Elkanoko (Eguesibar) apaiza zelarik, Joakin Lizarragak 5.000 orri baino gehiago idatzi zituen 1771tik 1835a bitartean, artean. Eskuizkribu hauen lehen helburua Nafarroako udalerri askotan galbidean zegoen euskara gorde eta babestea zen, mezetarako sermoiak eta katixima emateko testuak gehienbat, herri hauetako apaizek eskura izan zezaten. Bere lanen txukuntasuna eta zehatasun maila kontutan hartuta, hala ere, pentsatzekoa da apaizaren asmoak mezetarako materiala sortzea baino haratago jotzen zuela. Lehen euskara modernoaren garaian kokatzen gara, Manuel Larramendik bere hiztegi hirukoitza plazaratu zuenekoa, euskararen lehen gramatizazioarena. Hala, Lizarraga euskaraz idatzi zuen nafar idazle bakarra izan zen bere garaian eta egun, dagoeneko desagertuta dagoen hegoaldeko goi-nafarreraren lekuko eta testigantza ia bakarra da bere lana.

Ibai Iriarte Goñi filologoak Elkanoko apaizari merezitako lekua eman nahi izan dio orri guzti hauetan aurkitutako 1.509 hitzen azterketa lexikoa Euskaltzaindiak plazaratutako argitalpen batean bilduz, bost urteko ikerketa lanaren emaitza. “Euskal letretan ezagutzen den idazlerik oparoenetariko bat” izan arren, Lizarraga ez zen garaikideak izan zituen bestelako izen handien maila berean sekula jarri euskal literaturaren historian. Iriartek azpimarratu bezala, aldiz, argi dago “garaiko idazleengan eragin zuzena izan zuela, bai eurengan bai beren lanetan ere”. “Hizkuntzari dagokionez, oso aberatsa da Joakin Lizarragaren lanek eskaintzen duten informazio iturria”, azpiamarratu du egileak argitalpenaren aitzinsolasean. Iruñerriko euskararen lekukotasun “baliotsu bezain zabala”, baliaturik, Nafarroa Garaiko euskara hobeki ezagutzeko bidea ere bada Iriarteren ikerketa.

Etxera itzulitako jesuita ohia

Joakin Lizarraga 1748an sortu zen, Elkanon. Iruñean ikasi zuen “entzute eta ospe handiko jesuiten Anuntziada ikastetxean”, gaur egun Hizkuntza Eskola dagoen eraikinean. Ikastetxe horretatik igaro ondoren Villagarcía de Camposera joan zen, Valladolidera, jesuiten ikastetxe nagusian nobiziotza egitera. Bigarren ikasturterako, ikasle bakarrik ez eta irakasle ere aritu zen jada, 18 urte besterik ez zituela. Gogotsu ekin zion, beraz, ikasketei.

Hala ere, laister iritsiko ziren trabak. “Lizarraga Villagarcían zegoela, jesuitak kanporatzeko agindua eman zuen Karlos III-ak. Nafarroako erregeak aita jesuita guztiak zuzenean kanporatzea agindu zuen, eta jesuita izateko ikasten ari ziren nobizioei erabakitzeko aukera eman zien: haiekin erbestera joan edo etxera itzuli eta, nahi izanez gero, beste kongregazioren batean sartu”. 1767a zen, eta hasieran desterruaren hautua egin bazuen ere, laster iritziz aldatu eta etxerako bidea hartzea erabaki zuen Lizarragak.

Jesuitak utzirik eta Iruñeko seminarioan apaiztu ondoren, 1771ean Elkanoko apaiz izendatu zuten, bertako parrokiako ardura hartuz. Azaroaren 1ean, Santu Guztien Egunean, bere lehendabiziko sermoia predikatu zuen, euskaraz. “Elkanoko parrokian ehun eliztar inguru elkartzen ziren. Hain kopuru murritza izanik, esan daiteke ez zela kudeatzeko zailenetarikoa”, azpimarratzen du ikerlariak. “Hala ere, Lizarraga ez zen alferkerian erori eta egunaren zatirik handiena ikasten eta predikazio lanak ontzen ematen zuen. Begi bistakoa da bere betebeharra ahalik eta hobekien egitea zuela helburu, eta hori ezagun dute prestaturiko materialaren kopuruak eta kalitateak”.

