Donostia – Gipuzkoako Foru Aldundiak basa-fauna berreskuratzeko Urnietako Arizmendi finkan zabaldu zuen zentroak, Basabizik, 589 animalia artatu ditu lehenengo urtean, eta bertara etorri diren animalien ia %60 sendatu eta natur ingurunera itzuli ditu. Artatutako animalietatik %85 hegaztiak izan dira, %9 ugaztunak eta %6 narrastiak. Beraien ingurunean bizirauteko ezinduta dauden animaliak jaso, zaindu, mantendu eta berreskuratzeko helburuarekin sortu zen iaz Basabizi, helburu bera zuen Igeldoko Arrano Etxeak ateak itxi zituenean.

Gaur egun, espezie desberdinetako 31 animalia daude zentroan, besteak beste, hiru zapelatz arrunt, miru beltz bat, zenbait sorbeltz, belatz bat eta orkatz gazte bat. Bestalde, Basabizira hilda agertzen diren basa-faunaren aleak ere ekartzen dituzte, eta beharrezkoa den kasuetan heriotzaren kasuak aztertu eta nekropsiak ere egiten zaizkie, Gipuzkoako basa-faunako espezieen osasun egoeraren jarraipena egitea ahalbidetuz.

Atzo egindako bisitan, lehen urtearen balantze “oso baikorra” egin zuen Eider Mendoza diputatu nagusiak, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua, eta Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak eta teknikariak lagun zituela. “Basa-fauna berreskuratzeko lanean aro berri bat zabaltzeko aukera eman digu Basabizik. Zenbakiek garbi erakusten dute orain urtebete egindako apustuak merezi izan duela, eta hasi berri dugun legealdi honetan ere, zentro hau erreferentzia garrantzi-tsua izango da natura ingurunearen eta biodibertsitatearen aldeko lana sustatzeko, oreka berdearen lehentasun estrategikoaren baitan”.

Animaliaren bat zaurituta topatuz gero, ez ukitzea eta/edo ez manipula-tzea gomendatzen da, eta lehenbailehen horren berri ematea Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzako

Kontaktua

943 000 420 telefonoan, zaintza zerbitzuak jaso eta zentrora eraman dezan; ondoren sendatu, eta ahalik eta lasterren bere ingurune naturalera itzuli ahal izateko.

Basabiziko lantaldean bost langile daude: albaitari bat, albaitaritzako hiru laguntzaile kliniko eta beste langile bat. Horiek guztiak Basa Animalien eta Landareen Foru Zerbitzuak koordinatu eta gainbegiratzen ditu. 5.000 metro karratuko instalazioetan honako zerbitzu hauek eskain-tzen dituzte: harrerako modulu bat, urteko 365 egunetan 24 orduz animaliak hartzeko aukera zabalik duena, baita zentroa itxita dagoenean ere; modulu kliniko-administratiboa, X izpiak, inkubagailuak, eta operazioak nahiz analisiak egiteko ebakuntza gela ere badituena; bulego bat; biltegi bat; eta ugaztunak zein hegaztiak hartzeko boxen lerro bat.

Basabizin fringilidoen familiako hegaztientzako kaiola berezi bat ere badago, hegan egiteko ahalmena berreskuratzeko espazio zabala duena, baita uretako animalientzako biltegi bat ere. Aldundiaren mintegiak eskaintzen diren Arizmendiko finkan hainbat lan egin behar izan zituzten Basabizi zentroa egokitzeko. Esate baterako, berotegietako batzuk hegaztientzako hegaldi-leku gisa prestatu zituzten. Lan horiek Europako Interreg programaren finan-tzaketa jaso zuten. Gainera, premiarik edo egoera berezirik gertatuz gero, instalazioek badute inguruan hazteko nahikoa leku.