio-tituluak elkarreragingarriak izan beharko dute onartu eta bi urteko epean. Gainera, garraio-txartel berriak sortuz gero, txartel horiek garraio publiko guztietan erabili ahal izateko konfiguratuta egon beharko dute hasiera hasieratik.

Oinezkoak lehenestea

Mugikortasun aktiboa sustatzearen alde ere egiten du lege berriak, oinez eta bizikletaz, eta, hori lortzeko, udalerriek hirigintza-plangintzatik sustatu beharko dituztela planteatzen du, besteak beste, kaleak, plazak eta etorbideak oinezkoek erabiltzea lehenetsiz.

Eraikin publikoek eta geltokiek bizikleta-aparkalekuak izan beharko dituzte ere bai, eta etxebizitza berriek garraiobide horretarako espazio seguruak eta babestuak.

Zehazten dituen herritarren eskubide eta betebeharren artean, edonon bizi arren garraio publikoa eskura izatea bermatzen da, eta ingurumena errespetatzen duen mugikortasuna bultzatzeko neurrien diseinuan parte-hartze publikorako bideak ere finkatzen ditu testuak.

Era berean, legeak Euskadiko eta hiru lurralde historikoetako mugikortasun iraunkorreko planak arautzen ditu, datorren hamarkadan zehar arlo horretan lan egiteko, betebehar hori 5.000 biztanletik gorako udalerrietara zabalduz.

Egitasmoen artean, lantokietako mugikortasun-planak ere jasotzen ditu arau berriak.