1835a arte etengabea izan zen bere jarduna. Ezagutzen den lehendabiziko eskuizkribua 1771koa da, eta azkena 1821ekoa. Bi urte horien artean, 5.000 orri inguru hartzen dituzten hamabost eskuizkribu utzi zituen idatzirik, guztiak erlijio gaiei buruzkoak. Tamalez, Lizarragak ez zuen sekula bere lanik argitaratzen ikusi. Bera hil eta 11 urtera plazaratu zen lehenengoa, Urteco igande guztietaraco platicac edo itzaldiac Nafarroan, Elcano deritzan errian, bertaco vicario jaun don Joaquin Lizarragac conpondu eta predicatuac izenekoa.

Elkanoko apaizaren eskuizkribuak “oso zainduak, oso txukunak” direla eta, Iriarteren susmoa da akaso argitaratzeko asmo bat ere bazegoela lan guzti horren atzean: “Zikinean idatziko zuen lehenik eta gero garbira pasa. Ez dakit hori egin ote zuen ondoren argitaratu ahal izateko, bere eskuizkribuetan esaten duen bakarra beste apaizek sermoiak emateko materiala edukitzeko egiten zuela baita, baina hala izan daiteke”.

Iruñerriko euskalkiaren gordailu

Lehen euskara modernoaren garaia izan zen Lizarragarena, 1745ean Manuel Larramendiren hiztegi hirukoitza plazaratu zenetik 1856ean Azkueren hiztegia argitaratu zenera arteko aroa. Larramendiren hizkuntza proiektua hiztegiarekin borobildu zen, baina aurretik gramatika eta apologia atera zituen. Garai hartan, izan ere, hizkuntzaren apologia egitea beharrezkoa zen hizkuntza horrek hiztegi bat edukitzea merezi zuela erakusteko. “Euskarari buruz, esaten zen basatien hizkuntza bat zela, ez zuela gramatikarik, eta abar. Larramendik, hartara, El imposible vencido. Gramática de la lengua vascongada deitu zuen bere lana, ezinezkoa zirudien hori gailendu zuela erakutsiz”.

Kulturaren eta erlijioaren arloan mugitzen ziren hainbat pentsalarik eta egilek beharrezkoa ikusi zuten hizkuntza babesteko ahalegia egitea, izan ere, garai horretan euskarak bere historiako atzerakadarik handiena jasan zuen. “Nafarroari dagokionez, atzerakada hori ez zen lurralde osoan zehar berdina izan: hego-mendebaldean ez zen aldaketa handirik izan, garaiaren hasieratik bukaerara euskararen muga Urbasa eta Andia mendilerroen hegoaldetik iparraldera igaro baitzen. Hegoalde eta hego-ekialdean, aldiz, atzerakada askoz ere larriagoa izan zen. Nafarroa mendebaldetik ekialdera gurutzatzen zuen euskararen mugak 1778an Tafalla eta Leireko mendilerroaren iparraldea ukitzen zuen eta 1863an Iruñea, Agoitz eta Garde. Hortaz, Lizarragak idatzi zuenean, Iruñerriko hegoaldean euskara galzorian zela pentsa daiteke”.

Europar gizartea, baina, Argiaren Mendea deritzonean zegoen orduko hartan, errenazimendu kultural betean. “Euskararekiko interesa piztu zen ikerlari batzuen aldetik, tartean Humoldt, Xaho edo Bonaparte”. Hala ere, Iriarteren hitzetan, “Lizarragaren obrak ez zuen haren tamainaren besteko entzuterik izan euskal letren munduan”. Bonaparte izan zen hura aztertu zuen lehenengoa, hego-nafarrerari begira. Euskalki hori hedadura geografikorik handienetakoa zela aipatu zion hark Emmanuel Tehodore Inchauspe hizkuntzalariari idatzitako gutun batean. Patxi Salaberrik ere aztertu zuen Lizarragaren lana, baita atsegin handiz irakurri ere, “ez, jakina, erakusten duten ortografia ederragatik edo egileak gaiak erabiltzeko zuen antze eta trebetasunagatik, han-hemenka aurkitzen ditugun bitxi linguistikoengatik, Iruñerriko euskararen berri ematen diguten erranairu, itzuli eta hitzengatik baizik”.

Izan ere, Iriartek berak ondorioztatu bezala, Lizarragaren oinordetzaren gakoa testu horietan gordetako hitzak berak dira, jada desagertutako euskalki baten azken aztarnak, iraganean hiltzatuta gelditu den nafar jendartea islatzen dutenak.